Arropa biltzeko edukiontziak aldatuko dira Zumaian ere

2021/02/02
Gaurtik biharrera bitartean ez da arropa biltzeko edukiontzirik egongo.

Gaur (otsailak 2) kenduko dituzte Zumaiako arropa biltzeko edukiontzi guztiak. Beraz, egokitzapen lanak direla eta, ez da arropa-edukiontzirik egongo erabilgarri asteartetik asteazkenera bitartean.

Udal Elkartetik dei egin nahi zaie zumaiar guztiei, asteartean (otsailak 2)  arroparik atera ez dezaten; eta bide batez, barkamena eskatu hobetze-lanak sor ditzaketen eragozpenengatik. Asteazkenean bertan jarriko dira ordezko edukiontzi berriak.

Urola Kostako Udal Elkarteak arropa eta ehunkiak jasotzeko zerbitzua indartuko du eskualdeko 5 udalerrietan. Pasa den asteburuan ekin zitzaien arropa-bilketa zerbitzua hobetzeko lanei, Aiako, Orioko eta Zarauzko edukiontzi-aldaketekin.

Gaur egun, arropa bilketarako 26 edukiontzi daude eskualde osoan zehar. Gaikako bilketaren baitan, arropa ere egoki kudeatu beharreko hondakina da. Berrerabili daitekeena, gainera. Horiek guztiak berritzeaz gain, beste 35 edukiontzi berri ere jarriko dira zerbitzua indartu eta hobetzeko.