'Los plástico' eta 'Out of plastic' filmak ikusi ahal izango dira apirilaren 22an Zumaian, Gnat Zinema Erakustaldiaren baitan
GNAT Zinema Erakustaldiaren baitan bi film proiektatuko dira Zumaian: “Los Plástico” eta “Out Of Plastic”. Apirilaren 22an izango da emanaldia, Aita Mari Antzokian. Sarrerak doan izango dira, eta turismo bulegoan hartu beharko dira apirilaren 16tik aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia antolatu du apirilaren 13tik 23ra Gipuzkoako zortzi udalerritan. Geoparkean, konkretuki, hiru emanaldi egingo dira: bat Deban eta bi Zumaian.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Gilen García Debako alkateak, Joseba Palenzuela Geoparkeko lehendakariak eta Mutrikuko alkateak eta Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak aurkeztu dute Geoparkeak bere baitan hartuko duen ekimena, gaur, apirilaren 12an, Deban. Gipuzkoa Naturaldiaren parte da Gnat Zinema eta jende guztiarentzako ekitaldi eta baliabide-programa da, naturarekiko eta, bereziki, Gipuzkoarekiko lotura bultzatzeko.
Zinema Erakusketa honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgazioa da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz eta gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten formak ezagutuz: natura gizateriaren kulturan, naturan dugun aztarna, pertsonen eta animalien arteko lotura, haurrak eta natura.
Gnat Zinema egoitza izango duten Gipuzkoako zortzi udalerriak Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia izango dira. Egoitza horietan, naturarekin lotutako 10 film proiektatuko dira: Dehesa, Mountain, Artifishal, The Wild Thing, Los Plástico, Out Of Plastic, Natura Bizia, The Sacred Place Were Life Begins, Burbunak eta Etsayak y David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Gnat Zinema proiektu irekia da, naturaren alde bat egin behar duela uste duen ororentzat, bai naturaren defentsatik, bai sorkuntzaren dibulgaziotik”. Era berean, Asensiok azpimarratu du “Zinema Erakustaldi honek meditaziora, errealitatearen kontzientzia hartzera, nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera gonbidatzen gaitu”.
Joseba Palenzuelak, Geoparkeko prensidenteak eta Mutrikuko alkateak azpimarratu du “zinema kultura-tresna moduan Geoparkera ekartzea beharrezkoa da gure lurraldeko ingurumen-arazoak azaleratzeko eta guztiok praktika jasangarriak gure baitan hartu eta biodibertsitatea zaintzeko aurrera pausoak emateko”.
2018. urtean egin zen ekimena lehen aldiz Geoparkean, baina "lehen aldia da ekimena Deban egiten dela. Uste dugu debarrek aukera hau izatea garrantzitsua dela. Batetik, kulturaren aldeko apustua egitea garrantzitsua deritzogulako, kulturak gure herria bizitzen baitu, eta gainera, naturari lotutako filmak izatea herritarrentzat interesgarri suertatuko dela ziur gaude, lotura handia baitugu Deban naturarekiko, bai Geoparkearen bitartez zein bestela", esan du Gilen Garcia Debako alkateak.
Zumaiako proiekzioa
Apirilaren 22an, osteguna, 19:00etan Zumaiako Aita Mari antzokian “Los Plástico” eta “Out Of Plastic” filmak proiektatuko dira. “Los Plástico” surflari-talde txiki baten istorioa da. Tauletan jarri eta gero, Alejandro Selkirk uharteko hondartzetara joango dira, Txileko Juan Fernández artxipelagoan, helburu berarekin: itsasoa zaintzea. Ángel Marinek eta Patricio Mekisek zuzendutako film laburra da.
Bestalde, “Out of Plastic” Line Hadsbjerg-ek zuzendutako dokumentala da, eta Mediterraneo itsasoko plastikoaren sakonera ilunak aztertzen ditu. Balear Uharteetan girotuta dago filma, eta une bat eskaintzen du gure bizitzan eta gure inguruan plastikoaren presentziari buruz hausnartzeko.
Sarrera doakoa izango da eta aurrez hartu behar da Zumaiako Turismo Bulegoan, apirilaren 16tik aurrera.
Laburmetraien lehiaketa
Honez gain, Gipuzkoako gazte eta helduentzako lehiaketa bat egingo da GNAT Zinema ekimenaren baitan, eta bi kategoria izango ditu. Lehenengo kategorian, Gipuzkoako ikastetxeetako DBHko ikasleek hartuko dute parte. Hurbilen dugun naturarekin dugun harremanari buruzko 3-5 minutuko metraje laburreko film bat egin beharko dute. Proposamenak maiatzaren 7ra arte jasoko dira eta lehiaketa irabazten duen laburmetraiak ekainean egingo den sari-banaketan ezagutuko da. Sari gisa, saritutako film laburra Naturaren eta Ingurumenaren Zinemaren Bigarren Erakusketan emango da 2022an. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzaren opari-sorta bana jasoko dute. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Ingurumeneko Zuzendaritzako eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.
Bestalde, lehiaketaren bigarren kategoria 18 urtetik gorako helduentzat izango da. Egin beharreko lana berdina izango da: 3-5 minutuko film laburra, gure inguruko naturaren ikus-entzunezko esentzia islatzen duena. Saria 6000 euro dirutan izango da, saridunak naturari buruzko 15 eta 30 minutu bitarteko ikus-entzunezko bat garatu dezan. Saridunak garatuko duen ikus-entzunezko hau Gnat Zinema 2022 Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldian aurkeztu eta emango da. Kasu honetan, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Edurne Pasaban alpinistak, Coro Odriozola Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko koordinatzaileak eta Donostia Kulturako Zine Unitateko eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Ingurumena
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere 2024/07/01
- Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak 2024/06/07
- Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da Udala 2024/06/06
Kultura
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16