Covid19 birusaren inguruko udal informazioa

2020/03/13

Atal honetan Covid19 birusari buruz Zumaiako Udalak zabaldutako oharrak, gomendioak eta informazio guztia.

Covid-19 birusaren krisia dela eta, Gizarte Zerbitzuak indartu eta neurri bereziak jarri ditu martxan Zumaiako Udalak. 

GIZARTE ZERBITZUAK:

Zainketa eta oinarrizko beharrak asetzeko, bakarrik bizi diren pertsonek edota hitz egiteko beharra dutenek Gizarte Zerbitzuen telefono bidezko arretara jo dezakete. Hala, bakardade sentsazioa ekidin eta edozein arazoren aurrean profesionalengana jo nahi dutenek, 943 86 22 00 eta 608 755 982 telefono zenbakietara deitu beharko du. Helbide honetara ere idatzi dezakete herritarrek: brankaharrera@zumaia.eus.

Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00 / 608 755 982 / brankaharrera@zumaia.eus

EROSKETA ZERBITZUA:

Gaztetxearekin elkarlanean boluntario sarea osatu da. Hala, herriko adineko pertsonek edota bestelako arrazoiengatik etxetik atera behar ez dutenen erosketak egingo dituzte boluntarioek. Informazio gehiago lotura honetan.

Erosketa zerbitzua: 688 757 774

INDARKERIA MATXISTA:

Covid-19ren aurkako neurriak direla-eta salbuespen egoera honetan, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen egoera areagotuko da, eta egoera horretan dauden emakumeei telefono bidezko arreta zerbitzua jaso dezaketela adierazi nahi zaie.

Indarkeria matxista jasaten dutenek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara (943 86 22 00 / 608 755 982) edo Emakumeen Aurkako Indarkeriaren biktimentzako arreta telefonora (900 840 111) dei dezakete.

 

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00 / 608 755 982

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren biktimentzako arreta telefonoa: 900 840 111

BESTELAKOAK:

Zumaiako egoitzetako langileek doako ostatua eskatzeko aukera izango dute

2020/04/01

Zumaiako 'maker' sareak egindako 120 kareta banatu ditu Udalak, San Juan Egoitzan eta Otezurin

2020/03/31

Laguntza-neurriei buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak

2020/03/30

'Barrutik' argazki lehiaketa jarri dute abian Udalak eta herriko hainbat eragilek

2020/03/28

Zumaiako 'maker' sarea osatu nahi du Udalak, behar duten materiala eman eta Osakidetzak falta duen babes materiala fabrikatzeko

2020/03/24

Covid19ak sortutako krisia dela-eta, Osakidetzak falta duen babes materiala fabrikatzen ari da CovidEuskadi maker sarea. Horren baitan, 3D inprimagailuak dituzten maker herritarrei dei egiten die Udalak, Zumaiako makerren sarea osatzeko.

Zumaian dauden makerrei helbide honetako formularioa betetzeko eskatzen die Udalak:

labur.eus/makerzumaia

Neurri berriak: kaleen desinfektatzea eta UKUEri eskaerak

2020/03/23

Herriko hainbat gune maiztasunez desinfektatzen ari da Udala, eta Urola Kostako Udal Elkarteari komertzioak suspertzeko diru-laguntza lerro berriak ateratzea aztertzeko eskatu dio.

Zergen ordainketa eten du Zumaiako Udalak

2020/03/19

Covid-19 birusak sortutako egoera dela eta, udal zergen ordainketa etetea erabaki du Zumaiako Udalak, herritarren zama ekonomiko arintzeko helburuarekin. Ibilgailuen Gaineko Zergaren ordainketa egin egin beharko da, dagoeneko helbideratuta dagoelako.

Koronabirusaren hedapena saihesteko, hondakinen bilketa sisteman hartutako neurriak

2020/03/18

Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat neurri hartu ditu hondakinen bilketa zerbitzuari lotuta. Errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekita egongo dira, eta etxeko hondakinen handien bilketa zerbitzua etenda egongo da. Gainera, gaixotutako herritarren hondakinak errefusaren edukiontzira bota behar direla ohartarazi dute.

Euskarazko baliabideen zerrenda osatu du UEMAk, 'etxeko egonaldia arintzeko'

2020/03/17

Datozen egunetan etxean egotea dagokigu, koronabirus familiako Covid-19 birusak eragindako ezohiko egoera dela eta. Etxeko egonaldia arintzeko, UEMAk, bertako kide diren udalekin elkarlanean, euskarazko doako hainbat baliabide bildu ditu, haurrentzat zein helduentzat. Eduki hauek ez dira UEMAk eta udalek sortutakoak, euskarazko hainbat webgune eta kanaletatik jasotakoak baizik. Kasu guztietan, jatorrizko sortzailearen helbidera bideratu dugu esteka. Gida honen PDF bertsioa: Etxean goxo egoteko euskarazko baliabideen zerrenda. (2020-03-16an eguneratua).

Janari-denda txikiei maskarak banatu dizkie Udalak, eta telefono bidezko arreta zerbitzua jarri du martxan

2020/03/17

Dendari txikiei maskarak banatuko dizkie Udalak egunotan. Telefono bidezko arreta eta elkarrizketa zerbitzua ere jarri du martxan, eta harremanetan jarriko da herriko kolektibo zaurgarrienekin.

 

Udal harrera zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egin du Udalak

2020/03/13

Administrazio elektronikoa eta telefono bidezko kudeaketa erabiltzea lehenetsi beharko da ahal den kasu guztietan. Era berean, bertara joatea beharrezkotzat jotzen bada, lehenago dei bidez kontsulta egitea gomendatzen du Udalak.

Udaletxea: 943 86 50 25

Udaltzaingoa: 943 14 32 32

Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00

Udal eraikinak itxita

2020/03/12

Eusko Jaurlaritzaren aginduz eskolak itxi diren honetan, Zumaiako Udalak koherentziaz jokatzeko erabakia hartu, eta eskolak itxita dauden bitartean honako zerbitzu hauek ere erabat itxita egongo dira, martxoaren 13tik aurrera:

  • Gizarte Zentroa, Hogarra. Gaurtik itxita

  • Alondegia kultur etxea

  • Aita Mari zinema

  • Itsas kiroldegia

  • Lubaki kiroldegia

  • Aitzuri pilotalekua

  • Surfeko lokala

  • Musika eskola

  • Ludoteka

  • Gaztegunea

  • Algorri Interprezio Zentroa

  • Turismo Bulegoa
  • Igor euskaltegia (AEK)

  • EPA helduen irakaskuntza

  • Foronda kultur etxea

  • Komun publikoak

  • Igogailu publikoak

Osasun Sailetik emandako gomendioak jarraituz hartu du Udalak erabakia, eta era mugagabean itxi dituzte eraikinak, arriskuak berriz ebaluatu arte. Gainera, Udalaren kultur agenda osoa eta jarduera oro (ikastaroak, hitzaldiak, zine emanaldiak...) bertan behera geldituko da, bestelako abisurik jaso arte.

Covid19 birusa prebenitzeko gomendioak

Bizi dugun egoeraren aurrean, Zumaiako Udalak herritarrei eskatzen die aintzat har ditzatela Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako gomendioak:

  1. Eskuak sarri garbitu urarekin eta xaboiarekin.

  2. Eztul edo doministiku egitean ahoa estali besaurrearekin edo mukizapi batekin.

  3. Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta gero zakarrontzira bota.

  4. Arnas sintomaren bat izanez gero eta arrisku eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50