'Terrazen ordenantza' berriaren edukia azaltzeko saio irekia izango da gaur arratsaldean

2022/12/12

Inplikatutako sektoreekin eta herritarrekin bilerak egingo dituzte urritik abendura bitartean. Ordenantza berriaren zirriborroa landu dute, ahalik eta adostasun handiena duen azken bertsioa osatzeko. Azken hilabeteotan egindako lanaren emaitza gaur aurkeztuko dute; 18:00etan izango da saioa, udaletxeko pleno aretoan.

Terrazen ordenantzaren xedea da Udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari lotuta. Guzti horrek tabernen terrazei zein denden kaleko erakusleihoei eragiten die zuzenean.

Azken urte hauetan espazio publikoaren erabileraren inguruan jasotako kexak eta erabilera desegokiak kontutan hartuta, gaia berrartu du Udalak. Lanketa hori egiteko, inplikatutako sektoreekin zein herritarrekin bildu da Udala azken asteotan (ostalariak, merkatariak, bizilagunak, udal ordezkari eta teknikariak, ostalaritza- eta merkataritza- bezeroak, behar bereziak dituzten herritarrak...), gaiaren inguruko ahalik eta iritzi osatuena edukitzeko.

Ekarpen guztiak jasota, eta lanketa teknikoa egin ondotik, ordenantzaren azken bertsioa prestatu dute. Gaur arratsaldeko saioan prozesuaren inguruko azalpenak eman, eta testu berriaren edukia azalduko dute.

Hurrengo pausoa ordenantza berria plenoan onartzea izango da. Abenduko plenoan emango diote behin behineko onarpena; alegaziorik ez badago, otsailaren 1ean jarriko da indarrean; eta alegaziorik balego, martxoaren 1ean. Horrela, baimenak egokitzeko epea 2023ko ekainaren 1ean amaituko da. 

Aurrekariak

Ordenantza 2019an eguneratu zen lehen aldiz. Prozesu horretan alde inplikatu guztiek parte hartu zuten, egindako sektorekako bilera zein bilera irekietan. Aldaketa egin eta denbora gutxira, ordea, pandemia garaia hasi zen, eta egoerari aurre egiteko neurriek ordenantzan jasotako hainbat alderdi aldatu eta malgutzea ekarri zuten. Horrekin batera, tasen kobrantzan ere malgu jokatu zuen Udalak, herriko ostalaritzak eta merkataritzak bizi izan duten egoeraren jakitun.

Egoera bere onera itzultzearekin batera, ordenantza berformulatzeko beharra ikusi da. Arautze hori egiteko, interes desberdin eta kontrajarriak daudela kontutan hartu beharko da; hala nola, espazio publikoa herritar guztiek erabiltzeko eskubidea, atsedenerako eskubidea, larrialdiei aurre egiteko bermeak, aisialdirako eskubidea, eta merkatari eta ostalarien interesak.