Duela 60 urte Paoleko barran gertatutako istripua gogoan hartuko du Zumaiak
1960ko azaroaren 15ean gazte talde bat eraman zuen itsasoak, eta gertaera oroitzeko egitasmoa jarri du martxan Udalak. Mosaikoa zaharberritzeaz gain, plaka berri bat jarri da Parolbidean, eta igande honetan, 'Azaroak 15, itsasoak utzia' dokumentala estreinatuko da.
1960ko azaroaren 15ean gazte talde bat eraman zuen itsasoak, Begoña zamaontzia brankatik nola ateratzen zen begira ari ziren bitartean. Olatu handi batek kai muturra jo eta zazpi ikasle eraman zituen, eta horietako bakarra salbatu ahal izan zuten. 12 eta 15 urte bitartean zituzten guztiek, eta ordu horretan klaserik ez zutela aprobetxatuta gerturatu ziren Begoña barkuaren ikuskizuna ikustera. Gertaera tragiko haren ostean, hainbat herritarren Junta de Salvamento 15 de noviembre sortu zuten, ondoren Gurutze Gorrian sartu zena.
60. urteurrenaren harira, agerraldia egin dute gaur goizean oroimen ekitaldiak aurkezteko. Iñaki Ostolaza alkatea, Marina Bidasoro zinegotzia, Rakel Nacenta zaharberritzailea eta Bittor Zubizarretak azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak.
Argazki galeria albistearen bukaeran
Hainbat herritarrekin elkarlanean, gertatutako oroitzeko egitasmoa antolatu du Udalak. Parolbideko mosaikoa zaharberrizen ari da beste behin Rakel Nacenta zumaiarra, eta plaka berri bat ere jarri dute, istripuan hildako gaztetxoen izen guztiekin eta garai hartan Baserri bertsolariak egindako kopletako batekin. Halaber, dokumental bat egin du Udalak gertaeren lekukotza jasotzeko. Igande honetan, azaroaren 15ean, 'Azaroak 15, itsasoak eramana' dokumentala estreinatuko da Aita Mari zinean.
Iñaki Ostolaza alkateak azaldu duenez, halako ekimenekin, herriko gertaeren oroimena sustatu nahi dute. “Gertaera gertutik bizi zutenek bizi-bizirik dituzte oroitzapenak, baina horrez gain, garrantzitsua da belaunaldi berriek ere herrian jazotako gertakizunen berri izatea. Gainera, halako egitasmoek, garai bateko Zumaia ezagutu eta ulertzeko aukera eskaintzen dute”, adierazi du Ostolazak.
‘Azaroak 15, itsasoak utzia’ dokumentala
1960ko azaroaren 15ean gertatutakoa dokumentatzeko ikus-entzunezko bat ere egin du Zumaiako Udalak. Dokumentalean Bittor Zubizarreta, Javier Carballo, Rudy Holke, Jesus Mari Arano, Iñaki Zorita, Natividad Urbieta eta Ixiar eta Francisca Martija elkarrizketatu dituzte, gertaera horren sortu zizkien bizipenen inguruan. Gertaeraren ostean sortutako Junta de Salvamento 15 de noviembre salbementu-taldearen inguruan ere hitz egin dute dokumentalean, eta garai hartako Zumaia gertutik ezagutzeko aukera ematen du.
Dokumentala Iñaki Agirrezabalaga zumaiarrak zuzendu du, eta Olatz Ovejero izan du zuzendari laguntzaile laneatan. Imanol Azkuek egin du gidoia, eta Kandido Urangak jarri dio ahotsa narrazioari. Argazki zuzendaria Iñaki Agirrezabalaga bera izan da, ilustrazioak Sebastian Cruzek egin ditu, eta soinuaren arduraduna Fabio de las Morenas izan da.
‘Azaroak 15, itsasoak utzia’ dokumentala igande honetan estreinatuko da, Aita Mari zinean. Ekitaldi itxia izango da, eta bertan izango dira 1960an senide eta lagunak galdu zituzten zumaiarrak.
Bigarren proiekzio bat ere egingo dute azaroaren 22an, eguerdiko 13:00ean; ekitaldirako gonbidapenak azaroaren 17tik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan. Azaroaren 23tik aurrera Baleiken eta Erlo telebistan ikusi ahal izango da.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
Oroimena
- 'Itzalpeko Emakumeak' erakusketa martxoaren 4an irekiko da 2023/02/27
- 1936ko gerran hildako Inazio Lopetegi Oliden oikiarra omentzeko ekitaldia izango da larunbat honetan 2023/02/21
- XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten Zumaiako emakumeen izen bila ari dira, 'Itzalpeko emakumeak' erakusketa osatzeko 2022/10/18
- 1937an frankistek kanporatutako herritarren omenez jarritako monolitoa eraberrituko dute 2022/06/17
Kultura
- Hemen da euskararen astea 2024/11/23
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16