Zuntz Optikoa Zumaia sarea herrigune osora iritsi da
Tokiko operadoreen bidez kalitatezko internet konexioa eskainiko du ZOZ sareak. Gainera, herritarrek hileroko fakturan aurreztu ahal izango dute, proiektuari dohaintza eginda.
Zuntz Optikoa Zumaia (ZOZ) sareak Zumaiako herrigune osoa hartu du dagoeneko. Hala jakinarazi dute proiektuaren parte diren alde guztiek egindako agerraldian. Saregileen plazan elkartu dira, eta “guztion sarera” batzeko deia egin diete zumaiarrei.
ZOZ sareak belaunaldi berriko zuntz optikoko internet konexioa ekarri du Zumaiara, eta sare hori hala nahi duten etxebizitza, saltoki, erakunde eta enpresa guztietara iritsiko da. Jada 160 etxe eta establezimendutan kontratatu dute ZOZ sarea, eta lehenengo dohaintzak egiten hasita daude zumaiarrak.
Herrigune ia osora iritsi da dagoeneko, Axular ibiltoki inguruko eta Jadarre auzoko konexioak egiteko azken lanak bukatzearen faltan (gune horietako bizilagunek ere alta martxan jartzeko prozedura abiatu dezakete jada). Gainera, uztailaren amaieran iritsiko da Narrondo eta Artadira, eta iraila hasieran Oikiara. Azkenik, irailetik aurrera herriko industriagunetako enpresa guztien sarera lotzeko aukera izango dute.
Horrenbestez, zumaiar gehienek ZOZ sareko internet konexioa izateko aukera dute dagoeneko. Horretarako, ZOZ sarearen baitako operadore bat aukeratu eta kontratua sinatu beharko dute, gainontzeko operadoreekin egiten den moduan. Gaur gaurkoz, lau operadorek eskaintzen dute zerbitzua, eta herritarrek horien artean nahi dutena aukeratu beharko dute.
Kontsultatu HEMEN operadoreen eskaintzak
Horrez gain, ordez, herritarrek sarearen partaide izateko aukera daukate, dohaintza bat eginda. Hala, proiektua modu kolektiboan sustengantzeaz gainera, interneteko hileroko fakturan aurreztuko dute. Dohaintza egitea ez da derrigorrezkoa: dohaintzarik egiten ez duenak linea kuota kontzeptua ordainduko du, gainontzeko telekomunikazio operadoreekin egiten den modu berdinean.
Iñaki Ostolaza alkatearen ustetan “herritarrentzako eta Zumaiarentzako onurak dakartza proiektuak, eta tokiko garapen ekonomikoan ere inpaktu positiboa izango du". Gainera, Miguel Angel Irigoyen Guifi.net fundazioko ordezkariaren arabera, “eredu berri bat eskaintzen digu proiektu honek: parte hartzen duten guztiena, komuna, izango da sarea”.
Agerraldian izan dira honakoak: Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea; Miguel Angel Irigoyen eta Libe Etxaniz Guifi.net Fundazioko ordezkariak; Xabier Garmendia (Abaila), Jon Garmendia (Bikotek), Pedro Villanueva (Evel) eta Iñigo Berastegi (Mara-Ekin), ZOZ sarean parte hartzen duten telekomunikazio operadoreetako ordezkariak; eta Olatz Arregi, Arantxa Manterola eta Josu Waliño informatika eta teknologiaren alorrean aritzen diren zumaiarrak.
Informazio gehiago: labur.eus/ZOZ
zoz@guifi.net - 656 511 916
Dohaintza eginda, hileko fakturan aurrezteko aukera
ZOZ sarea hainbat eragileren laguntzarekin garatzen da, besteak beste, herritarren ekarpenarekin. Herritarrek hileko ordainagiritik linea kuota kontzeptua ezabatzeko aukera dute, proiektua finantzatzen lagunduta. Horretarako, Guifi.net fundazioari dohaintza egin beharko diete. Linea kuota kontzeptua ezabatuta, hileko tarifa nabarmen murriztuko da.
Zumaiaren kasuan, 1.200 euroko dohaintza egin beharko dute herritarrek. Dohaintza bat izanik, ordea, 427,50 euro desgrabatuko digu dohaintza egileak; ondorioz, erabiltzailearen benetako kostua 772,50 eurokoa izango da. Dohaintza eginda, 3 urte eta 10 hilabeteko epean amortizatuko du kopurua herritarrak.
Edonola ere, dohaintza egitea ez da derrigorrezkoa. Dohaintzarik egiten ez duten herritarren kasuan, zerbitzuari dagokion kopuruaz gainera 17 euroko linea kuota ordainduko da, gainerako telekomunikazio-konpainietan egiten den moduan.
Dohaintza egin nahi duten herritarrek operadoreetako batekin edo Guifi.net fundazioarekin (zoz@guifi.net e-mailera idatzita edo 656 511 916 telefonora deituta edo Whatsapp mezua bidalita) harremanetan jarri beharko dute, eta haiek emango dizkiete jarraibideak. Internet bidez ere egin daiteke dohaintza, helbide honetan: labur.eus/ZOZdohaintza.
Eredu berri bat
Zumaiako Udalak Guifi·net Fundazioarekin elkarlanean sustatutako ekimena da Zuntz Optikoa Zumaia (ZOZ), udalerri osoan zuntz optikoaren herri sarea hedatuko duena.
Eredu konbentzionaletan, sarearen jabetza operadore bakar baten esku egon ohi da; operadore horrek ustiatzen du sarea, eta hari etekina ateratzen dio. Aldiz, sare mankomunatu bat herri ondasun gisa erabiltzen den azpiegitura bat da. Hori horrela izanik, inork sarearen jabetza eskuratu ez dezan kudeaketa-mekanismo batzuk ditu. Eredu horrekin sare ireki, aske eta neutral bat sortuko da, hainbat operadorek erabiliko dutena, eskaintza handituz. Gainera, jasangarriagoa da, ez baitira azpiegiturak bikoizten.
Guifi·net herritarrek bultzatutako proiektu teknologiko, sozial eta ekonomikoa da, eta telekomunikazio-sare ireki, aske eta neutralak sortzea du helburu, prokomun deituriko eredu batean oinarrituta. Komunitatea eta norbanako eta elkarte ugariren auzolana ditu oinarri.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia
Zerbitzu publikoak
- Osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldeko gaurko mobilizazioarekin bat egiten du Zumaiako Udalak 2024/06/21
- Udaletxea eta kultur etxea itxita egongo dira ekainaren 29an eta 30ean, sanpedroak direla-eta 2023/06/26
- Udako ordutegia Herritarren Arreta Zerbitzuan 2023/06/12
- Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Zumaiako Udalak 2021/12/15
Parte hartzea
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16