Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak arautu ditu, Etxebizitza Planaren barruan
Udalbatzak ahobatez onartu du arau subsidiarioaren aldaketa, udalerriko etxebizitza turistikoak erregulatzeko. Jarduera ekonomiko moduan hartuko dira aurrerantzean, eta, ondorioz, hainbat neurri murriztaile aplikatuko dira.
Joan den osteguneko osoko bilkuran onartuko den araudiak zehazten duenez, etxebizitza turistikoak lehenengo solairuan bakarrik egon ahal izango dira aurrerantzean Zumaian —lehenengo solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute—, eta betiere, eraikin osoaren azaleraren %12 baino gehiago okupatzen ez badute. Alde Zaharrari begira murriztaileagoa izango da araua, gehienez okupatu ahal izango duen finkaren azaleraren muga %8koa izango baita.
Ondorioz, dagoeneko erabilera turistikoko etxebizitzak edota bestelako jarduera ekonomikoak (abokatu bulego bat, adibidez) dauden eraikinetan ezin izango da etxebizitza turistiko berririk ezarri. Eta, adibidez, atari batean hiru etxebizitza bakarrik badaude, ez da etxebizitza turistikorik jartzea baimenduko, etxebizitza bakoitzak baimendutako azalareraren muga gainditzen duelako; kasu horretan, beraz, lehenengo solairuan ere ezingo litzateke etxebizitza turistikorik jarri.
Entzun hemen Argi Yeregi hirigintza zinegotziari egin dioten elkarrizketa:
Bestelako neurri murriztaile batzuk ere aplikatuko dira: bajo eta lokalak ezingo dira inoiz etxebizitza turistiko bihurtu (udal ordenantzak kasu batzuetan etxebizitza bihurtzea baimentzen du, hainbat baldintza beteta), eta, bestalde, etxebizitza batek bete beharreko hainbat baldintza bete beharko ditu (gutxieneko azalera bat edukitzea, esaterako).
Garrantzitsua da nabarmentzea araudiak ez duela atzeraeraginezko eraginik izango gaur egun modu egokian erregistratuta dauden etxebizitza turistikoei. Edonola ere, gaur egun Eusko Jaurlaritzako erregistroan izena emanda daudenek urtebeteko epea izango dute haien egoera legeztatzeko.
Halaber, beste edozein jarduera ekonomikorekin egiten den moduan, modu irregularrean dauden etxebizitza turistikoen jarraipena egin, eta zehapen-bideak martxan jartzeko protokoloa landuko du Udalak, dagokionean bere kabuz ekinez, eta beharrezkoa denean Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriz. Zumaiako Udalak arau subsidiarioaren aldaketaren bidez arautu ditu etxebizitza turistikoak:
Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen dokumentuaren aldaketa: udalerriko turismo-ostatuko establezimenduen hirigintza-antolamendua
Arau aldaketa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero sartuko da indarren, eta, bitarte horretan etxebizitza turistikoen moratoriak indarrean jarraituko du.
Etxebizitza turistikoak arautzeko beharra
Etxebizitza turistikoak arautzeko beharra agerian geratu da azken urteotan, jarduera mota horrek nabarmen egin baitu gora. 7 etxebizitza turistiko zeuden erregistratuta 2016an, eta 56 daude egun; halaber, ostatu-eskaintza osoa kontutan hartuta (honen barruan daude etxebizitza turistikoez gain hotelek edota kanpinak eskaintzen dituen plazak), Zumaian 100 biztanleko 9,62 ostatu-plaza daude egun, Donostia edo Bartzelona bezalako hirien maila beretsuan.
Alokairuko etxebizitzen eskasia eta tokiko higiezinen merkatuko prezio altuak funtsezko motibazioak izan dira neurri hau hartzeko, baita bizilagunen bizi-kalitatea eta turismoaren neurrigabeko hazkundea saihestea ere. Jarduera horrek herri-ehunari eta bizilagunei zein herritarrei eragiten diela jakinik, neurri murriztaileak ezarri dira jarduera hori gauzatzeko.
Udal Gobernuaren esanetan, honakoa ez da modu isolatuan hartutako neurria. Etxebizitza Plan integral baten bidez, etxebizitzarekin lotutako hainbat arazo jorratu nahian ari da Udal Gobernua. Beste ekimen batzuk ere egiten ari dira, hala nola alokairuko parke publiko bat sustatzea eta hutsik dauden etxeak merkaturatzea. Zumaia gune tentsionatu izendatu dezaten eman beharreko pausoekin ere ari dira dagoeneko.
Prozesu luze baten emaitza
Araua osatzeko prozesua luzea izan da: aurreko legealdian Etxebizitza Plana osatzeko lanketa abiatu zuen Udalak, Hiritik At kooperatibaren eskutik. Etxebizitza turistikoekin lotutako lan-lerroaren barruan diagnostiko bat egin zen aurrena, eta, ondoren, eragile desberdinekin batera landu zen gaia: etxebizitza asanbladako kideekin, etxebizitza turistikoen jabeekin, eta arlo desberdinetako udal teknikariekin. Herritarrekin saio irekiak ere egin zituen Udal Gobernuak. Zenbait oinarri adostu ziren prozesu horretan, eta, irizpide horiek kontutan hartuta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan ere landu zen gaia.
Hasiera batean prozesuan parte hartu duten eragileekin udalerriko etxebizitza turistiko kopurua mugatzea adostu bazen ere, arauaren egonkortasun bermatze aldera, bestelako neurriak hartu dira azkenean. Edonola ere, emaitza, finean, antzekoa izango dela aurreikusten du Zumaiako Udalak.
Zumaia 'eremu tentsionatu' izendatu dezaten lanean
Lehenago esan moduan, Etxebizitza Planaren barruan bestelako lanketa bat ere abian du Udal Gobernuak; hori horrela, Zumaia "eremu tentsionatu" izendatzeko beharrezko memoria osatzeko lanetan murgilduta daude dagoeneko. Izendapen horrek hainbat abantaila dakartza alokairu-kontrateutan maizterrentzat, besteak beste.
Gai horrekin lotutako mozio bat aztertu zuten osteguneko osoko bilkuran, EH Bilduk eta PSE-EEk batera aurkeztuta; haien aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten adierazpena. Horrela, Zumaiarrek etxebizitza eskuratzea gaur egun udalerrian dagoen arazo larrienetako bat izanik, Zumaia tentsio-eremu izendatzeko eskaera aurkezteko konpromisoa hartu du Zumaiako Udalak. Era berean, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio "Etxebizitza Legearen garapena ez oztopatzeko eta tenkatutako eremuen izendapena errazteko".
Albiste erlazionatuak
Etxebizitza
Etxebizitza Bulegoa
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27