Urtarrilaren 31n hasiko da ‘Zaindu Urola Kosta’ prestakuntza programaren teleformazioa

2024/01/16

Programa honen bitartez zaintza arloan lana egiteko profesionaltasun ziurtagiria eskuratuko dute parte-hartzaileek. Izena emateko interesa dutenek Oteitza Lizeo Politeknikoarekin jarri behar dute harremanetan.

Zaindu Urola Kosta” ekimena, zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko herritarrei zuzenduta dago eta helburu du eskualdean zaintza arloan dauden edo egon nahi duten zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barneratzea, sektorea profesionalizatzeko bidean.

Prestakuntza ekimen hau 2022ko abenduan abiatu zen eta denbora horretan 61 ikasle izan ditu, aurrez-aurreko zein teleformazioko modalitatean banatuta. 370 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa da eta 80 orduko praktika prozesua eskaintzen du. Praktikaldiak, gainera, eskualdeko erakunde edota egoitzetan egiten dituzte ikasleek. Une honetan, esaterako, parte hartzaile batzuk dagoeneko amaitu dute prestakuntza eta lanean ari dira, beste batzuk praktiketan daude eskualdeko egoitzetan eta beste batzuk prestakuntza teorikoarekin jarraitzen dute.

Ekimena “Elkar-EKIN Lanean" proiektuaren barnean kokatzen da. Enplegagarritasun eta Aktibazio Inklusiboko estrategia bat da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen dute.

Urtarrilaren 31n, teleformazio modalitatearen hasiera

Datozen asteotan, teleformazioari dagokion Lanbide ziurtagiria jarriko da martxan eta eskainiko den prestakuntza, Lanbide Ziurtagiri osoa izango da: SSCS0208 Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte-eta osasun arreta (2. Maila) profesionaltasun ziurtagiria.

Ikastaroa urtarrilaren 31n abiatuko da eta urrira arte luzatuko da. Teleformazio modalitatea izanik, ez du ordutegi finkorik izango, hau da, ikasle bakoitzak bere erritmora egin ahal izango du ikastaroa. Hala eta guztiz ere, azterketak eta hainbat saio aurrez-aurrekoak izango dira, Oteitza Lizeo Politeknikoan (Zarautz).

Izen ematea

Izen ematea zabalik dago jada eta interesdunek Oteitza Lizeo Politeknikoko idazkaritzara deitu behar dute: 943111000 (Ainhoa).

Zaindu lan poltsa

Zaintza sektoreari eta prestakuntza programa honi lotuta ere, aipagarria da Urola Kostako Udal Elkarteak, programan parte hartzen duten eragileekin batera martxan jarritako Zaindu lan poltsa.

2023ko martxoan ekin zion ekimen honek, hain zuzen zaintza sektoreko eskaintzak kudeatzeko eta zaintza sektorean lan egin nahi duten langileak lan poltsan izena emateko, sektorean dauden eskaintzei ahalik eta erantzun azkarrena eta hoberena emateko.

Lan poltsa hau zaintzaileak behar dituzten familiei zein erakundeei edota zaintza sektoreko eskaintzetan parte-hartu nahi duten langileei zuzenduta dago.

Lan poltsan izena emateko, edota zaintzaileak lortzeko, nahikoa da 943 89 08 08 telefonora deitzea edota lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idaztea (Olaia Sainz / Vanesa Garcia).

Zaintzaileen kasuan, behin izena emanda, pertsona hauek lehentasuna izango dute eskaintzak kudeatzeko unean. Hori horrela, zaintza arloko eskaintza bat dagoenean, posta elektroniko bitartez jasoko dute horren berri, baita lanpostu horretan izena emateko jarraibideen berri ere.

Argibideak edota informazio gehiago jasotzeko

Urola Kostako Udal Elkartea

Enplegu zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz)

  • Tel. 943890808

  • lanpoltsa@urolakosta.eus