Zumaiako hezeguneak ezagutu eta egokitzeko auzolan saioa egingo dute otsailaren 1ean
Goizeko 9:30etik aurrera putzu bat egokitu eta zuhaitzak landatuko dituzte Garbigunearen inguruan. Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze lanen baitan kokatzen da proiektua.
Otsailaren 1ean, larunbatean, putzu natural bat egokitzeko auzolan saioa egingo dute Joxe Mari Korta industrialdean. Garbigunetik gertu izango da saioa, Soroberrieta putzuaren inguruan.
Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze planak, besteak beste, putzu bat sortzea aurreikusten zuen. Erabilera publikoko lursail batean, ur-gezako putzu natural bat sortzen ari dira, iragazgaizteko erabiltzen den geruzarik gabekoa. Putzu hori ur-gezako bizidunentzat erabilgarria izango da.
Lanak aurreratu dituzte dagoeneko, baina ingurua egokitzeko, Zumaiako Udalak herritarrekin elkarlanean auzolan saio bat egingo du datorren larunbatean. Putzuaren egokitze lanak egingo dituzte auzolan saioan, eta gainera, inguruan zuhaitzak landatuko dituzte.
Halako ekimenek ingurumenaren babesean duten eragin positiboa nabarmendu dute udal ordezkari eta teknikariek, eta Zumaiako Udalaren izenean, herritarrei dei egin diete auzolan saioan parte hartzera.
Ingurunea lokaztuta egongo dela kontutan hartuta, arropa egokiarekin bertaratzea gomendatu dute. Auzolan saioa Aranzadi elkarteko kideek gidatuko dute.
Urola Itsasadarraren babesa
Ekimen hau, Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze lanen proiektuaren baitan kokatzen da. Plan honen, besteak beste, honako helburuak ditu: Zumaiako ingurumen kudeaketa ekintzen koordinazioa eta sinergia, Urolako itsasadarrean gako elementu gisa dauden habitatak berreskuratzea, Urolako itsasadarrean putzua sortzea, Bioaniztasuna indartzea eta egonkortzea eta bertako balore naturalei buruzko sentsibilizazio maila handitzea herritarren artean.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Goiko Plazako aldaketen inguruko bilera irekia izango da maiatzaren 8an 2024/05/03
- Kaleko pintura lehiaketak Zumaiako txokoak hartuko ditu maiatzaren 12an 2024/04/23
- Naizen elkarteak haur eta gazte transexualen errealitatea mahaigaineratuko du Zumaian maiatzaren 2an 2024/04/23
- Bi markagailu berri kiroldegiko pistan 2024/04/19
Parte hartzea
- Padel txapelketa mistoa jokatuko da Zumaian maiatzean eta ekainean zehar 2024/04/17
- 'Egin arraunean gurekin!' crowfunding kanpaina martxan, traineru berria erosteko 2024/04/12
- Santelmoetako egitaraua aurkeztu dute herriko elkarteek eta Udalak 2024/03/21
- [BIDEOA] Egin zaitez Egutera energia kooperatibako bazkide! 2024/03/16