Hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua egingo dute otsailaren 9an

2020/02/03

Zumaiako Turismo Bulegotik abiatuta eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta hegaztiak behatzeko hastapen-tailerra egingo dute datorren igandean, otsailaren 9an.

Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hegaztiak behatzeko irteera gidatua antolatu du otsailaren 9rako. Geoparkeko hezeguneen balio naturala ezagutaraztea eta naturagune hauek duten garrantziaz jabetzea du helburu ekimenak. Pasa den larunbatean, helburu berarekin, Zumaiako Udalak auzolana antolatu zuen Soroberrieta inguruan hezegune bat sortzeko.

Irteeran kostaldeko hezeguneak ezagutzeko eta hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango da. Hegaztiak non ikusten diren, hauek ondo ikusteko beharrezko tresnak, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dira, besteak beste.

Geoparkeko Gonzalo Torrek gidatuko du irteera, argitasun egokia eta itsasbehera aprobetxatuz, otsailaren 9an, igandean, goizeko 9,30etatik aurrera. Zumaiako turismo bulegotik abiatu eta Santiagoko hondartzara edo Basadizarra ingurua bisitatuko dira eta 3 orduko iraupena izango du. Jarduera familia osoari zuzenduta dago. Parte hartzea doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira.

Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena formulario honen bitartez edo telefonoz 943 14 33 96 (Zumaiako turismo bulegoa) zenbakira deituz.  Ura, oinetako eta arropa egokiak eta prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Hezeguneen garrantzia

Landare eta animalien %40 hezeguneetan bizi edo ugaltzen da, hortaz, ekologiaren ikuspuntutik ingurune hezeak oso leku aberatsak dira, biodibertsitate bereziko eremuak. Bertako bizidunek hezeguneen baldintzei aurre egiteko moldaera asko izan ohi dituzte. Horrez gain, tokiko kliman eragina izaten dute, paisaiari aniztasuna ematen diote, materialak sedimentatzeko tokia izaten dira eta uraren zikloa erregulatzeko balio dute.

Ezinbestekoak diren funtzio ekologiko horiek aintzat hartuta, eta bertako flora zein faunaren garrantzia aitortzeko, hezeguneak kontserbatzeko nazioarteko hainbat hitzarmen daude indarrean, ezagunena 1971ean Irango Ramsar hirian sinatutakoa. Hasieran hegaztiak babesteko zena, denborak aurrera egin ahala ekosis

tema hezeen balioa azpimarratzeko erreminta bilakatu da eta horregatik ospatzen da Hezeguneen Munduko Eguna.

Nazioarteko Egunaren harira, pasa den larunbatean beste ekimen bat egin zuten Zumaian. Hain justu, Hezegunea sortzeko auzolan saioa egin zuten Joxe Mari Korta industrialdean, Soroberreta inguruan. Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze planaren baitan kokatzen da proiektua eta erabilera publikoko lursail batean, ur-gezako putzu natural bat sortzen ari dira, iragazgaizteko erabiltzen den geruzarik gabekoa. Putzu hori ur-gezako bizidunentzat erabilgarria izango da.