Herriko sortzaile eta eragileen aldeko apustua egingo du 42. Musika Jaialdiak

2026/07/24

Uztailaren 30etik abuztuaren 9ra, askotariko musika proposamenak izango dira Zumaian, herriko sortzaile eta eragileen parte-hartzearekin batera. Kontzertu, opera, dantza garaikide eta haurrentzako ikuskizunez osatutako egitaraua prestatu dute jaialdiaren 42. ediziorako.

Urtero bezala, uztailaren amaierarekin batera helduko da Musika Jaialdia Zumaiara. Askotariko musika motak eta ekitaldiak antolatu dituzte 42. edizioan. Uztailaren 30ean hasiko da jaialdia, Mari kalean Gamber Quartet eta Corazón de Melón laukoteek eskainiko duten klarinete kontzertuarekin. Hurrengo egunean, hilaren 31n, zumaiarrak igoko dira oholtza gainera: Musika Bandak kontzertua eskainiko du, Bitartean Folk taldearekin propio jaialdirako prestatua. 

Jaialdiko kontzertu berezienetako bat abuztuaren 2an izango da, San Pedro parrokian. Izen bereko abesbatzak eta Sapere Aude Sinfoniettak Mozarten Requiem obra interpretatuko dute, Mikel Emezabalen zuzendaritzapean. Bertaratzeko, nahitaezkoa da sarrera erostea. Salgai daude dagoeneko. 

Komentuko lorategira ere helduko da jaialdia, haurrentzako musikaldi batekin. Pirata Alferrak emanaldia abuztuaren 6an izango da, eta aurrez gonbidapena eskuratu beharko da. Laster emango ditu Kultura Sailak gonbidapen horiek eskuratzeko xehetasunak.

Musikak ez ezik, dantza garaikideak eta ikus entzunezkoek ere izango dute bere tokia. Dantzak, zumaiar baten eskutik: Tupper emanaldia eskainiko du Jaiotz Osa zumaiarrak. Xabier Mujikarekin batera arituko da: Osa+Mujika proiektua elkarbanatzen dute biek, eta bi munduren arteko topaketa da, dantzarena eta eszenografiarena. Aurrez, Fabian Thomék Nahas obra taularatuko du. Abuztuaren 8an izango dira bi emanaldiak, 20:00etan Odietan. Opera proiekzioa, berriz, abuztuaren 4an izango da, eta Veronako Arena anfiteatroan 2024an grabatutako La bohème obra ikusi eta entzun ahal izango da Aita Mari aretoan. Giacomo Pucciniren lana da aurten proiekziorako hautatutakoa. 

Abuztuaren 9an amaituko da jaialdia, urteroko hitzorduarekin: Donostiako Musika Hamabostaldiaren bisitarekin, alegia. Manuel Ruizek eta Iliber Ensemblek zenbait musikari klasiko entzutetsuren lanak eramango dituzte parrokiara.

Egitaraua:

Uztailak 30, osteguna
19:30. Gamber Quartet eta Corazón de Melón laukoteen eskutik, klarinete kontzertua, Mari kalean.

Uztailak 31, ostirala
20:00. Zumaiako Udal Musika Bandaren eta Bitartean Folk taldearen kontzertua, Odietan.

Abuztuak 2, igandea
20:00. San Pedro abesbatzaren eta Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua. Mozarten Requiem, San Pedro parrokian.

Abuztuak 4, asteartea
19:00. Opera proiekzioa: Giacomo Pucciniren La bohème.

Abuztuak 5, asteazkena
20:00. Maracumbe kontzertua, Odietan.

Abuztuak 6, osteguna
18:30. Pirata Alferrak ipuin musikatua, haurrentzat, Komentuko lorategian.

Abuztuak 8, larunbata
20:00. Dantza garaikidea Odietan: Fabian Thoeméren Nahas, eta Osa + Mujikaren Tupper.

Abuztuak 9, igandea
20:00. Donostiako Musika Hamabostaldia: Héroe desvelado (musika barrokoa), Händel, Vivaldi eta Hasseren lanak, Manuel Ruiz kontratenorraren eta Iliber Ensembleren eskutik.