Zumaiako Udalaren adierazpen instituzionala, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunaren harira

2020/11/25

Indarkeria matxistarik gabeko guneak eraikitzera bidean, zenbait konpromiso agertu dituzte Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek azaroaren 25ean. Halaber, mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten diete zumaiarrei. 18:30ean izango da mobilizazioa, Beheko Plazan.

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, Zumaiako Udal honek bere egiten du gure lurralde, herrialde eta herriak indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, orden sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez.

Aparteko une batean bizi gara, non osasun-egoerak foku guztiak bereganatu dituen eta gure bizimoduan eragin handia izan den. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak bereziki kaltetu dira, horien artean indarkeria matxistaren biktimak. Konfinamenduan emakumeek jasan dituzten egoerak modu bortitzagoan azaleratuko dira gero, zantzu guztien arabera. Alde batetik, zerbitzu askok funtzionamendua aldatu dute, beste batzuk gelditu egin dira eta beste batzuek baliabideak desbideratu dituzte, zuzenean edo zeharka. Bestetik, eta aurreko krisietan gertatu zen bezala, jendarte-estres handiagoak eta jendarte-gehiengoen bizitzaren prekarietate orokorrak erasotzaileen indarkeria areagotzea ekarriko dute, eta emakumeek autonomia gutxiago izango dute erabakiak hartzeko.

Pandemiak sortutako egoera honetan, konpromiso politiko argia behar dugu, gizarteak erakundeei eskatzen baitie emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bihur dezatela.  Inoiz baino gehiago zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak izateko, emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomia-prozesuetan laguntzeko garaia da.  Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzea merezi duen bizitzarako oinarrizko eskubidea berreskura dezaten. Behar-beharrezko baldintza da, gainera, gure herriak eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indartu daitezen.

Eta, beti bezala, mugimendu eta aditu feministen eskutik egin behar dugu. Krisiaren lehen unetik ahotsa altxatu duten horiek, konfinamenduan gatibu hartuta arrisku-egoeran zeuden emakumeei eta euren seme-alabei arreta emateko eskatu dute, eta begien bistatik ez galtzeko behin deskonfinamendua iritsitakoan emakumeengan izango zituen ondorio bereiziak.

Gogoan dugu, halaber, aurten Euskal Herrian hil dituzten 4 emakumeak, denak konfinamenduaren hilabeteetan. Lanean jarraitu behar dugu, denok, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Errealitate sozial larria da, denoi interpelatzen gaituena, ezin dugu eta ez dugu beste alde batera begiratu behar. Erakundeok erantzukizun berezia dugu horretan.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

  1. Zumaiako Udal honek egun daukan indarkeria matxistaren aurreko erantzun protokoloaren etengabeko balorazio eta hobekuntzak egingo ditu, protokolo ahalik eta osatuena lortzeko eta erantzunik osoena eman ahal izateko.
  2. Zumaiako Udal honek konpromisoa hartzen du COVID19aren krisiak indarkeria matxistetan izan ditzakeen eraginak aztertzeko, aldundiekin, Emakunderekin eta mugimendu feminista eta emakume-elkarteekin koordinatuta, eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzeko.
  3. Zumaiako Udal honek  Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko, nagusiki COVID19aren krisiak eragina berezia izan duen esparruetan.
  4. Zumaiako Udal honek herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu.
  5. Zumaiako Udal honek, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako (eta egungo egoerari egokitutako) jabekuntza jarduerak sustatzen jarraituko du Emakume etxearekin batera, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
  6. Zumaiako Udal honek, nerabeei eta gazteei zuzendutako eta egungo egoerari egokitutako sentsibilizazio- eta formazio-jarduera iraunkorrak sustatzen jarraituko du, hezkidetza programaren bitartez, emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.
  7. Zumaiako Udal honek gizonei bideratutako hausnarketa espazioak bultzatzen jarraituko du.
  8. Zumaiako Udalak borroka feministaren alde hartu duen konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  9. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.