Erreleboa Haurren Kontseiluan
Haurren Kontseilua udalerriko alkatetzaren aholkulari organo izaera duen haur taldea da. Astelehen honetan egindako saioan taldeko zaharrenek 4. mailako ikasleei eman zieten lekukoa.
9 eta 11 urte bitarteko Zumaiako 14 lagunez osatutako taldea da Haurren Kontseilua, alkateari euren proposamenak eta aholkuak ematen dizkiona. Hilabetero elkartzen dira partaideak, eta urtean behin alkatearekin zuzenean biltzen dira. Hala, Haurren Kontseiluak tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia ematen die alkatetzari, pertsona helduei herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak emanez.
Urtero, taldeko zaharrenek kontseilua uztea adostu zuten iaz, beste batzuei lekukoa emanez. Ikasturteko lehenengo saioan erreleboa eman dute: 6. mailara pasa direnek kontseilua utzi dute, eta 4. mailako ikasleei eman diete erreleboa. Saioan Haurren Kontseiluko kideen gurasoek ere parte hartu zuten, bilgunearen nondik norakoen berri izan eta beharrezko baimenak emateko.
Iaz aisialdiaren inguruko azterketa eta gomendioak egin zituzten Haurren Kontseiluko kideek. Horrekin batera, Mariantongo parke berriaren ezaugarriak lanak egin zituzten. Iñaki Ostolazak azaldu zienez, proiektua osatzeko lanetan murgilduta daude dagoeneko. Aisialdiaren inguruko hausnarketa egin ondotik, aurtengo ikasturtean mugikortasuna eta haurren autonomia izango dituzte hizpide. Datorren astean egingo dute lehen saioa.
Haurrak, gaur egungo herritar
2020an Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. Udalak "Herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da.
Ikuspuntu horretatik sortutako herri batek herritar guztiontzako dakartza onurak. Izan ere, haurrak edo bazterretako bestelako pertsonak erdigunean jartzeak bestelako praktika eta egiteko moduak dakartza. Halaber, herri hezitzaile hori balio hezitzaile batzuen gainean landu nahi dute (berdintasuna, aniztasuna, partehartzea, euskara...). Haurren Kontseiluarekin, besteak beste, umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea da Udalaren asmoa, eta, haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea.
Albiste erlazionatuak
Herri hezitzailea
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde 2025/10/20
- Bizitzaz eta heriotzaz hitz egiteko gakoak landuko dituzte aurtengo Guraso Eskoletan 2025/10/08
- Ludoteka eta Gaztegunea prest daude ikasturte berriari ekiteko 2025/09/03
Hezkuntza
- Herriko emakume aitzindariei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2025/12/16
- Eskola kirola, denon altxorra: eman izena! 2025/06/25
- Zumaiako 'Appa Hi!' aurkeztu dute, hitanoa praktikatzeko eta ikasteko mugikorretarako aplikazioa 2025/03/20
- 0-6 urte bitarteko gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu Jon Urdineta psikomotrizistak 2025/02/27
Parte hartzea
- Bigarren eskuko azoka eta konponketa lantegiak, ostiral honetan Zumaian 2025/10/08
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- [ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren 2025/09/18
- Olarro Egunean lan egiteko herriko elkarteei deialdia 2025/08/05



