'Atozte' aniztasun funtzionala duten herritarrei zuzendutako aisialdi egitasmoa urriaren 17an hasiko da martxan

2020/10/09

Egitasmo honen bidez aisialdia beste modu batean bizitzeko aukera ematen zaie aniztasun funtzionala duten herritarrei. Parte hartu nahi dutenek 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dute.

Astero jarduera bat antolatzen da 'Atozte' programaren baitan. Normalean larunbat arratsaldetan izaten dira saioak, eta Gautena elkarteko hezitzaileen laguntzarekin, aisialdia beste modu batean bizitzeko aukera ematen zaie aniztasun funtzionala duten herritarrei. Programan parte hartzeko lehentasuna 18 urtetik gorako herritarrek dute, baina gazteagoek ere izena emateko aukera dute.

Lehen jarduera urriaren 17an, larunbatean, izango da. Programan parte hartu nahi dutenek Udal Gizarte Zerbitzuetara deitu beharko dute, 943 86 22 00 zenbakira.

Programa honen bidez, aniztasun funtzionala duten herritar gazte eta helduen aisialdiko eta denbora libreko ekintzen dinamizazioa, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzen da. Gainera, ekimen honen bidez pertsona desberdinen arteko harremanak indartu eta hobetu nahi dira.

Halaber, herriko beste elkarte eta zerbitzuekin elkarlanean herri mailan antolatzen diren gainontzeko jarduera eta ekitaldietan parte hartze aktiboa bilatzen du programak. Atozte” programa zehazki aniztasun funtzionala duten herritarrei zuzenduta badago ere, herritar orok parte hartu dezake egitasmoan.

Era berean, herriko elkarte, talde edota eragileei parte hartzeko gonbita luzatzen ziae, aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako ekintza berriak diseinatu eta sustatzeko edota ekintzak antolatzerako orduan pertsona guztiak aintzat hartu ditzaten. Edonolako ekarpenak egiteko prest dauden elkarte edo herritarrek Gizarte Zerbitzuetara deitu dezakete (943 86 22 00).