Hitzaldiak eta autodefentsa feminista tailerra izango dira Zumaian, indarkeria matxistaren aurkako jarrerak lantzeko

2021/11/09

Ostiral honetan (azaroak 12) indarkeria matxista jasan duten emakumeekin lan egiten duen elkarte baten 10 urteko esperientzia kontatuko dute. Gainera, larunbat honetan (azaroak 13) autodefentsa feminista ikastaro trinkoa izango da Emakumeon* Etxean.

Azaroaren 25a indarkeria matxistaren aurkako eguna izanik, azaroan zehar zenbait ekitaldi izango dira Zumaian. Udalak, Emakumeon* Etxeak eta mugimendu feministak elkarlanean antolatu dute aurtengo egitaraua.

Indarkeria matxistari alde desberdinetatik helduko diote. Ostiral honetan bertan (azaroak 12), indarkeria matxista jasan duten emakumeekin lan egiten duen Mujeres al cuadrado elkartearen esperientzia ezagutu ahal izango dute zumaiarrek. Nerea del Campo Agirre eta Arrate Rodriguez Bagliettok emango dute hitzaldia. Gainera, hilaren 30ean (asteartea) sexu indarkeria kasuetan nola komunikatu azalduko du Norma Vazquez Sortzen aholkularitzako zuzendariak. Bi hitzaldiak ere 18:30ean izango dira, Emakumeon* Etxean.

Halaber, larunbat honetan (azaroak 13) autodefentsa feminista ikastaro trinkoa izango da Emakumeon* Etxean, Jabetze Eskolaren baitan antolatuta. Partehartzaileek indarkeriari eta eraso matxistei aurre egiteko tresna psikologiko eta fisikoak landuko dituzte bertan, Emagin elkartearen eskutik. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea (633 432 762 edo zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com).

Azkenik, soldadurako ikasleek maskulinitatea lantzeko tailerra egingo dute aurten ere, azaroaren 26an.

Azaroaren 25ean mobilizazioak

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapenek hartuko dituzte Zumaiako txokoak. Goizean, Zumaiako eskolek azaroaren 25eko adierazpena irakurriko dute online, eskualdeko gainontzeko eskolekin batera.

Zumaiako Mugimendu Feministak arratsalderako deitu du manifestazioa; 19:00etan abiatuko da Beheko plazatik.