Eskola kirola, denon altxorra: eman izena!
Zumaiako Udalak, herriko eskolek eta herriko kirol klubek gurasoak deitzen dituzte haien seme-alabak eskola kirolean izena ematera.
Eskola kirola ez da soilik jarduera fisikoa: bizitzako ikasgaiak eskaintzen dituen espazio kolektiboa da, balioetan hezteko gune paregabea. Zumaian, urteetan elkarlanean sendotu da eredua —eskolek, kirol klubek eta Udalak bat eginda—, eta gaur egun, komunitate osoaren babesa behar du bizirik iraun dezan.
EAEko Auzitegiaren azken epai batek zalantzan jarri du eskola kirolaren eredua, baina Zumaiako eskola kiroleko eragile guztiek argi dute: eredu hau babestea guztion ardura da. Horregatik, Udalak, herriko eskolek eta herriko kirol klubek elkarrekin deia egin diete gurasoei, haien seme-alabek datorren ikasturtean ere eskola kirolean izena eman dezaten.
Bost gako azaldu dituzte:
1. Eskola kirola: Zumaiako altxor bat
Eskola kirola Zumaian daukagun altxorretako bat da. Horri esker, 8 eta 12 urteko haurrek jarduera fisikoaren eta kirolaren onurak ezagutzen dituzte. Baina ez hori bakarrik. Lagunartea, errespetua, enpatia, genero berdintasuna eta beste hainbat balio lantzeko aukera ematen die, eta hori guztia, gure hizkuntzan, euskaraz. Gainera, hasierako pauso hauek egokiak izateak errendimendu akademikoari lotutako faktoreak hobetu ditzake, eta funtsezkoa da buru osasunerako: kirola erregulartasunez egiten duten haurrek depresiok izateko arrisku txikiagoa daukate. Herriko eskoletako haurren arteko harremana sustatzen hasteko ere lagungarria da, baita inguruko haurrekin ere.
2. Elkarlan ariketa
Elkarlan ariketa kolektibo handia ere bada. Eskolak, gurasoak, monitoreak, kirol elkarteak eta Udala uztarri berean aritzen gara. Horren baitan egin zen duela urte gutxi batzuk eskola kirolaren ereduaren inguruko hausnarketa, eta horrek aldaketa eragin zuen. Herrian kirol elkarteek lantzen dituzten hainbat kirol daude orain eskola kiroleko programan, haurrek kirol horietan aritzeko aukera bermatzeko. Zabaldu egin da aukera lehengo aldean, eta orain, judoa, arrauna, piraguismoa, pilotaren modalitateak, igeriketa eta hockeya ere egiten dituzte, azkeneko hau herrian txertatuta ez badago ere. Eskubaloia, futbola, saskibaloia eta mendizaletasuna lantzen segitzen da, lehen bezala.
3. Onurak guztientzat
Aldaketa horrek onura ekarri die kirol elkarte horietako askori. Eskola kiroleko haurrek kirol hori maila federatuan egiteko aukera dutenean adinez, hazi egin da kirol horietara azaltzen diren haurren kopurua. Multikirolean oinarritzen da eskola kirola, eta bide onean goazela erakusten digute horrelako datuek.
4. Eskola kirola arriskuan
Agiri edo adierazpen hau egin dugu orain arte aipatu den guztia arriskuan jarri duelako Euskadiko auzitegiaren epai batek. Orain arte, eskola kirola egin behar zen adin horretan egin daitezkeen klubetako jardueretan parte hartzeko. Eta epaiaz geroztik, bazterretan entzuten ari dena da hau da: eskola kirola egitea “derrigorrezkoa” zela lehen, eta orain, berriz, ez. Baina guretzat hori okerra da. Derrigortasuna baino onurez hitz egiten segitu behar da, eta epaia eman duen epaileak ez ditu eskola kirolaren onurak aipatzen.
Eskubide indibidualen izenean eta ardura kolektiboak baztertuz jarri du arriskuan eskola kirola epai horrek. Epaiak egoteko helegitea batek egon behar du, eta guraso batek piztu zuen sua, seme-alaben eskubide indibidualak nabarmenduz. Epaileak hortik ere arrazoitu du epaia. Ez gaude ados, eskola kirola eta klubetako jarduerak bateragarriak direlako, orain arte ikusi izan den bezala. Epaiaren ondorioak izan daitezke eskola kiroleko parte-hartzea jaistea, klub handien jardueren mesedetan. Horixe da, hain zuzen, eskola kirolaren beste ezaugarri on bat: bateragarria da klubetako jarduerarekin, baina beste hau bakarrik indartzen bada orain epaiaren ondorioz, eskola kirola arriskuan legoke. Aldiz, eskola kirolak ez du arriskuan jartzen klubetako jarduera; kontrakoa da, indartu egiten du.
5. Gurasoei zuzendutako deia: orain da unea
Orain da momentua datorren ikasturteko eskola kirolean izena emateko. Zumaian eskola kirola osatzen dugun guztion izenean, deia egin nahi diegu gurasoei beren semeak eta alabak herriko altxorretako bat den honetan jarraitzera animatzeko. Eskola kirola guztiona da, eta bizitzako ikasgai eder bat ere bada. Galtzea asko galtzea litzateke, eta galtzaile asko izango lituzke: haurrak, nagusiki, eta gero, kirol elkarteak. Herriak behar du eskola kirol eredu hau, eta denon ardura da horrela izaten segitzea. Orain izena emateari uzten badio jende multzo handi batek, eskola kirola bera legoke arriskuan.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
Hezkuntza
- Zumaiako 'Appa Hi!' aurkeztu dute, hitanoa praktikatzeko eta ikasteko mugikorretarako aplikazioa 2025/03/20
- 0-6 urte bitarteko gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu Jon Urdineta psikomotrizistak 2025/02/27
- Zabalik dago Zumaian Musika, Dantza eta Antzerkia irakasteko zerbitzua emateko esleipen prozesua 2025/02/19
Herri hezitzailea
- Hurrengo astelehenean (apirilak 14) amaituko dira udazaintza zerbitzuko, udaleku irekietako eta kirol udalekuetako izen-emateak 2025/04/08
- 2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako udaleku eskaintza zabala udarako 2025/03/28
- Arrakasta handia izaten ari da PLAZerA ihes-gela, eta txanda berriak gehitu dituzte 2025/02/12