Udalak akordioa lortu du Hezkuntza Sailarekin, Aita Mari eraikinean haurreskola, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko
Bazkariak eskolan bertan kozinatzeko aukera emango du azpiegitura berriak. Haurreskola berria Aita Mari eraikinean kokatuta, 0-18 urte arteko hezkuntza publikoko eskola guztiak Aita Mari-Sagarbide eremuan bilduko dira.
Udalak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa izenpetu dute, Herri Eskolako Aita Mari eraikinean haurreskola berria kokatu, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko. Bi aldeak, hezkuntza komunitatearekin batera, espazioen banaketaren inguruko lanketa egiten ari dira.
Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziaren arabera, legealdi hasieratik martxan ipinitako lanen emaitza da akordio hau. Gobernura iristean bi erronka nagusi jarri zituzten: “Alde batetik, Guraso Elkartea aspalditik ari den lanketa eta eskakizunei jarraiki, jangelaren inguruko lanketa egitea, etorkizunean Herri Eskolako haurren bertan sukaldatutako janaria bazkaldu dezaten, eta, bestetik, Arrangoletako behin behineko haurreskolaren egoera konpontzea”.
ZHEko zuzendari den Antxon Etxeberriarentzat “gauza garrantzitsua da” sukalde eta jantoki berria egiteko erabakia. Izan ere, “hezkuntza komunitatetik bultzatutako ekimena da, Guraso Elkarteak mahai gaineratutako behar bat”. Etorkizunean pauso gehiago emateko oinarriak jartzen dituela uste du. Bestelako beharrak ere txertatuko dituzte espazioaren berrantolaketan: irakasle gelan eta zuzendaritzaren gelan irakasle taldeak eskatutako aldaketak.
Gaur egun kanpotik prestatuta ekartzen dute janaria Zumaiako Herri Eskolara. Sukalde berriarekin, janaria bertan prestatu ahal izango da. Iñaki Ostolaza alkateak azaldu duenez, horrela jarraitu edo aldatzearen erabakia Guraso Elkarteari dagokio, baina “ikusita gero eta leku gehiagotan janaria bertan prestatzen hasi direla, helburua da horretarako beharrezko azpiegitura bermatuta uztea”. Hori horrela, egunen batean Guraso Elkarteak jantokiko zerbitzuan aldaketak egin nahiko balitu, prest izango lituzke horretarako baldintzak dituen sukaldea.
Haurreskola berria Aita Mari eraikinean
Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziak azaltzen duenez “legealdi planean jaso genuen Arrangoletako behin behineko haurreskolaren egoera konpondu behar zela, azpiegitura egoki bat eskainita”. Udal Gobernura iristearekin batera eragileekin biltzen hasi ziren, hala nola haurreskoletako hezitzaileekin eta Partzuergoarekin, Herri Eskolako arduradunekin...
Alternatiba ezberdinak aztertu ondoren haurreskola berria Herri Eskolako Aita Mari eraikinean bertan egitea hobetsi zuten, azpiegitura aldetik posible zelako eta gurasoei begira adin ezberdinetako seme-alabak eraikin berdinean izatea abantaila dela iritzita. “Behin erabaki hori hartuta, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo genuen gure proposamena azaltzeko, eta hilabeteetako elkarrizketen ondoren, ontzat jo dute”, azaldu du.
Bestalde, Iñaki Ostolaza alkateak adierazi du akordio honekin eta DBHko eraikin berriarekin Zumaian 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak egokituko direla espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia. Horregatik, Zumaiari begira estrategikotzat jo du lortutakoa.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Hezkuntza
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- [BIDEOA] ZHEko Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritu du Udalak 2024/10/31
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
- 360.000 euroko dirulaguntza lortu du Udalak, Aita Mari eraikina eraberritzeko 2024/06/27