Zumaiako Udalaren adierazpena, Martxoaren 8an
Osoko bilkurak onartutako adierazpenean, Zumaiako Udalak, besteak beste, mugimendu feministak mahaigaineratuko zaintzen krisiaren erronkei heltzeko konpromisoa hartzen du, haien lana aitortzearekin batera. Halaber, dei egiten die zumaiar guztiek gaur arratsaldeko protestan parte hartzera; manifestazioa 19:00etan hasiko da, Beheko plazan.
Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Baina ez dira atzokoak krisi honi erantzun nahi dioten mugimendu eta ekimenak. Hala ere nabarmendu nahi dugu, pasa den Azaroan, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa ardatz, Euskal Herrian, Greba Feminista Orokorra aitzindaria izan dugula. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da. Gure herrian ere lanketa sakona egin genuen eta bi dimentsiotan ardaztu ziren aldarrikapenak. Alde batetik eremu pribatuan, emakumeak familia eremuan bereziki egindako lan ordaindugabea ikusaraziz eta bestetik feminizatutako eremuetan egindako lan ordaindu prekarioa salatuz.
Argi geratu zen herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrietan, eta emakumeen gainean erortzen dela zaintzaren lan karga gehiena. Honek dakarren ondorioetako bat, feminismoetatik izendatutako lanaldi bikoitz edo hirukoitzak dira, beste gauza batzuetan emakumeei haien denbora eskaintzeko aukera kenduz, izan lana ordaindua, militantzia politiko soziala, etab. Hau da, boterea zentzu zabalean eta gaitasun politikoak sortzen dituzten alor horietan guztietan egoteko aukera murrizten zaie emakumeei. Honen eraginez, denboraren banaketa desparekoak gertatzen jarraitzen dute eta emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan lan hauetatik ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute.
Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeak boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatuta izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan.
Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa baizik. Komuna kudeatzeko erantzunkidetasun behar dugu beraz eta horretarako argi izan behar dugu politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela. Beraz, zeharkakotasun erradikal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak honako hau erabaki du:
-
Mugimendu Feministarekin batera Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, Zaintza mahaietan besteak beste.
-
Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
-
Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
-
Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
-
Emakumeen tokiko memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta talde feministetaraino.
-
Emakumeen gizarte-ikusgarritasuna sustatzea, batez ere adineko emakumeena, aniztasun osoan, eta edadismoari aurre egitea, gizartean emakumeen zahartzaroari buruz nagusi den irudia, adinean eta estereotipo intersekzionalizetan oinarritutakoa, gaindituz.
-
Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista non eta nola erabiltzen den ikertzea eta horren inguruan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.
Albiste erlazionatuak
Feminismoa
- Emakumeon* Etxeak sendo hasiko du ikasturte berria; hamabost jabetze eskola, bederatzi elkargune eta ekitaldi askorekin 2024/09/10
- Gizontasunaren inguruko hausnarketa tailerrak izango dira urritik abendura bitartean 2024/08/29
- Udal adierazpena, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean 2024/06/28
- LGTBIfobiaren aurkako eta sexu askatasunaren aldeko mezua agertu du Hezkidetza Foroak 2024/05/17
Berdintasuna
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
Zumaia bizitzeko da
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14