360.000 euroko dirulaguntza lortu du Udalak, Aita Mari eraikina eraberritzeko
Zumaiako Udalak 591.264 euroko inbertsioa egin du guztira Herri Eskolako Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritzeko; helburuak dira eraikinaren lehen solairua modernizatzea eta egungo diseinu-kanonetara egokitzea, baita eraikinaren efizientzia energetikoa hobetzea ere. Hezkuntza Sailak emandako dirulaguntzarekin, nabarmen jaitsi da Udalak egin beharreko ahalegin ekonomikoa.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zumaiako Udalari dirulaguntza ematea onartu zuen joan den astean: guztira 360.000 euroko dirulaguntza lortu du Herri Eskolako Aita Mari eraikina eraberritzeko. Obrak ekainaren hasieratik daude martxan, eta eraberritze-proiektuaren ardatza eraikinaren lehen solairua da, gaur egun Lehen Hezkuntzako lehen zikloa dagoen tokia; eremu hori egungo diseinu-kanonetara egokituko da, heziketa-eremu atseginagoa sortzeko.
Zumaiako Udalak 591.264 euroko inbertsioa egin du guztira, eta, lortutako dirulaguntzari esker, nabarmen jaitsi da Udalak egin beharreko ahalegin ekonomikoa.
Eraberritze-proiektuaren xehetasunak:
Aita Mari eraikinaren eraberritze-proiektuan hiru zutabe esanguratsu ditu:
- Ikasgelen antolaketa: Gaur egungo 4-4 ikasgela-antolaketa mantenduko dira, eraikinaren hegoaldean 3-4 urte bitarteko umeentzako lau ikasgelarekin eta iparraldean 4-5 urte bitarteko umeentzako beste lau gelarekin. Klase bakoitzak ikuspegi zehatza izango du: matematika eta zenbakiak, zientziak eta natura, espazio artistikoa eta hizkuntzak. Banaketa horrek esplorazioa eta ikaskuntza aktiboa eta integratua sustatzen ditu.
- Hobekuntzak energia-isolamenduan eta energia-eraginkortasunean: Eraikinaren isolamendu termiko eta akustikoa hobetuko da eta instalazio elektrikoa aldatuko da energia-kontsumoa murrizteko.
- Hezkuntza Komunitatearekiko lankidetza: Diseinu berria Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Gurasoen Elkartearekin elkarlanean garatu da, espazioak ikasleen beharrei erantzuten diela ziurtatuz.
Hurrengo urratsak: haurreskola, eta sukalde eta jantoki berriak
Zumaiako Udalak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa izenpetu zuten 2021 amaieran, Herri Eskolako Aita Mari eraikinean haurreskola berria kokatu, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko. Bi aldeak, hezkuntza komunitatearekin batera, espazioen banaketaren inguruko lanketa egiten aritu dira ordutik. Zumaiako Udalak dagoeneko prest dauka hitzarmenaren zirriborroa, eta aste honetan bertan igorriko du Eusko Jaurlaritzara. Honakoak onartuko balu, hurrengo pausoa proiektua lizitazioa izango litzake; ondoren etorriko litzake obra.
Azken urteotan bestelako hobekuntzak ere egin ditu Udalak hezkuntza publikoaren azpiegituretan: Aita Mari eraikineko jolastoki berriak eta bi sarrera nagusien hiritartzeak dira horietako batzuk. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean beste bi lan garrantzitsu garatu dira: Herri Eskolaren Sagarbide esparruan erabilera anitzetarako aterpea eraiki da, eta, dagoeneko oso aurreratuta daude DBHko eraikin berriaren lanak.
Lan horiek guztiak ildo estrategiko bati erantzuten diote: Zumaian 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak egokitzen ari dira espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia.
Albiste erlazionatuak
Hezkuntza
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- [BIDEOA] ZHEko Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritu du Udalak 2024/10/31
Herri hezitzailea
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04