Urola Kostako bioaniztasunari buruzko hitzaldia izango da gaur arratsaldean

2021/09/23

Anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzen inguruko hitzaldia eskainiko du Ion Ion Garin-Barriok, 19:30ean Algorri Interpretazio Zentroan.

Urola Kostako bioaniztasun ezkutua: anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin orratzak du izenburua hitzaldiak, eta hizlaria Ion Garin-Barrio izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kidea. Hitzaldia 19:30ean izango da, eta helburu nagusia Aranzaditik gauzatzen dituzten "hezkuntza eta dibulgazio ekintzak jendarteratzea da, herritarren zientziaren aipamena eginez". Hori guztiak kontatzerako orduan gizarteak gutxi ezagutzen dituen bizidunak erabiliko ditu hizlariak, "inguruko jendeak arreta berezia espezie hauetan jarri dezan".

Gaur bertan Odonatoak: uraren hegoak izeneko erakusketa zabalduko da Algorri Interpretazio Zentroan. Astebetez izango da erakusketa Algorrin, eta harekin batera hitzaldi labur bat entzuteko aukera ere izango da.

Ekimen horiek Gorostiagako hezegunearen inguruko dibulgazio egiteko antolatu ditu Udalak, zenbait herritarrekin elkarlanean. Putzu horrek ingurune horretako ekosisteman sortutako onuren berri eman nahi dute ekimen sorta horrekin.

Gorostiagako ingurua hezegunea zen bere garaian. Orain hamarkada batzuk, ordea, autobidea egin zutenean bertan pilatu zituzten harriak eta lurra. Ondorioz, inguruan zeuden hezeguneak lehortu egin ziren. Eremu horretako biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko eta espezie mehatxatuei laguntzeko, duela urte eta erdi inguru ur gezarako putzua sortu zuten Garbigunearen eta Urola ibaiaren artean.

Irteera gidatua larunbatean

Larunbatean, irailaren 25ean, Zumaiako hezegunetako hegalari ixilak irteera gidatua egingo da. Iñaki Mezquitak gidatua Zumaiako bi hezegune ezagutuko dira. Irteera Jadarre auzoko zubi ondotik abiatuko da goizeko 10:00etan.