Zuntz optikoaren herri sarea izango du Zumaiak
Sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua izango da, eta datozen hilabetetan egingo dira beharrezko lanak. Elkarlanerako hitzarmena sinatu berri duten Guifi·net fundazioa eta Zumaiako Udala dira proiektuaren sustatzaileak.
"Herritarrentzako onurak dakartzan eta tokiko garapen ekonomikoan ere inpaktu positiboa izango duen proiektua da". Hala adierazi dute Guifi·net fundazioko eta Zumaiako Udaleko ordezkariek.
ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia proiektuaren baitan sortuko den sarea neutroa, irekia, librea eta mankomunatua da. Belaunaldi berriko zuntz optiko ultra-azkarreko sarea izango da, eta sare horretan parte hartzen duen zumaiar oro izango da sarearen jabe. Sare hau herri osora iritsiko da, baita orain arte zuntz optikorik gabe zeuden Oikia, Artadi eta Narrondora ere.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen esanetan, hiru onura nagusi izango ditu proiektuak: herritarrei kalitatezko internet konexioa eskaintzea, zuntz optikoa Zumaiako auzo eta gune guztietara iristea, eta tokiko ekonomia sustatzea. Hain justu, auzo guztietara zabalduko den sare berri honi esker, ohiko operadore handiez gain, tokiko kooperatiba txikiek eskaini ahal izango dute zerbitzua. Miguel Angel Irigoyen Guifi·net fundazioko ordezkariak azaldu du dagoeneko hiru kooperatibak baieztatu dutela Zumaiako sarera atxikituko direla; gehiagok ere eskainiko dutela aurreikusten dute. Horrek guztiak zumaiarrei zerbitzuaren hileroko kostua jaisteko aukera emango die.
Ramon Roca Guifi·net fundazioko lehendakariaren esanetan, Zumaia bezalako herriak halako proiektu batean sartzeak garrantzia handia du -orain artean Katalunian eta Euskal Herrian egin dute lan, eta gehienbat, landa-eremuetan-: "Herritarrek balioan jartzen dute ekonomia zirkularra eta dibertsifikatua izatea, eta ez guztia interes ekonomiko handien gain egotea. Horregatik garrantzitsua da telekomunikazioen eremuan ere halako proiektuak Zumaia bezalako herrietara eta hirietara iristea", azaldu du.
Lanak, zortzi hilabeteko epean
Miguel Angel Irigoyen Guifi·net fundazioko kideak azaldu duenez, herritarrek "zuzenean ikusi eta biziko dute" Zumaiako zuntz optikoaren sarearen hedapena. Zuntz optikoa hedatzeko lanak sektoreka egingo dituzte, ondobidean, zortzi hilabeteko epean. Datorren hastean bertan hasiko dituzte lanak, Paolbidetik. Azaroa bukaerarako Paolbidean eta Alde Zaharrean zuntz optikoaren herri sarea erabili ahal izango da.
"Datozen hilabeteotan informazio gehiago jasoko dute herritarrek, baita ekitaldi birtualetarako gonbidapenak eta Zumaiako zuntz optikoaren sareko operadoreen zerbitzu-eskaintzak ere. Gainera, sarearen instalatzaileak ikusiko dituzte kaleetan", azaldu du. Unean-unean emango zaie instalazio lanen inguruko informazioa eremu bakoitzeko biztanle guztiei, zuzenean edo bizilagunen komunitateen bidez.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
Auzoak
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
- Hastear dira Oikiako Mantzizidorko zubiaren inguruko bidea asfaltatzeko lanak 2024/10/28
- Zabalik dago trenzubiaren azpiko pasabidea 2024/10/16
- San Jose kaleko berrurbanizazio lanak amaituta 2024/07/03
ZOZ
Tokiko garapena
- Eguteraren inguruko informazio saio irekia, astearte honetan Aita Mari zineman 2024/03/11
- Ostegun honetan zabalduko dute Hogarreko elkarlan gunea 2023/10/31
- Merkataritza arloko diagnostikoa aurkezteko saioa izango da ekainaren 28an 2023/06/22
- Baratzeak erabiltzeko esleipendunen behin betiko zerrenda eta itxarote zerrenda argitaratu dira 2023/04/20