Euskara ikastaroa zaintzaileentzat

2023/03/07

Iaz bezalaxe, adinekoak zaintzen aritzen diren langileentzat euskara ikastaro bat antolatu du Zumaiako Udalak, Eulen enpresarekin eta Malen Etxearekin elkarlanean. Helburua da oinarrizko ulermena lantzea eta esaldi erabilienak ikastea, zaindutako pertsonekin gertuko harremanak lantzeko.

Euskara Zerbitzuak eta Gizarte Zerbitzuek elkarrekin antolatu dute ikastaroa; 20 ordukoa izango da, eta larunbat goizetan Hogarreko 2. solairuan emango da, martxoaren 18an hasi eta maiatzaren amaiera bitartean. Aurten ere Banaiz Bagara elkarteko Pako Aristi arituko da irakasle.

Ikastaroa doakoa da, eta denentzat tokirik ez badago, lana Zumaian egiten duten zaintzaileak lehenetsiko dira. Izena emateko Euskara Zerbitzura deitu behar da (943865025-616) edota euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzi.