24,2 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'Zumaia proiektu berriei begira jartzeko'
Komentua eraberritzeko partidaz gain, energia efizientzia hobetzeko lanak, Mariantongo parke estali berria egitea, Erkiben estalpea eraiki eta ingurua egokitzea, eta, auzoetan hobekuntzak daude inbertsioen artean. Horiez gain, Aita Mari eskolan haurreskola txertatu eta sukalde berria egiteko, eta kiroldegia eraberritzeko proiektuak egitea txertatu dituzte proposamenean.
Zumaiako Udal Gobernuak 24,2 milioi euroko aurrekontu proposamena eramango du abenduaren 1ean egingo den osoko bilkurara. Udalak 23.531.253 euroko aurrekontu propioa izango du, eta Kirol Patronatuak 1.545.600 eurokoa. Iñaki Ostolaza alkateak, Arantxa Gajate ogasun zinegotziak, eta Maider Alberdi berdintasun eta partehartze zinegotziak azaldu dituzte xehetasun guztiak.
Zumaiak inoiz izandako aurrekontu handiena izango da, eta inbertsioen arloan egingo dute igoera handiena: 8,7 milioi euro bideratu nahi dituzte askotariko lanetara (2021ean 2 milioi euro jaso ziren aurrekontuetan, eta 5,5 milioi euro 2022ko aurrekontuetan). Horrenbestez, 2022koarekin alderatuz, %23ko igoera egongo da inbertsioetan. Iñaki Ostolazak azaldu duenez, inbertsioetan Komentuko eraberritzeak eta kale argiteriaren energia efizientzia hobetzeko lanek izango dute pisu handiena, baina aurrerapauso garrantzitsuak egingo dira energiaren arloan, hezkuntza azpiegituretan, kirol azpiegituretan, zein auzoetan.
Azken urtetako ildoari jarraiki, ildo soziala ere indartu dutetela nabarmendu du Maider Alberdi zinegotziak:
-
Gizarte zerbitzuen kasuan, Prebentzio Mahaiaren baitan zaintzaren gaia lantzen hasteko 18.150 euroko partida bat txertatu da. Horrez gain, gizarteratzea lantzeko 20.000 euroko partida berria sortu da; gizarteratzea eta inklusioa herri mailan nola landu daitekeen aztertzeko prozesua abiatuko da horrekin.
-
Berdintasun sailari dagokionez, %10 igo da partida; horren baitan, besteak beste, Emakumeon* Etxea elkartearekin egindako hitzarmenean %80ko igoera egingo dute. Urtebeteko ibilbide oparoa ikusirik, espazioa eta bertan ematen diren zerbitzuak indartu nahi dira.
-
Ekonomia soziala eta kooperatiba sustatzeko ekimenak: 18.150 euro. Iaz ZKOOP proiektuarekin hasitako bideari jarraiki, Hogarrean elkarlangunea martxan jartzeko partida sortu da.
Erkiben estalpea, herritarrek hala erabakita
Aurten berrikuntza bat txertatu dute aurrekontuen osaketa prozesuan. Herritarrek zuzenean parte hartu dute 2023an eta 2024an 500.000 euro zertara bideratu erabakitzeko. 2023an honakoak dira txertatuko diren proiektuak: Paolean igerilekua egiteko azterketa egitea (18.150 euro), eraikin publikoetan eguzki plakak jartzea (75.000 euro), Erkiben estalpea egitea (125.000 euro), eta haur parkeetan hobekuntzak egitea (35.000 euro).
Jakitera eman dutenez, ordea, Erkiben estalpea egiteko proiektua osatzeko asmoa du Udal Gobernuak. Ingurua egokitu eta Beheko Plazarekin bateratzea da asmoa. Horregatik, 125.000 euroko diru-partidari (herritarrek erabakitakoa) beste 350.000 euro gehitu dizkiote; horrela, osotara 500.000 euro erabiliko dira gunea egokitzeko.
Horrekin batera, Erkibe eraikinaren erabileraren inguruko hausnarketan murgilduta daudela zehaztu dute. Udal Gobernuaren asmoa da Erkibe eraikina eraberritu, eta Azpeitiko Elikagunea proiektuaren antzeko proiektua martxan jartzea. Horrekin batera, ostegunetako azoka berpentsatu eta indartu nahi dute. Azkenik, espazioa ekonomia soziala sustatzeko bide izatea nahiko lukete; horregatik, eraikinean elkarlangunea kokatzea ere aztertzen ari dira.
Beste bi erronka potolo: kirol eta hezkuntza arloak
Iñaki Ostolaza alkatearen arabera "etorkizuneko erronkei aurre egiteko" prestatutako aurrekontuak dira. Inbertsio nagusia Komentua eraberritzeari dagokiona da (5 milioi euro), eta kale argiteriaren eta semaforoen energia efizientzia hobetzeko erabiliko dute beste kopuru handi bat (1,17 milioi euro). Alkatearen esanetan Kultur Topagunearen “Zumaiako bizitza kulturalean pauso kualitatibo handi bat” emango da, eta energia efizientziari dagokionez oso garrantzitsua da martxan jarriko den proiektua. Edonola ere, azken urteotan “bestelako arloetan eta ildo estrategikoetan ere burubelarri” aritu dira: energia, elikadura, berdintasuna eta hezkuntza dira horietako batzuk. Kirol arloan eta hezkuntza arloan egin du azpimarra alkateak.
KIROLAK:
-
Kiroldegia eraberritzeko proiektua eta zuzendaritza: 580.000 euro. Iaz aurreproiektua egin ondortik, aurten kiroldegia eraberritzeko proiektuaren idazketa egingo da. Bigarren igerileku bat egiteaz gain, kiroldegia barrutik eta kanpotik eraberritzea da asmoa. Horrekin batera, eraikinaren efizientzia energetikoa nabarmen hobetuko da (kiroldegia da udal eraikinen artean kontsumo handiena duena). 2023an 250.000 euro erabiliko dira proiektua idazteko, eta 2024an 330.000 euro obra zuzendaritza zehazteko.
-
Lubaki kiroldegiko pista konpontzea: 145.200 euro. Aspalditik datorren eskaerei erantzunez, kiroldegiko pista berrituko da. Eskubaloi elkarteak eta eskolek erabiltzen duten espazioa da honakoa.
-
Kirol federatuei ematen zaizkien dirulaguntzetan, eta kirol jarduerak antolatzeko partidak ere igoerak egingo dira.
HEZKUNTZA ETA HERRI HEZITZAILEA:
-
Aita Mari eskolan haurreskola eta sukalde berriak egiteko proiektua: 180.000 euro.
-
Mariantongo parke berria egitea: 240.000 euro. Haurren Kontseiluak egindako eskaerak kontutan hartuta osatu da proiektua, eta 2023an zehar Marianton kalean kokatutako eremuan parke berria egingo da. Beste haur parkeak hobetzeko partidak ere txertatu dira aurrekontuetan: 41.000 euro guztira.
-
Gainera, eskoletan beste hainbat inbertsio egingo dituzte: Sagarbide eraikineko gimnasioko sabaia konponduko da (28.000 euro).
Auzoetan hobekuntzak
-
San Jose kaleko etxebizitzetan igogailuak jarri ahal izateko berrurbanizazio lanak: 556.000 euro.
-
Estazioaren berrurbanizazioa oinezkoak zentroan jarrita: 250.000 euro. Lan horiek lizitatzera atera dira aurten, baina ez da inor aurkeztu. Kopurua berregokitu egin da, eta Udal Gobernuaren asmoa da bizilagunak aspalditik egiten ari diren eskaerak 2023an gauzatu ahal izatea.
-
Juan Belmonte kaleko ur hornidura hobetzea: 396.341 euro.
-
Bestelako hobetzeak bide publikoetan: 225.000 euro (beste urtetan baino 135.000 euro gehiago). Premia gehien duten eremuak asfaltatuko dira 2023an zehar.
-
Larretxoko bigarren igogailua egiteko proiektua idaztea: 44.286 euro. San Telmo kalea eta Larretxo auzunea lotzen dituen igogailua egin ondotik, Itzurunbidean kokatuko den igogailua egiteko lanetan murgilduta dago Udala. Bizilagunekin batera landuko da proposamena, eta 2023an zehar behin betiko proiektua idaztea da asmoa.
Egoera ekonomiko egonkorra
Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azpimarratu du egoera ekonomiko egonkorrean jarraitzen duela Zumaiako Udalak. Gainera, eta "azken urtetan egindako kudeaketa onari esker” dirulaguntza handiak lortu ditu Udalak: Komentua eraberritzeko PIREP programatik (Espainiako Gobernua) 2.778.070 euro eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik 241.935 euro jasoko dira; eta Moilaberrin turismo bulego berria egin eta Algorri interpretazio zentroa berritzeko dirulaguntza ere lortu du. Dirulaguntza horiek ez daude 2023ko aurrekontu proposamenean txertatuta (behin betiko ebazpenak falta direlako); beraz, horiek iristen direnean, ondoren azalduko diren kopuruak "nabarmen hobetuko dira".
Foru Funtsetik 8,2 milioi euro jasoko ditu Zumaiako Udalak, iaz baino gehiago. Arantxa Gajateren esanetan, ordea, kontutan hartu behar da igoera horrek ez duela pertsonal gastu arrunten eta zerbitzuen eguneraketak sortuko duen garestitzea estaltzen.
Aurrekontu proposamenaren defizita 7,3 milioi eurokoa da. Edonola ere, udal gobernuak ez du aurreikusten mailegurik eskatu beharra. Gainera, defizit hori ez da udalaren ohiko jarduera estaltzeko erabiliko, 2023an egingo diren obrak finantzatzeko baizik.
Udal barruko egoera txukuntzeak igoera ekarri du hainbat arlotan: iraungitako esleipenen eguneratzeak gastuen igoera bat ekarri du, adibidez. Bestalde, aurreko urtetako ildoari jarraiki, eta udal zerbitzuak hobetzeko asmoz, pertsonala indartzen jarraituko da: brigadarako langile berri bat kontratatzeaz gain, kultura arloan administrari berri bat kontratatuko da urte osorako, eta beste bat uda sasoian errefortzu moduan. Kultura Sailak duen lan kargari erantzungo zaio horrela.
Azkenik, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela nabarmendu du Gajatek. Aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten irizpide nagusiak honakoak izan dira: “anbizio handikoak, baina arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak, zuhurtasun printzipioan oinarrituak eta egingarriak”.
Albiste erlazionatuak
Ogasuna
- %3ko igoera udal tasa eta zergetan, 'zerbitzu publikoak kalitatez ematen jarraitzeko, eta udalaren inbertsio gaitasuna mantentzeko’ 2024/09/30
- Aurten ere egin errenta aitorpena euskaraz 2024/04/02
- Udal zergen eta tasen hobariak eskatzeko epea zabalik, urtarrilaren 31ra arte 2024/01/11
- 'Eskura' udal aldizkariaren azken alea webgunean ere irakurgai 2024/01/11
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Hirigintza
- Ardantzabideko igogailua ez da erabilgarri egongo ostegunean eta ostiralean 2024/11/19
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
- Estazio kalean (biribilgunea eta tren estazioaren arteko errepidean) obrak egingo dituzte gaur gauean, eta trafikoa motelduta egongo da 2024/11/05
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29