Gai zehatzei begira jarriko dira 'Zumaian zaintza zaintzen' prozesuaren hurrengo fasean

2024/03/05

Ostegun honetan egingo dute lehenengo saioa, zaintzaren ikuspegitik etxebizitza eredu desberdinen inguruan hausnartzeko. 09:00etan elkartuko da Prebentzio Mahaia, oraingoan, Ludotekan. Saio honetan, edo, oro har, prozesuan parte hartzeko interesa dutenak Prebentzio Mahaiarekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte (gizartelangilea@zumaia.eus e-mailera idatzita).

Zumaiako Prebentzio Mahaiak eta Udalak prozesu integral bati ekin zioten iaz, herrian zaintzaren eta zaintza lanen sistema birpentsatzearen eta berregituratzearen garrantziari buruzko kontzientzia gero eta handiagoari erantzunez. Helburua da zaintza sistema berrikusi eta berpentsatzea, gizartearen beharrei eraginkortasunez aurre egiteko eta ikuspegi inklusiboagoa eta ekitatiboagoa izango duen eredua sortzen hasteko.

2023an zaintzaren inguruko hainbat eztabaida saio egin eta gero, zaintzaren eta zaintza lanen inguruko diagnostikoa egin zuen Elhuyar fundazioak, baita 2023-2027 legeaaldi begirako ekintza plana ere. Orain, oinarri horien gainean, zaintzaren ikuspegitik aztertuko dituzte lau gai zehatz. Helburu nagusia da Zumaian zaintzaren aferari erantzuten dion ekintza-plana garatzea, udalaren, herritarren eta zaintzaileen sare kolektiboa indartuz.

Horretarako, ekintza-planean identifikatutako lehentasunezko lau gaiak lurreratzeari eta garatzeari ekingo dio Prebentzio Mahaiak. Honakoak dira aukeratu dituzten gaiak:

  • Zaintza kontutan hartuko duten etxebizitza eredu berriak
  • Erresidentzia eta eguneko zentroetarako eredu berriak
  • Gizonen inplikazioa zaintza lanetan
  • Zumaiako askotarikoen arteko harremanen eta topalekuen sustapena (belaunaldiartekotasuna eta jatorri aniztasuna kontutan hartuta, besteak beste)

Fase berriko lehenengo saioan etxebizitza ereduetan jarriko dute arreta. Hainbat esperientzia positibotan jarriko dute arreta lehenengo, eta Udalak martxan dituen proiektuak aurkeztuko dira gero; hausnarketa kolektiboa egingo dute jarraian, ideia zaparradaren bidez Zumaian martxan jarri daitezken egitasmo edo ekintzak pentsatzeko. Saioa ostegun honetan izango da (martxoak 7), 09:00etatik 12:00etara bitartean, oraingoan, Ludotekan.

Saio honetan, edo, oro har, prozesuan parte hartzeko interesa dutenak Prebentzio Mahaiarekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte (gizartelangilea@zumaia.eus e-mailera idatzita).

Prebentzio Mahaiak gidatutako prozesua

2023an zehar zaintzaren arloko lanketa gidatzeko koordinazio mahaia eratu zutuen Prebentzio Mahaiak eta Zumaiako Udalak. Koordinazio mahaia eratu ondotik, hainbat saio zabal egin zituzten 2023an zehar, Elhuyar fundazioaren bidelaguntzarekin.

Gizarte zerbitzuetako, osasun arloko eta nagusien egoitzetako ordezkari eta langileak, herriko eskoletako ordezkariak, zaintza lanetan zein boluntario moduan aritzen diren herritarrak, Nagusien Mahaiko kideak, mugimendu eta talde feministetako kideak... parte hartu dute prozesu osoan zehar, baita udal ordezkari eta teknikariak ere. Gainera, bigarren pauso garrantzitsu moduan, zaintzaren eta zaintza lanen inguruko diagnostikoa egin zuen Elhuyar fundazioak 2023an zehar, herritarrek erantzundako galdetegietan eta bestelako datuetan oinarrituta. Jardunaldi bat ere egin zuten, herrian zaintza lanen bueltan martxan dauden prozesuen berri eman, eta, eragile guztien arteko ezagutza sustatu eta sareak indartzeko.

Zumaiako Prebentzio Mahaia, Zumaiako herritarrekin lan egiten duten herriko hainbat erakunde elkartzen dituen sarea da. Erakundeen artean helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko elkartzen da Mahaia. 2010. urtetik dago abian, eta bide horretan eboluzio handia izan du. Gai mordoa jorratu dituzte bertan eta askotariko partaideak izan ditu. Gaur egun, bertan parte hartzen duten eragileek elkar hobeto ezagutu, koordinatu eta indarrak batzen dituzte, bakoitzak bere eremutik arrisku adierazleak identifikatuta helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko.