Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira
Azken urteotan itxita egon den gunea herritarrentzat parke berde bihurtuko du Zumaiako Udalak. Proiektuaren aurrekontuaren %83 Europar Batasunetik lortutako dirulaguntzen bidez finantzatuko da.
Erkibeko lorategiaren inguruko berrurbanizazio lanak abenduarekin batera hasiko ditu Zumaiako Udalak. Lanek hiru hilabete iraungo dute, eta gaur egun muruartean itxita dagoen eremua herritar guztientzat zabalduko da.
Proiektuaren aurrekontua 328.930 eurokoa da (BEZa barne). Horren %83 (271.635 €) Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatuko da, eta %17a (57.295 €) Zumaiako Udalak jarriko du. Hain justu, Erkibeko lorategiaren eraldaketa Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren – Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea II. fasearen barruan dago. Proiektua Debegesak aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak zein Espainiar Estatuko Turismo Idazkaritzak baloratu zuten positiboki.
Erkibe Etxea Batzokia izan zen urte askoz (1978tik aurrera), eta gerora, dagoeneko hutsik zegoela, Zumaiako Udalak desjabetze prozedura hasi zuen 1991an. Udalak 2018an eskuratu zuen azkenik eraikina eta inguruko belargunea, eta tarte horretan, 2008aren bueltan, Zumaiako Gaztetxea ere izan zen. Orain, urteetako itxialdiaren ondoren, espazio horrek erabilera publiko eta soziala berreskuratuko du.
Proiektuaren oinarrian hiru ildo nagusi daude:
1. Erkibe ingurua espazio publikoan integratzea
Eusebio Gurrutxaga plaza eta Ignacio Zuloaga plaza modu naturalean lotuko ditu, gaur egun muruartean isolatuta dagoen espazioa herritarren eguneroko ibilbideetan txertatuz. Irekiera honek erdiguneko bi plaza nagusien arteko harremana sendotuko du, oinezkoen zirkulazioa erraztearekin batera.
2. Herritarrentzat egoteko parke berde berri bat sortzea
Espazio berde eta atsegina sortuko da, Beheko Plazaren izaera “gogorragoarekin” kontraste aberasgarria eginez. Ez da soilik igarobide bat izango: herritarrek atseden hartu, elkartu, jolastu edo ekitaldi txikiak egiteko topaleku berri bat izango da. Egungo zuhaitzak mantenduko dira, eta haien inguruan egoteko gune eta eserleku atseginak jarriko dira.
3. Jasangarritasuna eta oinezkoentzako irisgarritasuna lehenestea
Proiektuak 050 zigilua dauka (“Natura eta biodibertsitatea babestea, ondarea eta baliabide naturalak, azpiegitura berdeak eta urdinak”), eta Next Generationen eskakizun guztiak betetzeaz gain, %40ko ekarpen klimatikoa betetzen du: espazio berdeak babestea, azalera iragazgaitzak murriztea, ibilgailu pribatuaren presentzia txikitzea eta oinezkoentzako guneak irabaztea.
Erkibeko lorategiaren eraldaketa ez da proiektu puntual edo isolatu bat: ildo berean kokatzen dira Komentuko lorategia herritarrentzat irekitzea eta Marianton parkean egingo den birmoldaketa osoa, besteak beste. Argi Yeregi hirigintza zinegotziaren esanetan, azken urteotan Zumaiako Udalak hartu duen norabide argi baten parte dira: gune berdeak lehenestea, herritarrentzat egoteko eta elkartzeko topaleku osasuntsuak sortzea, eta klima-aldaketari aurre egiteko neurri eraginkorrak txertatzea hiri-espazioetan.
Yeregirentzat honakoak ez dira proiektu urbanistiko hutsak: zumaiarren eguneroko bizi-kalitatea hobetzeko eta erdigunean naturarekiko lotura berreskuratzeko estrategiak dira: “Gune berdeak eta herritarron arteko topalekuak beharrezkoak dira bizitza osasungarri baterako: ongizatea sortzen dute, herritarron arteko topaketak sustatzen dituzte, eta klima-aldaketaren aurkako babes aktiboak dira”.
OHARRAK:
- Obraren iraupen osoan zehar, oinezkoentzako ibilbide seguru bat bermatuko da. Lanek eskola bidean eragina izan badezakete ere, haurren joan-etorri ordutegiak errespetatuko dira zamalanak egiterako orduan.
- Hondakin-guneetan behin-betiko aldaketak ezarriko dira [xehetasunak hurrengo lerroetan]
Aldaketak hondakin-guneetan
Gune berriaren antolaketa tarteko, gaur egun Erkibeko lorategien murruen parean dauden edukiontziak lekuz aldatuko dira:
- Hondakin arrunten edukiontziak (organikoa, ontzi arinak, papera eta errefusa): honakoak lekualdatu egingo dira. Aurrerantzean Txomin Agirre kaian egongo da hondakin-gune berria. Aldaketa ostiral honetan (azaroak 28) egingo dute, eta obra amaitzen denean ere bertan mantenduko da gunea.
- Birziklapen etxola (hondakin bereziak): Etxola Alai auzunera lekualdatuko da. Aurrerantzean, beraz, Alai auzuneko Eroskiren parean utzi beharko dira hondakin berezi txikiak.
Hurrengo pausoa: Elikagunea
Udalak azaldu duenez, lehen fase honen lehentasuna Erkibeko espazioa urbanizatzea eta herritarren erabilerarako berreskuratzea da. Horren ondoren, bigarren fase batean, eraikinaren beraren birgaitzea lantzea aurreikusten da, eta bertan Elikagunea moduko proiektu bat garatzeko interesa dago: tokiko elikadura, komunitatea eta tokiko ekonomia indartzeko espazioa.
Elikagunerako aurreproiektua dagoeneko osatuta dago, eta etorkizunean eraikina eraberritzean egingo da. Bitartean, Udalak prozesuaren oinarriak eraikitzen jarraituko du.
Helburua da proiektu hori eragileekin elkarlanean garatzea: merkatariak, tokiko ekoizleak, eta elikaduraren inguruan hausnarketa egiten ari den Alberga elkartea izan nahiko lituzke bidelagun. Azpeitiko Elikagunea erreferente gisa hartuta, profil ezberdinek parte hartuko duten prozesu parte-hartzaile eta komunitario bat abiatu nahi du epe laburrean, proiektua herriaren beharretara eta balioetara egokitzeko.




