Urola ibaian bainua hartzeko hiru eremu baliztatuko ditu Udalak

2022/07/06

Uztaileko bigarren astean baliztatuko dira eremuak (hilaren 15 inguruan), Balenciaga ontziolatik ontzia ateratzen dutenean. Bainua segurtasunez hartzeko gomendio zerrenda ere prestatu da.

Marea goian dagoenean ohikoa izaten da ibaia bainulariz beteta ikustea. Egoera horietan sortu daitezkeen arriskuan saihesteko, Zumaiako Udalak gomendio zerrenda bat plazaratu du. Eskuorri batean bildu ditu guztiak, eta horrekin batera, mapa bat prestatu du. Eskuorriak formatu fisikoan egongo dira ditu tablak eta padelak alokatzen dituzten establezimenduetan, zein surf eskoletan. 

Bestalde, eta bainularien segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Urola ibaian bainua hartzeko hiru eremu baliztatuko ditu Udalak: arranpla ingurua, Moilaberriko zubiaren ingurua, eta itsas kiroldegiaren ingurua. Uztailaren 15 inguruan baliztatuko dira eremuok, Balenciaga ontziolak ontzia atera eta gero.

Zumaiako Udalak gogorarazi nahi du debekatuta dagoela ibaia alde batetik bestera zeharkatzea, eta bainua hartzeko eremuak errespetatu beharko direla. Kontsultatu xehetasunak mapan.

Ibaia erabiltzeko gomendioak:

  1. Gogoan izan sen onak eta gizalegeak izan behar dutela nagusi
  2. Norbere mugak ezagutu behar dira. Ez sartu uretan hasiberria bazara eta ibaiko baldintzak oso txarrak badira (korronteak, objektu arriskutsuak...)
  3. Debekatuta dago pantalanetatik bainu-eremura sartzea
  4. Bainua baimenduta dagoen eremuetan, itsasadarrera sartzeko egokitutako arrapalak erabili behar dira, eta arreta berezia jarri behar da eremu horretan dauden bainulariekin
  5. Itsas kiroldegiaren gunea: arraun eta piraguismo-kluben ontizen sarbide-eremua libre utzi beharko da segurtasunagatik
  6. Santigotxikiko padura: Ezin da padura barrura sartu, ezta bertan kirola egin ere. Hegaztientzako atseden-guena da, Natura 2000 Sareko eremua (BBE-KBE)
  7. Basazpia padura (Usurbiribillaga uharteak): Kirola egiteko kanala Basusta mendiaren aldekoa da. Errioaren beste aldea, Sanmigelazpia, babestutako eremua da (BBE-KBE)
  8. Portu-bideek eta nabigazio-kanalak beti libre egon behar dute
  9. Kirol jarduerak. Itsasadarra edozein kirol-jardueratarako erabiltzen bada, beti eskuinaldetik egitea gomendatzen da, martxaren noranzkoan, eta ibaian gora, betiere ikusmena nabarmentzeko elementuekin (buiak, txalekoak, etab.) erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

IBAIA GOMENDIOAK 2022 (1)_page-0002.jpg