Zumaiako hondartzetan ere betetze maila neurtuko dute uztailaren 1etik aurrera

2020/06/17

Kameren bidez neurtuko da aforoa, eta hondartzetara sarrerak eta irteerak zehaztuta egongo dira. Udalaren izenean arduraz jokatzeko eta egonaldi laburrak egiteko eskaera egin dute.

Gipuzkoako gainontzeko kostako herri gehienetan bezala, Zumaiako hondartzetan ere uztailaren 1ean hasiko dute hondartzen betetze mailaren neurketa. Udalak dagoeneko zehaztu du hondartzetako erabilera zehazteko kontingentzia plana; aforoak kameren bidez kontrolatuko dira, eta hondartzetara sarrerak eta irteerak araututa egongo dira.

COVID-19ak baldintzatutako hondartza denboraldia izango da aurtengoa, eta gaitzaren hedapena saihesteko herritar eta erakundeek arduraz jokatzea ezinbestekoa izango da. Udalak zehaztutako neurriak uztailaren 1etik irailaren 15era egongo dira indarrean.

Alex Olidenen arabera, hiru ardatz nagusi daude hondartzetan ere COVID-19aren hedapena saihesteko. Lehenik, garrantzitsua izango da bestelako eremuetan ere bete beharreko higiene eta prebentzio neurriak eta distantzia mantentzea. Bigarrenik, hondartzen betetze maila neurtuko dela azaldu du, horietan jende pilaketak saihesteko. Azkenik, “herritarren konplizitatea” eskatu du Olidenek.

Gainera, Olidenek azaldu duenez, garrantzitsua izango da ohi baino egonaldi laburragoak egitea: “2-3 orduko egonaldiak egitea gomendatzen dugu, guztiok hondartzan egon ahal izan gaitezen”. Adierazi duenez, ez da kontrol zorrotzik egingo, uste dutelako herritarrek jakingo dutela egoeraren arabera moldatzen.

Bestalde, ezin izango da da taldekako kirolik egin hondarretan; hau da, ezin izango da futbolean edo paletan aritu. Surf eskolek araututako eremua erabili ahal izango dute, eta surflariek ere kirola egin ahal izango dute, zuzenean ekipamendu osoarekin uretara sartuta.

Hondartzako ekipamenduei dagokionez, komunak, kanpoko dutxak eta oinak garbitzeko iturriak martxan egongo direla azaldu dute. Barruko dutxak eta aldagelak, berriz, itxita egongo dira. Komun publikoetan garrantzitsua izango da higiene neurriak errespetatzea.

Azkenik, ezarritako arau orokorren baitan irisgarritasuna bermatzeko salbuespenak ere aurreikusi dituztela adierazi dute.

Zumaiako hondartzen inguruko informazioa

Itzurun, itsasgoran itxita

Olidenen arabera, aurtengo udan ohikoa izango da Itzurun hondartza tarteka itxita egotea; “marea goian dagoenetan edo marea biziak direnetan, hondartza itxi egin beharko da”. Ordubete lehenago herritarrei pixkanaka hondartzatik ateratzeko eskatuko dietela azaldu dute.

Tarte horretan herritarrek ezingo dute hondarretan egon; surfa edo bestelako jardueraren bat egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute, betiere, hondartzan toalla edo bestelakorik uzten ez badute.

Betetze maila, unean-unean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak aplikazio bat jarriko du martxan herritar guztien eskura, horren bidez hondartzak zenbateraino beteta dauden jakiteko, datuak une oro eguneratuta.

Biometria bidez aforoa kontrolatzeko tresna bat izango da, eta semaforo sistema baten bidez aurkeztuko ditu datuak. 15 minutuero eguneratuko dituzte datuak, eta hondartzen betetze mailaren aurreikuspena ere egingo du sistemak. Aplikazioa aurki aurkezteko asmoa dutela adierazi dute.

Itzurun hondartzen kasuan, Amaiako plazan semaforo moduko bat jarriko du Udalak, hondartzara iritsi aurretik betetze maila zein den jakiteko.

Sarrerak eta irteerak araututa

Hondartzetako sarrerak eta irteerak araututa egongo dira aurtengo udaran. Itzurun hondartzaren kasuan, hondartzaren eskubiko aldapatik sartu beharko dira herritarrak; hondartzatik irteteko, berriz, ezker aldeko eskailerak erabili beharko dituzte. Kantinara joateko eskubi aldeko eskaileretatik jaitsi beharko dira.

Santiagoko hondartzan, berriz, aldapa erabiliko dute sartu eta irteteko. Portutxikiko eskailerak hondartzatik ateratzeko bakarrik erabiliko dira; kantinara bertatik igotzen direnak aldapa erabili beharko dute hondartzara itzuli nahi badute. Padura eta Zuloaga familiaren etxaldearen arteko bidexka itxita egongo da uda denboraldian, baita dunetatik igarotzeko bidexkak ere.

Ricardo Landa teknikariak azaldu duenez, sarrera eta irteerak seinaleen bidez adierazita egongo dira uztailaren 1erako.

Sorosleak dagoeneko martxan

Zumaiako sorosleak astelehenetik ari dira lanean. Aurten sorosle bat gehiago kontratatu du Udalak, hondartzako zerbitzua indartzeko zein herriko bestelako ur-eremuak ere zaintzeko.

Sorosleak izango dira Itzurun eta Santiagoko sarbideak zehaztuko dituztenak eta hondartzaren egoeraren berri emango dutenak; hala, horien irizpideak betetzearen garrantzia azpimarratu dute udal ordezkari eta teknikariek.