Tentsio handiko etxebizitza eremu izateko bidean da Zumaia

2025/01/31

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen izendapenaren hasierako onarpena joan den astean; ezarritako epeak igarota, Espainiako Boletin Ofizialean argitaratu ondoren sartuko da indarrean. Izendapen horrek, besteak beste, hainbat kasutan alokairuen prezioei muga jarri ahal izatea ahalbidetuko du, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Diagnostikoa egitearen batera, hiru urteko ekintza plana zehaztu du Udalak.

Zumaiako etxebizitzaren egoeraren azterketa sakon batean oinarrituta, Zumaia tentsio handiko eremu izendatzea eskaera luzatu zion Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari 2024ko ekainean. Legeak izendapen hori egiteko ezartzen duen bi baldintzetako bat betetzen zuela ikusita, diagnostikoa eta hiru urteko plan zehatz bat igorri zituen Udalak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen izendapenaren hasierako onarpena joan den astean; ezarritako epeak igarota, Espainiako Boletin Ofizialean argitaratu ondoren sartuko da izendapena indarrean.

Zumaia eremu tentsionatu izendatzeak ondorio zuzenak ekarriko lituzke maizterrentzat, hala nola:

  1. Kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.

  2. Kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. Salbuespen gisa, errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxearen eraberritzearekin, energia eraginkortasunarekin edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egiten badira.
  3. Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa mugatu egingo da. Gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. 
  4. Alokatuko den etxearen jabea jabe handia bada —bost etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da. 

Etxebizitza, lehen mailako arazoa

Diagnostikoaren arabera —albiste honen amaieran atxikita ikusgai dago diagnostikoaren laburpena—, agerikoa da Zumaiako etxebizitza merkatuan dagoen presio handia: eskaintza gainditzen duen eskaria dago, eta etxebizitzen prezioak (salmentakoak zein alokairukoak) oso altuak dira. 2017tik 2022ra bitartean alokairuaren errenta % 22,8 igo da, hau da, 8,8 puntutan gainditzen du KPI indizeak izandako hazkundea. Horiek horrela, tentsio-eremuaren izendapena eskatzeko bi baldintzetako bat betetzen du Zumaiak.

Udalerri osoa eta familia-eredu guztiak oro har kontutan hartuta, etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoak ez du % 30eko irizpidea gainditzen. Izan ere, bataz beste, diru-sarreren % 26,2  bideratzen ditugu zumaiarrok etxebizitza ordaintzera. Edonola ere, beste familia-eredu batzuk eta bakarrik bizi diren pertsonak kontuan hartuz gero, ahalegin ekonomikoa handiagoa izango litzateke: % 30,3 emakumeentzat eta % 55,0 bakarrik bizi direnentzat. Gainera, alokairu-errenta etengabe handitzen ari denez, irizpide hori etorkizun hurbilean bete liteke, familiaren diru-sarrerak nabarmen handitzen ez badira behintzat. Horrenbestez, bigarren baldintza hau modu zurrunean betetzen ez bada ere, kontutan hartu beharreko faktorea dela uste du Udalak.

Etxebizitza-arazoei irtenbideak emateko lanean

Ekimen honekin Zumaiako Udalak herritarrei eragiten dieten etxebizitza-arazoei heltzeko eta arazo horiek arintzeko duen konpromisoa agertu nahi du, eta bere asmoa da inplikatutako alderdi guztiekin lankidetzan jarraitzea, irterbide eraginkorrak eta iraunkorrak aurkitzeko. Zentzu horretan, honakoa Etxebizitza Plan integral baten barruko neurrieta bat dela argitu nahi du Udalak; bestelako ekimenak ere sustatzen ari da

Egoera hori iraultzea da Zumaiako Udalaren asmoa, zehazki: Zumaiako herritarren etxebizitza premiak asetzeko udal etxebizitza-politikak garatzeko neurriak proposatu eta adostu eta egikaritzea, biztanleek etxebizitza duin eta egoki bat arrazoizko prezioan eskuratu ahal izatea bermatzeko. Helburu nagusi horri erantzuteko, Zumaiako herritarren beharrak ase eta etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko beharrezko neurriak egikaritzeko ekintza-plana diseinatu du Udalak, lau ardatz nagusitan antolatuta: 1) Alokairu eskuragarria sustatzea; 2) Alokairuko prestazio eta dirulaguntzen sistema; 3) Etxebizitzen parkearen eta hiri birgaitzearen gaineko jarduketak; eta, 4) Gobernantza sistemak eta erakundeen koordinazioa. Ardatz horien inguruko informazio gehiago beheko taulan dago irakurgai.

> Etxebizitza Bulegoa

Ekintza plan horrek 2023ko maiatzean osatutako Zumaiako Etxebizitza Plana du oinarri; hilabetetako lanketaren ondorio izan zen plana, eta Hiritik At kooperatiba eta Zumaiako Udala eskuz esku aritu ziren, herriko hainbat eragile eta ordezkarirekin batera (Etxebizitza Asanbladako kideak, Higiezinen Bulegoetako kideak, etxebizitza turistikoen jabeak eta udal teknikariak, besteak beste). Plan horrek ondorioz hainbat lan-lerro martxan jarri edota aurretik martxan zudenak sakondu zituen Udalak, Etxebizitza Bulegoa martxan jartzearekin batera. Plan horren lan lerro nagusiak hiru multzotan sailkatu ziren: 1) Etxebizitza hutsen mobilizazioa; 2) Alokairuko promozio berrien sustapena; eta, 3) Etxebizitza turistikoen arautzea. Beraz, Zumaiako Udala ez da hutsetik abiatu ekintza plan hau diseinatzeko; hainbat jarduketa lerro 2023ko planetik eratorritakoak dira, eta horietako asko martxan daude dagoeneko; beste batzuk, berriz, plan honetan berariaz jasotakoak dira.