Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan
Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuan jaso denari jarraiki, bertan behera geldituko dira aforoari neurtutako arauak. Kiroldegira joateko ez da txanda hartu beharko aurrerantzean.
LABI batzordeak hartutako erabakiarekin bertan behera geratu da osasun larrialdia, eta orain arte indarrean izan diren neurri murriztaile gehienak indargabetuta geratu dira. Besteak beste, espazioetako edukieran, kultur eta kirol ekitaldietan eta ostalaritzan aldaketak eragin ditu aro berriak.
Zumaiako udal zerbitzuei dagokionean, aldaketa handienak kiroldegian eta kultur arloan izango dira. Kiroldegira joateako, aurrerantzean, ez da txandarik hartu beharko. Aldagelei dagokionez, orain arteko antolaketa sistemarekin jarraituko da: eremu edo jarduera-gune bakoitza erabiltzean, bertako aldagela soilik erabili ahal izango da. Halaber, funtzionamendu arrunta berrezartzen denez, urtarriletik aurrera bazkideek kuotaren %100a ordaindu beharko dute.
Kultur arloan ere eragin nabarmena izango du azken erabakiak, orain arteko aforo arauak bertan geratuko baitira. Horrenbestez, kultur ekitaldietarako sarreren lehengo funtzionamendua berreskuratuko da. Hala, sarrera duten ekitaldietan, herritarrek bi aukera izango dituzte: sarrera aurrez turismo bulegoan erostea eta, sarrerarik geratuko balitz, sarrera ekitaldiaren hasieran aretoan bertan erostea. Edonola ere, sarrerak aurrez erosteko aholkua ematen du kultur sailak. Doako ekitaldien kasuan, ekitaldi bakoitza iragartzean zehaztutakoa jarraitu beharko dute herritarrek.
Azkenik, arau gehienak bertan behera gelditu badira ere, Zumaiako Udalak gogorarazi nahi du kirol eta kultur espazio itxietan, maskara erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraitzen duela. Halaber, osasun neurri orokorrak betetzen jarraitzea eskatu nahi die herritarrei.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zesta punta eta esku pilota jaialdi ikusgarriak izango dira datozen bi asteetan Aitzuri pilotalekuan 2025/04/08
- Trafikoa etengo da datorren asteazkenean, Euskal Herriko Itzulia dela-eta 2025/04/04
- Salgai daude santelmoetako esku pilota jaialdi profesionalerako sarrerak 2025/03/26
- Zabalik dago kirol arloko elkarte eta taldeei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea 2025/03/07
Kultura
- Zabalik dago kultur arloko dirulaguntzak eskatzeko epea, apirilak 26 arte 2025/04/15
- Dena prest santelmoetarako! 2025/04/09
- Zabalik dago ekaineko artisau azokan parte hartzeko eskaera egiteko epea 2025/04/08
- Joseba Zulaikaren eta Jule Goikoetxearen bisitak izango dituzte 'Irakurri matte' irakurle taldean udaberri honetan 2025/03/17