Gizarte zerbitzuek artatutako pertsonen botiken erabilera hobetzeko programa garatuko dute Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak

2023/02/14

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileei eta gizarte zerbitzuek artatutako pertsonei zuzendutako programa da, eta helburuak dira botikak hartzen dituztenek horiek nola erabili irakastea, edota medikuak agindu moduan hartzen laguntzea, besteak beste. Bi erakundeek "Zumaiako pertsonen bizi-maila eta beharrezko arreta-mailak hobetzearen eta handitzearen alde" egin nahi dute lan.

Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak hitzarmena sinatu berri dute, gizarte zerbitzuek artatutako pertsonen botiken erabilera optimizatzeko eta hobetzeko helburuarekin. Hori horrela, programa bat jarriko dute martxan, honako helburu zehatz hauekin:

  • Botikak hartzen dituztenek beren botikak ezagutu eta hauek nola erabili irakastea.

  • Errezetatutako botikak medikuak agindu moduan jasotzen laguntzea.

  • Tratamenduarekiko atxikipena hobetzen laguntzea (tratamenduaren betetzea)

  • Botikekin zerikusia duten arazoak identifikatzea (adibidez, bikoiztea edota huts egitea, eta botikek eragin ditzaketen ondorio txarrak prebenitu edo saihestea)

  • Etxez etxeko laguntzaileei edota zaintzaileei beren lana erraztea, botikak eskuratu, mantendu eta emateari dagokionez.

Programa honen onuradun honakoak izango dira:

  • Beren etxean bizi eta etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenak
  • Familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomiko bat jasotzen duten pertsonak
  • Udal gizarte zerbitzuetako profesionalak haien hauskortasun eta zaurgarritasun egoeragatik zehazten duten herritarrak
  • Bestelako arrazoiengatik gizarte-harrerako zentroetan dauden eta beren ezaugarri sozio-sanitarioengatik zehaztutako pertsonak

Programan parte hartzea borondatezkoa da, baina aurrez aipautako baldintzak betetzen dituztela justifikatu beharko da. Horretarako, gizarte zerbitzuetara jo beharko dute erabiltzaileek edo haien familia-kideek.

Bizi baldintzak hobetzea xede

Hitzarmenaren xedea da "Zumaiako pertsonen bizi-baldintzak eta beharrezko arreta-mailak hobetzearen eta handitzearen alde" lan egitea. Erronka handi horrek egunerokotasunean eragina duten praktikak behar dituela ulertuta jarriko dute martxan programa.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arautzen duen Legeak (12/2008 Legea) zehazten duenez, gizarte zerbitzuak arreta-sare publiko batean antolatzen dira; erantzukizun publikokoa da; eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzearen, autonomiaren eta ongizatearen alde egitea du xede. Helburu horiek garatzeko, aurreikusitako, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu nahi du xede hori, pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.