Lehenengo konexioak egiteko prest dago Zuntz Optikoa Zumaia sarea
Parolaldeko, Larretxoko eta Ardantzabideko erabiltzaileei martxoan zehar aktibatuko zaie zerbitzua, eta aurreikusten da urtea amaitu aurretik zuntz optikoa herriko txoko guztietara iristea.
Guifi.net fundazioa eta Zumaiako Udalaren artean egindako hitzarmen baten bidez, zuntz optikoaren sarea eraikitzeko lanak martxan daude Zumaian. Kalitatezko interneterako sarbidea ematea da helburua, sare parte hartzaile baten bidez. Udalerri osora iritsiko da, eta operadore-anitza izango da. ZOZ proiektuak zuntz optikoa herriko etxeetara iristeko beharrezko konexioak egitea lortu du, eta lehen erabiltzaileak dagoeneko sarea erabiltzen hasiko dira.
Sarearen hedapena eta kudeaketa herritarren, Udalaren eta enpresen ekarpenetan eta elkarlanean oinarritzen da. Zumaia osora iritsiko da, modu jasangarrian eta ingurumenarekiko era arduratsuan, eta desoreka digitala ezabatzeko balioko du. Gainera, tokiko hainbat operadore egoteak aukera ematen dio erabiltzaileari merkatuko eskaintza desberdinen artean bidezko prezioetan egokien deritzon operadorea aukeratzeko, bezeroaren gastuak murriztuz eta tokiko ekonomia indartuz.
Parolaldeko, Larretxoko eta Ardantzabideko etxe eta lokaletan martxoan zehar aktibatuko dute zerbitzua, eta aurreikusten da zuntz optikoa urtea amaitu baino lehen iritsiko dela udalerriko txoko guztietara. Erabiltzaileek honako operadore hauen bidez kontratatu ahal izango dute zerbitzua: ABAILA, BIKOTEK, EVEL eta MARA-EKIN.
Proiektuari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, edota ZOZ etxera noiz iritsiko den jakin nahi dutenek https://www.labur.eus/ZOZ webgunea kontsultatu edo 656 511 916 telefono zenbakira deitu dezakete.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13