Udalaren esker mezua Gabonetako ekitaldietan lagundu duten herritar guztiei

2026/01/08

Beste behin, herriko elkarte, talde eta boluntario askoren inplikazioari esker antolatu ahal izan ditu Zumaiako Udalak neguko oporretako ekitaldiak. Abenduaren 20tik urtarrilaren 5era bitartean, adin guztietako herritarrentzat pentsatutako askotariko egitaraua izan dugu herrian, eta zumaiarren parte-hartzea sekulakoa izan da aurtengoan ere.

Azken asteotan herriko kaleetan elkartzeko aukera eman dute herrian izan ditugun kultur, kirol eta aisialdi ekitaldiek: kontzertuak, haur eta familia-zinema, kirol txapelketak, ludotekako irteerak, zientzia ekimenak, bertso saioak, San Silbestre lasterketa edota Gabonetako ohiko kabalgata eta kalejirak, besteak beste.

Udalak azpimarratu nahi du egitarau hau aurrera eramatea ezinezkoa litzatekeela herriko norbanakoen eta elkarteen inplikaziorik gabe. Antolaketan zein ekitaldien egunean bertan egindako lanari esker, beste urte batez Olentzero eta Gomezago, eta Hiru Errege Magoak Zumaian izan ditugu, eta Gabonetako egun berezi hauek guztion artean ospatzeko aukera eduki dugu. Bestelako ekitaldiak ere oso arrakastatsuak izan dira.

Horregatik, Zumaiako Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkie neguko oporretako programazioa posible egin duten boluntario, elkarte eta herritar guztiei. Beste behin ere, Zumaia elkarlanaren eta parte-hartzearen adibide izan da.

Amaitzeko, Udalak herritarrak animatu nahi ditu urtean zehar antolatzen diren kultur eta kirol ekimenetan parte hartzen jarraitzera, herri bizia eta bizitzeko modukoa elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.