HAPO osatzeko herritarren proposamenak jasoko dituzte urtarrilaren 12an

2021/01/04

Online saioa izango da, eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Etxebizitza, espazio publikoa edota ekipamenduei lotutako proposamenak bildu nahi dituzte, besteak beste. Proposamen-saioa urtarrilaren 12an egingo da, arratsaldeko 18:00etan.

Zumaiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria osatzeko prozesuan murgilduta jarraitzen du. Azaroaren hasieran egindako diagnostiko-saioetako edukiak aztertu eta gero, proposamen-saioa egingo da hurrengo asteartean. Ekarpen horiek guztiak jaso ostean, Aurrerakina deritzon dokumentua osatzeari ekingo diote.

Bizi dugun osasun egoera dela-eta online saioa izango da, eta helburu nagusia herritarren ekarpenak jasotzea izango da. Etxebizitza, espazio publikoa, mugikortasuna, ekipamenduak eta jarduera ekonomikoak izango dituzte hizpide, gai horiei buruzko herritarren ekarpena jasotzeko. Aurkezpen labur bat egin eta gero 6-8 pertsonako taldeak osatuko dituzte. Dinamizatzaileek azaldu dutenez, gazteleraz parte hartzeko aukera ere egongo da saioan, eta beharrezkoa bada, hizkuntzaren araberako taldeak egingo dituzte. 

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena, lotura honetan. Izena emateko azken eguna urtarrilak 11 (astelehena) izango da.

Urtarrilaren 12ko saioa Zoom plataformaren bidez egingo dute, eta honakoa da saiora sartzeko erabili beharreko lotura: https://zoom.us/j/94880914851.

EMAN IZENA

HAPO, oinarrizko tresna

HAPO (Hiri Antolamendu Plan Orokorra) udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da. Erreminta juridiko honek udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko ditu; eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu. Hala, udalerriko eremu eta alor ugari zeharkatuko ditu planak, eta 8-12 urte bitarteko indarraldia edukiko du.

HAPO osatzeko prozesuak lau urte iraungo ditu eta hainbat fase izango ditu. Prozesu osoan zehar, ezinbestekoa izango da herritarren ekarpena; horretarako, esparru eta kolektibo desberdinetako herritarren iritziak jasoko direla bermatuko du Udalak, parte hartzeko modu eta espazio anitzak sortuz.

Informazio gehiago Zumaiako HAPO berriaren web-orrialdean: https://hapo-zumaia.eus/