Francoren 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omenduko dituzte abenduaren 16an
Ekitaldia abenduaren 16an (larunbata) izango da, eguerdiko 12:00etan. Familiartekoak izango dira bertan, eta Udalak herritar oro gonbidatzen du ekitaldira. Horrekin batera, oroimen monolitoa jarriko da Gernika parkean, garai hartan fusilatuta edo faxismoaren aurka borrokan hildako zumaiarren izenekin.
Abendu hontan 1936ko Francoren altxamendu faxista eta historiako momentu hartan gertatutakoa oroitzeko tartea izango da Zumaian. Altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omentzeko ekitaldia egingo du Udalak, hildakoen familiartekoekin eta herritarrekin batera. Ekitaldia abenduaren 16an (larunbata) izango da, eguerdiko 12:00etan Gernika parkean.
Lekua ez dute ausaz aukeratu. Izan ere, aurrerantzean, memoria-gune berria izango du Zumaiak Gernika parkean, lehen Gernikako arbola zegoen leku berean —Zumaiako Udalak parkeko beste eremu batean jarri zuen arbolaren kimu berri bat, duela urtebete, 2022ko abenduan—. Bertan monolito bat jarriko du Udalak, 1936ko altxamenduaren ondoren faxistek fusilatu zituztenen, eta frankismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildakoen izenak bilduko dituena.
Hildakoen familiartekoei oharra: Zumaiako Udala zerrendan dauden pertsonen familiarteko askorekin harremanetan jarri bada ere, ez du lortu guztiengana iristea. Hori horrela, hildako baten familiartekoa izatekotan, eta gaiaren inguruan argipenen bat nahi izanez gero, Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura deitu dezakete (943 86 50 25).
Oroimena eta Giza Eskubideak Zumaian (1936-1959) txostenaren aurkezpena, abenduaren 19an
2019an argitaratu zuen Zumaiako Udalak Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa lana. 2023 urtean zehar, 1936tik 1959ra bitarteko aldi hura areago ikertzen eta orduko memoria historikoa osatzen jarraitu du Udalak, fundazio beraren eskutik. 2019an argitaratutako ikerketatik eta argitalpenetik abiatuta, identifikatuta dauden 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatu dira, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen frankismoko garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera. Eta, bestalde, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lana egin da.
Txostenaren ingurukoak azaltzeko Javier Buces Aranzadi fundazioko historialari eta ikerlariak hitzaldia eskainiko du abenduaren 19an (asteartea), 19:00etan Alondegiko Oxford aretoan.
Txosten horretan Gerra Zibila nahiz gerraosteko errepresioa, atzeguardian emakumeen aurka eragindako errepresioa eta kanporaketak, erbestea, fusilamenduak eta desagerpenak, gerra kontseiluak eta epaiketak, ihes egindakoak eta desagertutakoak, errepresio ekonomikoa, garbiketak, atxilotuen esparruak eta errepresio lausoa izan dituzte aztergai lan hartan, eta liburuxka batean kontsultatu daiteke informazio guztia.
Albiste erlazionatuak
Memoria
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13