15 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2021ean
EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu dira 2021erako aurrekontuak. PSE-EEko ordezkaria abstenitu egin da, eta EAJk ezezkoa eman die aurrekontuei. 2021eko aurrekontuekin gizarte zerbitzuak eta dirulaguntzak 'blindatu', eta 'orain arteko bidetik' segitzea dira Udal Gobernuaren helburuak.
2021. urtean 15,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak. 15 milioi euro Udalaren aurrekontu propioari dagozkio eta 1,2 milioi euro Kirol Patronatuari. Udalaren aurrekontu propioan %9,7ko igoera egongo da 2020ko aurrekontuekin alderatuta.
Arantxa Gajate Ogasun zinegotziaren arabera gizarte zerbitzuak eta dirulaguntzak mantentzea, eta 2020ko aurrekontuekin hasitako “norabide aldaketarekin” jarraitzea izan dira 2021erako aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten bi irizpide nagusiak. Covid-19ak baldintzatutako aurrekontuak izango dira 2021ekoak, izan ere, Gajateren arabera Udalaren diru-sarreretan zein gastuetan “aldaketa handiak izan dira eta izango dira”.
1,9 milioi izango ditu Zumaiako Udalak inbertsioetarako
1,9 milioi izango ditu Zumaiako Udalak inbertsioetarako (xehetasun guztiak inbertsioei buruzko atalean). Diru-sarreretan jaitsiera egon bada ere, urjentziaz egin beharreko zenbait lan egingo dituzte: hala nola, Oikiako saneamendu lanak edota Branka eta Arroa kaleko larrialdietarako etxebizitzetan konponketak. Gainera, Zumaiarentzat estrategikoak diren bi proiektu mailegu bidez finantzatuko dituzte: zuntz optikoaren sare neutroarena eta LED argiteriarena. Zenbait azterlan ere egingo dira: Komentuko eta Erkibeko belardiena, Aita Mari zineari buruzkoa zein Moilaberriko Estazio Zaharrarena.
187.000 euro gordeko dira kreditu globalerako
Bestalde, 187.000 euro gordeko dira kreditu globalerako. Honek urtean zehar sortu daitezkeen proiektu edo gastuei erantzuteko aukera emango dio Udalari. “Bizi dugun osasun egoera dela-eta sortu daitezkeen beharrei erantzuteko balio dezake, beharrezkoa bada”, azaldu du Gajatek.
Herritarren Arreta Zentroa ahalbideratu, eta etxebizitza bulegoa sortuko ditu Udalak
Halaber, iaz hasitako publifikazioaren bidearekin jarraituko da. “Udal Gobernuaren helburua da ahalik eta zerbitzu gehien eremu publikoan kokatzea, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko eta azpikontratazioa murrizteko”. Iaz administrari berri bat kontratatu eta gero, Idazkaritza saila indartuko da aurten. Modu horretan, Herritarren Arreta Zentroa ahalbideratu, eta etxebizitza bulegoa sortu ahal izango ditu Udalak. Ogasun zinegotziaren arabera, etxebizitza bulegoarekin alokairuaren sustapenean pausu gehiago emango dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean alokairua sustatzeko bide berriak martxan jarriz. Zentzu berean, ofizial-igeltsero bat gehituko dute udal brigadara, “Zumaiako mantentze-lanak indartzeko”.
Azkenik, Zumaiako Udalaren parte hartze eredua diseinatzeko prozesura 18.000 euro bideratuko dira. “Eredu honekin, udalean parte hartzea sustatu eta martxan jartzeko oinarri eta irizpideak zehaztu, eta aurrekontu parte hartzaileen eredua osatuko dugu”.
Aurrekontuak Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu dira. PSE-EE abstenitu egin da, pertsonal arloko gastuaren inguruan eta zuntz optikoaren proiektuaren inguruan kezka duelako. Edonola ere, "garai zailak bizi ditugunez, bere bozkarekin udal jarduna oztopatu nahi ez duela" nabarmendu du.
EAJren ordezkariek ezezko botoa eman dute, "Udalaren norabidearekin kezkatuta daudelako". Halaber, EAJk zuzenketa bat aurkeztu dio Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenari, baina EH Bilduk eta PSE-EEk ezezkoa bozkatuta, ez da aurrera atera.
1,9 euro inbertsioak egiteko
2021ean 1,9 milioi euro bideratuko ditu Zumaiako Udalak inbertsioetara. Iaz baino %12,97 gehiago bideratuko dira inbertsioetara, proiektu estrategikoak finantzatzeko maileguetara joko baitu Udalak.
“Zenbait azpiegitura eta proiektu handi atzeratu egin beharko dira oraingoz, baina horien aurre-lanketan murgilduko gara, herritarrekin batera proiektu horien inguruko hausnarketak eginez”, azaldu du Gajatek. 2021ean zehar, egoera eta aukera finantziarioak aztertuta, bestelako proiektuan aurrera ateratzeko beharrezko ahalegina egingo dute.
Honakoak dira egingo diren inbertsio nagusiak:
-
Hirigintza-azterlanetara 115.000 euro bideratuko dira. Eta honako azterlanak egingo dira: Komentuko lorategia eta Erkibe eraikinaren kanpoko belardia irekitzeko azterlanak, Aita Mari antzokiko eraberritzen lanen azterlana eta Moilaberri eraikinaren azterlana.
-
Bestalde, urjentziaz egin beharreko zenbait lan egingo ditugu: bide publikoak eta auzo bideak hobetuko dira (98.000 euro), Oikiako saneamendu lanak egin (93.000 euro), eta Brankako eta Arroa kaleko larrialdietako etxebizitzak egokitzea (34.000 euro)
-
Halaber, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzen jarraituko du Zumaiako Udalak -96.700 euro bideratuko dira horretara-. Bertan identifikatuko dira Zumaiako hirigintza arloko lehentasun handienak. Era berean, momentu honetan martxan dagoen Irisgarritasun Planean egin beharreko interbentzioak aztertuko dira.
-
Gainera, Zumaiarentzat estrategikoak diren zenbait proiektu gauzatuko direla azaldu dute, mailegu bidez finantzatuko direnak:
-
250.000 euro zuntz optikoaren sare neutroa finantzatzen laguntzeko
-
588.398 euro LED argiteriaren 2. fasea gauzatzeko –1.176.795 euroko aurrekontua du proiektuak, eta dirulaguntza bat jasotzearen araberakoa izango da inbertsioa–.
-
-
Azkenik, Komentukoa ere proiektu estrategikoa izanik, abiapuntu moduan, 2021erako 66.000 euro txertatu ditugu aurrekontuetan. Datorren bi urteetarako ere konpromisozko kreditu bezala jaso dute proiektu hau gauzatzeko beharrezko aurrekontua.
"Egoera ekonomiko egonkorra"
Covid-19ak sortutako pandemia dela-eta, Udalaren diru-sarreretan zein gastuetan aldaketak izan dira.
Udalaren aurrekontu propioan %9,7ko igoera egon bada ere, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “igoera horrek bere horretan, azalpenik gabe, ez digu aurrekontuen argazki osoa eskaintzen”. Izan ere, Covid-19ak sortutako pandemia dela-eta, Udalaren diru-sarreretan zein gastuetan aldaketak izango dira.
Diru-sarreren galera handiena Udala finantzatzeko Foru Funtsetik dator, 2021ean 543.397 euro gutxiago jasoko baititu Zumaiako Udalak Gipuzkoako Foru Funtsetik. Iaz Foru Funtsetik jasotako kopuruan aurrekontu osoaren %52a suposatzen zuen; 2021ean, aurrekontu osoaren %44a suposatuko du. Halaber, udal tasa eta zergak izoztu izanagatik, zerga-bilketan ere jaitsiera izango da -herritarrak ez estutzeko helburuarekin onartu zuen udalbatzak ahobatez zerga eta tasak izoztea-.
Bestalde, Kirol Patronatuari egiten zaion ekarpena handitu beharko du Udalak, egoera dela-eta kuotak jaitsi izanak galera handiak sortu dituelako kiroldegian. Hori estaltzeko 127.752 euro gehiago bideratuko dira bertara. Gainera, oro har Covid-19 krisi sanitarioaren eragina nabarmena izango da hainbat udal zerbitzuren jardunean: garbiketa zerbitzua nabarmen indartu behar izan da, adibidez. Horrek ohiko gastuen igoera bat ekarri du.
Inbertsioak egiteko erabiliko dituzte maileguak, ez Udalaren gastu arruntari aurre egiteko
Hori horrela izanik, Gajateren arabera, inbertsio maila mantentzeko ahalegina egin nahi izan du Udal Gobernuak, eta horretarako txertatu dituzte maileguak aurrekontu proposamenean. Gajatek nabarmendu duenez, inbertsioak egiteko erabiliko dituzte maileguak, eta ez Udalaren gastu arruntari aurre egiteko. Momentu honetan Udalaren zorpetze maila %16koa da, eta aurreikusten diren bi mailegu horiek kontratatzen badira, zorpetze maila %22an kokatuko litzateke. "Ondo dakigun moduan, momentu honetan etenda daude gastu araua eta zorpetze mailari dagokion araua. Zorpetze mailaren arauak %70ean jartzen du muga. Eta beraz, momentu honetan ohiko egoeran ezartzen den muga horretatik urrun gaude", azaldu du.
Azkenik, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela nabarmendu du Gajatek. Aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten irizpide nagusiak honakoak izan dira: “arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioa oinarrituak eta egingarriak izatea”.
EAJren zuzenketa proposamena
EAJren udal taldeak zuzenketa proposamena eraman du osoko bilkurara. Oikiako bidegorriaren proiektua, Algorrin itsasoak ekarritako plastikoak jasotzeko puntu berdea, Estazioan bizikletak uzteko aterpea, Santiagon komun publikoa eta urte osorako kantina jartzeko proiektua, skate parke berria, udal zerbitzuen eta pertsonal beharren azterketa, eta Larretxoko igogailua egitea proposatu du udal taldeak. Gehikuntza horiek egiteko brigadako eta hirigintza saileko langile bana kentzea, UKTri ematen zaion dirulaguntza 30.000 euroan jaistea, kale garbiketara bideratutako 100.000 euro gehigarriak kentzea, komunikazioetarako gastuak ezabatzea eta kreditu globala deustezea proposatu du, besteak beste.
Iñaki Ostolazak, Udal Gobernuaren izenean, aurkeztutako proposamenetako batzuekin lanean daudela, eta beste batzuek martxan jartzeko borondatea dutela azaldu du. Edonola ere, proiektu horiek gauzatzeko proposatutako murrizketekin "erabat desados" agertu da. EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu dutenez, EAJren zuzenketa proposamena ez da aurrera atera.
Bestalde, EAJren udal taldearen izenean, Udalaren egoera ekonomikoarekin eta hartutako bideekin kezkatuta agertu da Iker Mardaras zinegotzia, bereziki pertsonal arloan egiten den gastuagatik. Halaber, Oier Korta EAJko bozeramaileak zuntz optikoaren proiektuaren inguruan informazio nahikoa ez dutela salatu du.
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20
- Asteazken honetan izango da Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuko bigarren leheneste saioa 2022/05/30
- Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak egiteko azken egunak 2022/03/29
Hirigintza
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Ardantzabideko igogailua ez da erabilgarri egongo ostegunean eta ostiralean 2024/11/19
ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27