2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea
Babes ofizialeko etxebizitzen bloke berdinean alokairu publikora bideratzeko 6 etxebizitza eskuratuko ditu Udalak, eta, gainera, beste 6 apartamentu tutelatu martxan jarriko ditu behe-solairuan. Aurrerago, beste 54 etxebizitza tasatu ere eraikiko dituzte eremu berean. Gainera, Zumaiako Udala etxebizitza-politika estrategiko integral bat garatzen ari da, herritarren beharrei erantzuteko.
Zumaiako Udalak iragarri du 2025eko udazkenean zabalduko dutela babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketan izena emateako epea. Torreaga promozioko Babes Ofizialeko Etxebizitzen blokea eraikitzeko pleguen oinarriak onartu ditu gaur goizean Zumaiako Udalak, eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo astetan aterako du lizitaziora.
Salmentara bideratutako babes ofizialeko 42 etxebizitza horiez gain, beste bi elementu garrantzitsu barnebiltzen dituzte oinarriok:
- Alokairu publikora bideratzeko 6 etxebizitza
- 6 apartamentu tutelatu berriren sorrera. Apartamentu tutelatuak baldintza zaurgarriak dituzten herritarrei zuzendutako etxebizitzak dira. Egungo kanon eta baldintzetara egokitutako etxebizitzak izango dira, esparru intimoak zein elkarbizitza uztartuko dituztenak.
Herritarrei jakinarazi nahi die etxebizitza horien zozketa horretan parte hartzeko izen-ematea 2025eko udazkenean zabalduko dela; ondo bidean, urtea amaitu aurretik egin nahiko lukete zozketa ere. Halaber, gogorarazi du Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko bi baldintza bete behar direla: Etxebiden etxebizitza eskatzaile moduan izena emanda egotea, eta, Zumaian erroldatuta egotea. Baldintza ekonomikoei dagokionez, Eusko Jaurlaritza da zehaztapen horiek egiteko eskumena duena –kontsultatu hemen kopuruak–. Etxebizitza tasatuei dagokien prozesuaren inguruko berriak aurrerago emango dituzte.
Torreaga: 108 etxebizitza babestu eta 1.500 m²-ko lokal berria
Aipatutako 42 etxebizitza horiek ez dira Torreaga eremuan egingo diren etxebizitza babestu bakarrak. Guztira, 108 etxebizitza babestu eraikiko dira eremu horretan. Gainera, Zumaiako Udal Gobernuak aspalditik datorren promozio hau baliatu nahi izan du etxebizitza eremu berri honi begira lanketa berritzaileak egiteko.
Horiek horrela, Torreaga etxebizitza eremuaren barruan honakoak dira azpimarratzeko elementuak:
- Babes Ofizialeko 42 etxebizitza (salmentakoak)
- Alokairu publikorako 6 etxebizitza
- 6 etxebizitza tutelatu
- 54 etxebizitza tasatu. Eraikin honen eraikuntza beranduago izango da, eta, izen-emate prozesua ere, Babes Ofizialeko Etxebizitzena baino beranduago izango da.
- 1500m2ko lokala: Zumaiako Udalak 1500m2-ko lokala ere eskuratuko du Torreaga Berriko eraikinen azpikaldean. Lokal horri gizarte zerbitzuekin, zaintzarekin, hezkuntzarekin edota bestelako zerbitzu sozialekin lotutako erabilera ematea proposatzen du Udal Gobernuak. 2025ean zehar zehaztuko da erabilera zehatza, Matia Fundazioak gidatutako prozesuan eta Prebentzio Mahaiarekin elkarlanean.
Gainera, Zumaiako Udalak diru-kopuru bat jasoko du promozio honen ondorioz. Diru-kopuru hori etxebizitza politikak indartzeko erabiltzeko asmoa du gobernuak.
Etxebizitza arazoari aurre egiteko lanean, plan baten barruan
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Zumaiako Udalak plan estrategiko integral bat dauka martxan. Izan ere, Udala jakitun da etxebizitzaren prezio altuek eta eskaintza mugatuak herritarrengan duten eraginaz. Horregatik, bere eskumeneko neurri guztiak hartzen ari da egoera arintzeko.
Hala ere, argi utzi nahi du errotiko aldaketak beharrezkoak direla, eta bestelako instituzioei ere neurri sendo eta eraginkorrak hartzeko deia luzatu nahi die, neurri horiek hartzearen urjentzia mahai-gaineratzearekin batera.
Etxebizitza Planaren barruan, honakoak dira Zumaiako Udala garatzen ari den neurri nagusiak:
- Zumaia "eremu tentsionatu" izendatzeko prozesua martxan: Izendapen horrek, besteak beste, hainbat kasutan alokairuen prezioei muga jarri ahal izatea ahalbidetuko du, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Diagnostikoa egitearen batera, hiru urteko ekintza plana zehaztu du Udalak.
- Aita Mari-Puntanoeta promozioa: Guztira 315 etxebizitza eraikitzea da asmoa, gehienak babestutakoak (alokairukoak eta salmentara bideratutakoak). Futbol zelai berriak, bestelako kirol ekipamenduak, eta 200 plazako lurrazpiko aparkaleku publikoa ere barnebiltzen ditu plangintzak.
- Etxebizitza turistikoak mugatzea: Araudi berriaren ondorioz, etxebizitza turistikoak lehenengo solairuan bakarrik egon ahal izango dira aurrerantzean Zumaian —lehenengo solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute—, eta betiere, eraikin osoaren azaleraren %12 baino gehiago okupatzen ez badute. Alde Zaharrari begira murriztaileagoa izango da araua, gehienez okupatu ahal izango duen finkaren azaleraren muga %8koa izango baita.
- Etxebizitza hutsen diagnostikoa eta lanketa: Zumaiako Udala udalerrian dauden etxebizitza hutsak identifikatzeko lanketan murgilduta dago Gislan datuen zientzian espezializatutako kooperatibaren bidelaguntzarekin. Identifikaziorako sistemak definitutua, etxebizitza huts horiek merkaturatzea bultzatzeko neurriak hartuko ditu.
- Etxebizitza bulegoa martxan: Aipatu politika guzti horiek martxan jartzeko Udaleko Etxebizitza Bulegoa dute tresnatzat. Gainera, herritarrentzat erreferentziazko puntua da, askotariko zalantzak argitzeko edota tramiteetan laguntzeko.
Albiste erlazionatuak
Etxebizitza
Etxebizitza Bulegoa
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27