DardaraFest jaialdia ospatuko da bihar, Zumaiena ikastetxeko aretoan

2020/08/28

Larunbat honetan, abuztuaren 30ean, izango da 2020ko DardaraFest jaialdia. 18:00etatik aurrera Nago ta ni, Moura eta Natali taldeen kontzertuak izango dira Zumaienan. Oraindik gonbidapenak eskura daiteke turismo bulegoan.

DardaraFest 2020 musika jaialdia larunbat honetan ospatuko da; eguraldiaren aurreikuspenak direla eta, Zumaiena ikastetxeko aretoan izango dira kontzertuak. Natali, Moura eta Nago ta ni musika taldeak izango dira oholtza gainean, 18:00etatik aurrera.

Egun bizi dugun osasun egoera dela eta, hainbat neurri bete beharko dituzte ikusleek. Kultur ekitaldietan betetze-maila neurtu behar denez, beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena hartzea, eta ikusleek hainbat neurri bete beharko dituzte ekitaldian zehar; jakinarazi dutenez, oraindik gonbidapenak eskuragarri daude turismo bulegoan.

Gainera, kontzertura garaiz joan beharko dute ikusleek. 17:30ean irekiko dituzte ateak, eta musikazaleak pixkanaka eseriko dira aulkietan. Kontzertuek irauten duten bitartean ikusleek eserita eta maskara jantzita egon beharko dute. 18:00etan hasiko dira kontzertuak, Natali musika taldearekin; jarraian Mouraren kontzertua izango da, eta ostean, 20:15 inguruan, ordu erdiko etena egiteko aretoa hustuko dute. Azkenik, 21:00etan hasiko da Nago eta ni talderen kontzertua.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aretoan ezin izango da edaririk edo janaririk sartu.