[ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren

2025/09/18

Urte luzez itxita egon ondoren, Zumaiako Komentua lehen aldiz ireki da herritarren erabilerarako. Musika Eskola eta kultur eragileak bertan daude dagoeneko, eta horma zaharrek jaso dituzte lehen doinu, urrats eta topaketak. Espazio historikoak, azkenik, bizia hartu du. Irailaren 24an egingo dute inaugurazio ekitaldi instituzionala; hilaren 27an eta 28an, gainera, bisita gidatu irekiak izango dira.

P1260291.JPGIrailaren etorrerarekin, Zumaiako Karmeldarren Komentua —herritarren artean Mojaxarren Komentua izenez ere ezaguna— bizitzaz bete da. Urte luzez itxita egon ondoren, espazio historiko hau herritarrentzat zabaldu da lehen aldiz, eta dagoeneko bertan dabiltza Musika Eskola eta herriko hainbat kultur eragile. 

Urtetan isil-isilik egon den espazioa musika doinuez, dantza urratsez eta ikasleen zalapartaz bete da azken egunotan. Klarineteak, pianoak, gitarra elektrikoak eta ahotsak entzuten dira horma zaharren artean. Komentua hasi da, beraz, pixkanaka kultur topagune bihurtzen.

> Argazki galeria albistearen amaieran ikusgai

P1260427.JPGKlaseak eta entseguak hasi dira dagoeneko, baina Komentua ez da soilik jarduera kulturalak egiteko lekua izango. Hasiera-hasieratik komunitate-eragile gisa pentsatu eta sortu da. Zumaiako Alde Zaharreko bihotzean kokatua, sormenaren, topaketaren eta elkar-ekintzaren bilgune izateko jaio da. 

Halaber, eta, helburu horiei erantzuteko, kudeaketa eredua ez da goitik beherakoa izango. Zumaiako Udala eta herriko elkarteak elkarlanean definitzen ari dira erabilera eta antolaketa irizpideak, Elhuyar fundazioaren laguntzarekin. Helburua argia da: guztion artean kudeatutako espazio bizia sortzea, herritarren ekarpenetik eta sormenetik elikatuko dena, eta herriari eta herritarrei ekarpena egingo diena.

Bisita gidatuak irailaren 27an eta 28an

P1260133.JPGIrailaren 24an ospatuko da Komentuaren inaugurazio ofiziala, ordezkari politikoekin, teknikariekin eta kultur eragileetako ordezkariekin. Zumaiar guztiek, baina, izango dute espazioa ezagutzeko aukera: irailaren 27an eta 28an bisita gidatu irekiak egingo dira herritarrentzat.

BISITA GIDATUAK:
Irailak 27, larunbata: 11:30-13:00 
Irailak 28, igandea: 11:30-13:00

IZEN-EMATEA: 
Alondegiko kultur etxea 09:30-14:00 / 943 861056 / kulturetxea@zumaia.eus
Izena-emateko azken eguna: irailak 25, osteguna (14:00ak arte). Bisiten plaza kopurua mugatua izango da, eta, aurrerago, beharrezkoa izatekotan, halako bisita gehiago antolatuko dira.

Urte luzez itxita egon ondoren, Komentuaren ateak zabalik daude, eta jada herritar asko pasa dira bertatik. Udaberrian, espazioaren etapa berria ospatzeko egitarau zabala prestatuko da.

Udaberrian, askoz gehiago

Komentua jada martxan egon arren, oraindik ez dago guztiz amaituta. Hurrengo hilabeteetan beste hainbat pauso etorriko dira:

  • Espazio ezagunena, komentuko kapera, auditorio bihurtuko da, eta 2026ko udaberrian zabalduko da. 300 pertsonarentzako edukiera izango du zutik (edo 120 eserita), eta askotariko arte eszenikoak hartzeko prestatuko da.
  • Lorategia ere udaberrirako prest egotea aurreikusten da, ingurunearekin harreman zuzena izango duen topagune berria sortzeko.
  • Horren ostean etorriko dira aterpetxea, mojen bizimodua ezagutzeko interpretazio-zentroa, eta kantina-kafetegia, espazioaren erabilera soziala osatzeko.

Udalaren helburua da Komentua Zumaiako kultur sarearen bilgune eta komunitatea saretzeko gune berritzaile bihurtzea. Aldi berean, Alde Zaharrari bizia ematea eta herriguneko jarduera sendotzea ere bada proiektuaren xede nagusietako bat.

6,18 milioi euroko inbertsioa

Eraberritze prozesua 2022 amaieran hasi zen, eta 2024ko irailean amaitu ziren obra zibilak. Espazioa guztiz egokitu da herritarren erabilerarako, eta Zumaiako Udalak 6,18 milioi euroko inbertsioa egin du guztira. Kopuru horren zati handi bat erakunde ezberdinetatik lortutako dirulaguntzei esker egin da:

  • 2,78 milioi euro Espainiako Gobernuko PIREP programaren bidez.
  • 241.935 euro Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren bitartez.
  • 400.000 euro Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bidez, lorategia eta kanpo espazioak egokitzeko.

Zumaiako Udalak inbertsio gehiago egingo ditu hurrengo hilabeteotan, aurrez aipatutako azpiegiturak behar bezala garatzeko. Bide horretan, Udalak lanean jarraitzen du finantziazio-iturri berriak bilatzen eta beste erakunde batzuekin hitzarmen berriak adosten, Komentuko bizitza eta erabilera indartzeko. Gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harreman zuzena mantentzen du horretarako.