Haur sahararrei harrera egin die beste urte batez Zumaiako Udalak
Joan den astean iritsi ziren haurrak eskualdera, eta Oporrak Bakean programarekin udako egonaldia egingo dute eskualdeko familietan eta Larrabetzuko aterpetxe batean.
Darahli elkarteak bultzatuta, Saharako zenbait haur uda pasatzen ari dira Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako harrera-familiekin; gainerakoak, berriz, Larrabetzun (Bizkaia) igarotzen ari dira uda Darahliko begiraleekin, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuko berotik urrun.
Guzti horiek Zumaiako udaletxean bildu dira gaur goizean. Haiekin batera egon dira Samuel Ruiz, Darahli Elkarteko zuzendaria, eta Aitor Manterola, Marina Bidasoro, Ainhoa Illarramendi eta Xabier Odriozola zinegotziak, baita harrera-familietako kideak zein Darahli elkarteko Zumaiako gazte boluntarioak.
Aitor Manterola zinegotziak Darahli elkarteak Tindufera egindako lehen bisita izan du gogoan. Bertan izan zen bera ere, eta gaurko egunez Saharako haurrak Zumaian izatea hunkigarria dela esan du. Halaber, sahararren aldarrikapen eta borrokarekiko elkartasuna adierazi du. Bere aldetik, Samuel Ruizek eskerrak eman dizkie Zumaiako Udalari zein zumaiarrei, eta haien babes ekonomiko eta moralik gabe Darahlik egiten duen lana ezinezkoa izango litzatekela nabarmendu du. Haurren izenak banan banan esan, eta motxila bana jaso dute oroigarri moduan. Saharako haurrek abesti batekin eman dizkie eskerrak ordezkariei.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Gazteen sormena indar betean: bideoklip bat eta ikerketa historiko bat bidean 2025/02/03
- Tentsio handiko etxebizitza eremu izateko bidean da Zumaia 2025/01/31
- Urtarrilaren 14an (asteartea) zabalduko dute HAPOari buruzko erakusketa, bi bisita gidaturekin 2025/01/09
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23