Ate ireki saioak egingo dituzte Gaztegunean

2022/09/07

Ikasturte berriarekin batera, Gazteguneak irailaren 15ean zabalduko ditu ateak. Hori baino lehen, erabiltzaile berriek, eta haien guraso eta tutoreek, zerbitzua ezagutzeko aukera izango dute irailaren 13an eta 14an.

Urtero bezala, Gazteguneak ateak zabalduko dizkie ikasturte honetan 12 urte beteko dituztenei (DBH1ean hasitakoak edo 2010ean jaiotakoak), Gaztegunea eta bertako hezitzaileak ezagutu ditzaten. Haien guraso eta tutoreek ere zerbitzua eta hezitzaileak aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte.

Honakoak dira antolatu dituzten saioak:

  • IRAILAK 13, ASTEARTEA: 17:00-20:00. Guraso eta tutoreei zuzendutako ate irekiak. Arratsaldean zehar nahi dutenean pasa ahal izango dute gurasoek.
  • IRAILAK 14, ASTEAZKENA: 17:00-20:00. 2010ean jaiotako nerabeentzat ate irekiak. Arratsaldean zehar nahi dutenean.

Gaztegunean izena eman nahi duen nerabe orok izen-emate orria bete beharko du. Horretarako bi modu egongo dira: batetik, e-mail bidez bidaltzea eta bestetik, Gaztegunean bertan orria betetzea.

Gaztegunea

Gaztegunea 12-17 urte bitarteko nerabeentzat osatutako eskaintza publikoa da, nerabeei behar bezalako arreta eman nahi dien erreferentziazko tokia. Gaztegunean bertan, alde batetik zuzendutako ekintzak eramaten dira aurrera: tailerrak, txapelketak, eskulanak, jolasak, sukaldaritza... eta bestetik, gazteek beren kasa ekintza libreak egiteko aukera izaten dute autonomia eta autokudeaketa garatzeko.

Lauhilero gai orokor bat lantzen da ezagutzak helarazteaz gain, euren iritzi kritikoa aktibatzeko: sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak, emozioak… Eta opor garaietan programazio eta ordutegi berezia eskaintzen da: egunpasak, gaua pasatzera, kirol-jarduerak…