Bi markagailu berri kiroldegiko pistan

2024/04/19

Zumaiako Udalak 11.000 euro erabili ditu markagailu berriak erosi eta jartzeko. Futbol zelaian, itsas kiroldegian eta bestelako kirol instalazioetan ere hobekuntza gehiago egingo ditu hurrengo astetan.

Kiroldegiko pistak bi markagailu berri izango ditu aurrerantzean, pistaren albo banatan kokatuta. Momentuz pistaren erdialdean dagoen markagailu zaharra ere bertan mantenduko dute, jokalariak kokapen berrira ohitu bitartean.

Pulpo eskubaloi taldearekin batera adostu du Zumaiako Udalak honakoen kokapena: markagailu zaharra harmailetatik ondo ikusten den arren, jokalariek honakoa ikusteko zailtasunak zituzten partidak jokatu bitartean eta aulkietan egon bitartean; horiek horrela, eskubaloi elkartearekin batera adostuta, pistaren albo banatan markagailu bana jartzea erabaki dute. Gainera, jakinarazi dutenez, pistako markagailu berrietan, bi minutuz kaleratuak diren jokalariek kanpoan zenbat denbora daramaten ikusi ahal izango da. Zumaiako Udalak 11.000 euro erabili ditu markagailu berriak erosi eta jartzeko.

    Kirol instalazioetan hobekuntza gehiago

    Hurrengo astetan kirol instalazioetan bestelako hobekuntzak ere egingo ditu Zumaiako Udalak. Guztira 63.920 euro erabiliko dira lan horiek egiteko.
    Honakoak dira egingo diren hobekuntzak:
    • Futbol zelaiko argiteria berritzea (53.500 euro): 2000. urtean jarritako argiteria zaharkitutta gelditu da, eta LED sistemara aldatuko dituzte orain. Gainera, domotikoki maneiatu daitekeen sistema ezarriko da. Hasiera batean aurrekontua 85.000 eurokoa bazen ere, kopurua 53.000 eurora jaistea lortu da, gerakinerako 35.000 euro utziz.

    • Itsas kiroldegian konponketak (8.993 euro): Arraun Elkartearekin adostuta, Itsas kiroldegian zenbait moldaketa egingo dira. Batetik, erabiltzen ez diren bi ate kenduko dira, eta horien ordez pareta bat eraikiko da. Gainera, segurtasuna bermatzeko, eraiikinaren aldamenean dauden uralitazko lau argi-zulo aldatu egingo dira.

    • Sareak berritzea (1.427 euro): Futbol zelaiko, Sagarbideko pistako eta padel pistetako sareak berrituko dira.

    Ez dira legealdi honetan kirol instalazioetan egingo diren lehenengo hobekuntzak, ordea: futbol zelaiko harmailak konpondu dira euria egiten duenean ikusleak busti ez daitezen; futbolariek kolpe txarrak har ditzaten saihesteko konponketa bat egin da zelai berean; Aitzuri pilotalekuan bi aldagela konpondu dira; eta, Sagarbideko pilotalekuan sarea jarri da kontrakantxan.

    Lan guzti hauekin instalazioak ahalik eta ondoen eta egokien egon daitezen nahi du Zumaiako Udalak, kiroldegia eraberritu bitartean.