Uztailaren 30etik abuztuaren 11ra bitartean ospatuko da jaialdia. Bi astez, Zumaia musika eta kulturaren erdigune bihurtuko da, herriko txoko desberdinetan antolatutako ekitaldiekin.
Oxford aretoan aurkeztu dute Zumaiako 40. Musika Jaialdiko egitaraua, gaur eguerdian, musika munduarekin lotutako txuri-beltzezko argazki artean. Lekua ez dute ausaz aukeratu, izan ere, Distira elkarteak antolatutako argazki lehiaketako lanak ikus daitezke bertan; Musika Jaialdiaren urteurren berezia izanik, argazki lehiaketako gaia musika izatea adostu zuten Udalak eta Distira elkarteak —gaur arratsaldean inauguratuko dute erakusketa—. Ez da hurrengo egunotan Zumaia musikaz jantziko duten elementu bakarrak; herriko komertzioetako erakusleihoetan herriko musikariek utzitako instrumentuak jarriko dituzte.
Marina Bidasoro kultur zinegotziak esker hitzekin hasi du agerraldia. Izan ere, asko eta asko izan dira urteotan guztiotan jaialdia posible egin duten herritar, musikari, elkarte eta udal ordezkari zein langileak. Horiek guztiek jaialdiaren arrakasta lortzeko, eta, urtero-urtero jaialdia berritasunez betetzeko egindako ahalegina nabarmendu du. Haren hitzetan Zumaian dauden eragilerik gabe ezinezkoa litzateke jaildia antolatzea. Jaialdiaren logo eta irudi berria ere aurkeztu dituzte; Ainhoa Caporossik diseinatu du, eta Zumaiaren erakusgarri den flysch-a musika partitura bihurtu du.
Agerraldiaren amaieran gogoratu dutenez, Zumaiako Musika Jaialdia musika demokratizatzeko eta deszentralizatzeko helburuarekin sortu zuten, eta urte hauetan guztietan helburu horri tinko eutsi diote. Jaialdiak musika herriko txoko guztietara eramatea du xede, publiko guztiengana iritsiz eta musika genero eta estilo desberdinak eskainiz. Horrela, herritarrak musika kultura anitzaz gozatzeko aukera izango dute. Gainera, herriko musikariek protagonismo handia duten jaialdia da Zumaiakoa, herrikoia; ez, ordea, horregatik, maila baxukoa. Zentzu horretan nabarmendu dute herrian oso goi-mailako musikariak ditugula, eta, Zumaiatik kanpo ere oso apreziatuak diren piezak eta musikariak entzuteko aukera izango dugula egunotan.
Zentzu berean, Miriam Romatet kultur teknikariak nabarmendu du ekitaldi ia guztiak doakoak izango direla. Bi ekitaldi soilik ordaindu beharko dira: Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua —irabaziak minbiziaren inguruko ikerketara bideratuko dituzte—, eta, opera proiekzioa (sarrerak zineko emanaldi guztietan bezala eskuratu ahal izango dira). Bestalde, nabarmendu dute jaialdiak Zumaiako txoko asko hartuko dituela, hala nola, Odieta frontoia, Parrokia, Ubillos jauregia, Zumaiena ikastetxeko aretoa, Oxford aretoa edota Mari kalea.
Herriko musikariak protagonista
Uztailaren 30ean (asteartea) abiatuko da jaialdia, Zumaiako Musika Bandaren ZUMBig Band ikuskizunarekin. Virginia de la Casa abeslari gasteiztarraren laguntza izango dute, eta kontzertuan swing eta jazz estiloko abestiak eskainiko dituzte (besteak beste, Glenn Miller, Dizzy Gillespie, Herbie Hancock eta Andy Hamiltonen lanak). Joxe Mari Azkue ZUMBeko zuzendariak adierazi duenez, kontzertuak aukera paregabea eskaintzen du jaialdiari hasiera emateko eta kaleko goi-mailako musikaz gozatzeko.
Hurrengo egunean, uztailaren 31n, bi ekitaldi izango ditugu herrian. 19:30ean Jesus Guridi Klarinete Laukoteak kontzertua eskainiko du Mari kalean; 16 eta 18 urte bitarteko gazte gasteiztarrek osatutako laukoteak egitarau anitza eta interesgarria aurkeztuko du, honako konpositoreen obrak barne: B. Kovacs, A. M. Beach, W. A. Mozart, B. Bartok, C. Debussy, A. Piazzolla eta P. Iturralde. 2023ko Klarinete Laukote Lehiaketa irabazi zuen talde honek.
Egun berean, 21:30ean, Maria Zubimendi akordeoi joleak eta Jokin Guridi bideo-artistek emanaldi berezia eskainiko dute Oxford aretoan. Proiektu honetan, Maria Zubimendik akordeoi mikrotonala eta kromatikoa erabiliko ditu, eta Jokin Guridirekin batera sortutako bideoek jantziko dute emanaldia. Madrilen aurkeztutako egitarauak musika garaikidea eta barrokoa nahastuko ditu, eta honako konpositoreen obrak barne hartzen ditu: Gabriel Erkoreka, Zuriñe Fernandez, D. Scarlatti, J. P. Rameau eta M. Chamizo. Emanaldia musika, bideo eta perzepzio elementu berritzaileekin aberastuko da, ikus-entzuleei esperientzia artistiko osagarri bat eskaintzeko; ikus-entzunezko pieza horiek sortzeko musika piezen sortzaileekin harremanetan egon dira biak ere.
Abuztuaren 1ean, ostegunarekin, 20:00etan Parrokian San Pedro abesbatzak Barrutik Infinitura izeneko kontzertua eskainiko du. Abesbatzak ere 40. urteurrena ospatuko du aurten, eta, horiek horrela, kontzertu honek abesbatzaren bilakaera eta Zumaiako Musika Jaialdiaren garrantzia azpimarratuko ditu. 1984an sortu zen abesbatza, eta urte hauetan zehar estilo ezberdinetara ireki da, herriko ondare musikalari begirada berezia bota eta euskal musikagileek idatzitako obrei garrantzia emanez. Kontzertu honetan, koroaren momentu esanguratsuak eta musika berriak eskainiko dira, Mari Karmen Azpeitiak organoa joko du, eta, besteak beste, Iker Gonzalez zumaiarraren bi pieza berezi interpretatuko dituzte: Amalur eta Isildu nahi ez den hura. Amaia Aldalur abesbatzako zuzendariak zehaztu duenez, emanaldiak bideoak eta parte-hartzaileek esandako hitzak ere izango ditu, koroaren ibilbidearen inguruko ikuspegi osagarri bat eskaintzeko. Zuzendaritza artistikoan Demode produkzioak izan dute lagun.
Abuztuaren 2an (ostirala) Zumaian ongi errotutako Sapere Aude Sinfonietta orkestraren kontzertua izango dugu. Giacomo Puccini eta Gustav Holst-en lanak aurkeztuko dituzte, Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean. Sarreraren prezioa minbiziaren ikerketara bideratuko dute, eta, "eserleku hutsak" ere eskainiko dituzte, kontzertura joan ezin dutenek ere ekarpen ekonomikoa egin ahal izan dezaten.
Abuztuaren 3an, larunbata, 12:00etan Parrokian Haizearekin jolasten izeneko ekitaldia izango da, Iker Gonzalez eta Mari Karmen Azpeitia organistek gidatuta. Ekitaldia bi zatitan banatuko da: lehenengoan, entzuleek organoaren funtzionamendua azalduko duen hitzaldi txiki bat entzungo dute, musika tresnaren historian eta garapenean murgilduz; bigarren zatian, korura igoko dira organoaren kontsola hobeto ezagutzeko asmoz. Mari Karmen Azpeitia Zumaiako San Pedro Abesbatzako pianista eta organojolea da, eta Iker Gonzalez kimikako doktorea eta musikagilea, biak ere organoarekin lan egiten duten espezialistak.
Haurrentzako ipuin musikatua, dantza, opera eta kanpoko musikariak ere bai
Herriko musikariek ez ezik, gonbidatu askok ere hartuko dituzte Zumaiako oholtzak. Abuztuaren 4ean (igandea) Lucía Gómez mezzosopranoak eta Gerardo Rifón organistak kontzertua eskainiko dute PArrokian. Ahotsa eta organoa uztartuta, motete, oratorio eta opera ariaz osatutako errepertorioa aurkeztuko dute. Gómez eta Rifónen lanak liturgiatik harago doazen estilo eta garaien arteko uztarketa izango dira.
Abuztuaren 7an (asteazkena) haur eta familiei zuzendutako ekitaldia egingo dute Ubillos jauregiko kaperan. The Three Ravens izeneko irakurketa musikatua eskainiko dute, XVII. mendeko balada ingelesa oinarri hartuta. Amaya Blanco Rad (biolonea), Arrate Zubigaray Orbea (klabea) eta Ana Camilo Cobos (ahotsa) interpretatzaileek ipuin musikatu bat aurkeztuko dute, narrazioa eta musika barrokoa nahastuz.
Hurrengo egunean, abuztuaren 8an, bi dantza ikuskizun aurkeztuko dituzte Odieta frontoian. Amaia Elizaran dantzariak eta Liam Ó Maonlaí musikariak Otempodiz dantza ikuskizuna emango dute, "gauzarik xumeen edertasunean" arreta jarri. Bigarren emanaldian denboraren interpretazio desberdinak esploratuko dituzte, Zuek erlojuak dituzue, guk denbora dugu dantza ikuskizunean. Asier Zabaletak zuzendariak mendebaldeko eta Afrikako denbora ikuspegiak kontrastatuko ditu, eta, Fenias Nhumaio eta Deissane Machava dantzariek orainaldi absolutu batean bizitzeko ahalmena azpimarratuko dute, askotariko musikarekin dantzatuz.
Abuztuaren 10ean (larunbata) Giacomo Puccini-ren Tosca operaren proiekzioa izango da (Gran Teatre del Liceu-n Bartzelonan grabatutako bertsioa). Paco Azorínen muntaketa eta John Fioreren musika zuzendaritzapean, operak maitasuna, pasioa eta indarkeria aztertuko ditu.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan kokatutako kontzertuarekin amaituko da jaialdia. Musika Jaialdiaren lehen edizioa hasi zuten moduan amaituko dute 40. edizioa: pianoarekin. Mentxu Pierrugues eta Susana García de Salazarrek pianoa lau eskutara interpretatuko dute.