%3ko igoera udal tasa eta zergetan, 'murrizketarik gabeko kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko’
Udalak ematen dituen zerbitzu publikoetan murrizketak ekidin eta kalitatezkoak direla bermatzeaz gain, erronka estrategikoei lotutako inbertsioak ahalbidetzeko neurriak aplikatu dira 2024rako ordenantza fiskaletan. Hala nola, TAO sistemari lotutakoak, eta etxebizitza hutsen errekarguan.
Iraileko osoko bilkuran ordenantza fiskalak landu zituen Zumaiako udalbatzak. Sarrera horren ondotik heldu zioten 2024rako ordenantza fiskalen gaineko eztabaidari. 2024rako udal tasa eta zergetan %3ko igoera aplikatzea erabaki zuten, zenbait salbuespenekin (ikusi xehetasunak Aldaketa nagusiak atalean), EH Bilduren aldeko 10 botoekin, eta oposizioko bi alderdien abstentzioarekin. Gaur egungo KPItik oso gertu dagoen igoera da hori, eta, Udal Gobernuaren esanetan, Zumaiako Udalak gaur egun duen egoera ekonomiko ona mantentzea da helburua.
Udal Gobernuak proposamena helarazi zien oposizioko bi alderdiei, eta horiek egindako zenbait emendakinei baiezkoa ematea erabaki du. EAJk hiru emendakin aurkeztu zituen osoko bilkuran, eta PSE-EEk beste bi.
> 2024rako ordenantza fiskalak: behin-behineko dokumentua
Unai Larrañaga ogasun zinegotziak azaldu zuenez, ordenantza fiskal berriak sortzeko bi irizpide nagusi hartu dituzte kontutan: alde batetik, politika sozialak sendo mantenduz egoera zaurgarrienean dauden herritarrak babestea; eta, bestetik, Zumaiak dituen erronka eta inbertsioei aurre egiteko Udalaren egoera finantzieroa osasuntsu mantentzea. “Proiektu garrantzitsuak ditugu eskuartean, eta, horiek guztiei aurre egiteko, herritar guztion ekarpena ezinbestekoa da”, azaldu zuen.
Azkenik, nabarmendu zuen ogasun arloan, legealdi honetarako, bi helburu nagusi ezarri dituztela ekitatea lortze aldera: batetik, progresibitatean sakontzen jarraitzea (hau da, gehien duenak ekarpen handiagoa egitea); eta, bestetik, udal ordenantza zein aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzea.
Aldaketa nagusiak:
Zerbitzuen eguneratzeari dagokionez, honakoak dira aldaketa nagusiak:
1. Uraren tasak:
Gipuzkoako Urak kontsortzioak %11ko igoera aplikatuko dio Zumaiako Udalari. Horri aurre egiteko, eta kopuru baxuagoan bada ere, igoera egingo da tasetan ere. Etxeko eta nekazaritza eremuko kontsumo-tarteen kasuan, %3ko igoera aplikatuko da, eta %8ko igoera kontsumo ez etxetiarren kasuan. Aplikatuko den igoera hau herritarrentzat zein komertzio txikientzat jasangarria dela uste du Udalak, fakturan sumatuko duten igoera baxua izango delako.
Halaber, Udalak gogorarazi nahi du Zumaia ez dagoela uraren Ziklo Integralean sartuta, eta horrek dakarrela Zumaiarren uraren fakturak inguruko herrietakoak baino baxuagoak izatea. Izan ere, Udala egiten da gastu ez zuzen eta inbertsioen kargu.
EAJk emendakin bidez proposatu du 50 metro kubiko arteko gastua dutenen kasuan igoera %3koa izatea, eta hortik aurrerakoen kasuan igoera %8koa izatea. Udal Gobernuak ez dut ontzat eman proposamena, eta emendakina ez da aurrera atera.
2. Hilerriko tasak:
Hilerriko udal tasak eguneratu egingo dira, aspalditik mantendu izanak errealitatetik eta inguruko herrietan aplikatzen diren kopuruetatik urrunegi egotea ekarri dutelako.
Horiez gain, ildo estrategikoei lotutako bi aldaketa nagusi ere egingo dira 2024ana, trafikoaren erregulazioari eta etxebizitza politikei lotutakoak:
1. TAO erregulazioan aldaketak
TAOren barruan, bi aldaketa nagusi egongo dira, eta neurri hauen helburua da herri barruko trafiko karga arintzea. Batetik, errotazio altuko guneetako tarifetan igoera aplikatuko du Udalak, batez ere gehienezko denbora-mugatik gertu dauden ataletan. Egonaldi luzeko guneak indartu nahi dira neurri honekin.
Bigarrenik, Zumaian erroldatu gabe daudenen TAO txartelen kuotaren prezioa igo egingo da. Orain arte 15 euro ordaintzen zituzten, eta, aurrerantzean, 60 euro oraindu beharko dira.
Udal Gobernuaren proposamena zen lehenengo autoaren kuotaren prezioa 20 eurokoa izatea; eta, bigarren autoagatik 30 euro ordaintzea. EAJk eta PSE-EEkemendakin bidez proposatu dute tasa gehiago igotzea, 60 eurora arte auto bakoitzaren prezioa, eta hiru alderdien aldeko botoarekin onartu da emendakina
2. Etxebizitza hutsen errekarguan igoera:
Etxebizitza politikaren sustapenarekin jarraitzeko, etxe hutsen errekargua igo egingo da, %100era. Udalaren azken urteotako erronka nagusienetako bat da hutsik dauden etxeak alokairura bideratzeko neurriak hartzea. Hori horrela, aurrerantzean errekargu handiagoa izango dute etxebizitza hutsek. Ez dute errekargua ordaindu beharko, inor erroldatu gabe egonda ere, urtean 30 metro kubikoko gutxieneko ur gastua egiten duten etxebizitzen jabeek.
Udal Gobernuaren proposamena zen errekargua %75era igotzea, eta salbuespen oro ezabatzea. EAJk emendakin bidez proposatu du errekargua %100era igo, eta salbuespena 30 metro kubikoko gastuan jartzea. Udal Gobernuak ontzat eman du proposamena, eta emendakina hiru alderdien aldeko botoarekin onartu da. PSE-EEk bere aldetik, errekargua %150era igotzea proposatu du, eta hurrengo ordenantzetan etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri gehiago hartzeko eskatu du.
Azkenik, barne kudeaketa errazteko, eta, ordenantzak legedia berrietara egokitzeko, bi neurri nagusi aplikatuko dira:
1. Tramiteak egiteko erraztasunak
Administrazio eta kudeaketa lanak zein eskatzaileei tramiteak egitea errazteko neurri berriak hartuko dira: familia ugarien hobariak behin bakarrik eskatu beharko dira, adibidez (orain arte urtean hiru aldiz egin behar izaten zuten eskaria). Musika eskolako alta eta bajak tramitatzeko prozesua ere erraztu egingo da.
2. Egungo araudira egokitzea
Gai teknikoengatik, eta egungo legedira egokitzeko, energia aprobetxandu sistemen hobarietan zenbait aldaketa egingo dira. Aurrerantzean, legez behartuta ez dauden etxebizitzetan egindako energia aprobetxamendurako sistemen kasuan bakarrik aplikatuko da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ/IBI).
"Igoera jasangarria"
Larrañagaren arabera, ordenantza fiskal berriak ulertzeko, azken bi-hiru urteei ere begiratu behar zaie. Pandemiak eta KPIaren igoerak eragin nabarmena izan du etxeko ekonomietan. Hori horrela, Zumaiako Udalak modu oso neurtuan igo ditu udal tasa eta zergak, “herritarrek bestela ere duten erosketa ahalmen galera ez areagotzeko”.
Baina, azaldu duenez, Udala ez dago errealitate horretatik kanpo, eta KPIaren igoerak eragina izan du udal zerbitzuen eta inbertsioen gastuetan. Ondorioz, tasa eta zergak eguneratzeko beharra ikusi du udal gobernuak, eta aldaketak eta egokitzapenak egin ditu, “igoera ahalik eta modu jasangarrienean eginez”.
Albiste erlazionatuak
Ogasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Udalbatzak 2025erako aurrekontuak eztabaidatuko ditu osteguneko osoko bilkuran 2024/11/26
- Abenduaren 1etik 31ra bitartean eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04