Udal Liburutegia egoera berrira egokitzeko lanetan ari dira Zumaiako liburuzainak
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari dagokio EAEko liburutegiak irekitzearen erabakia, eta baimena datorren astean zehar edukitzea aurreikusten dute liburuzainek. Hala, dagoeneko prest dute Zumaiako Udal Liburutegiaren zerbitzuak martxan jartzen hasteko faseka antolatutako protokoloa. Aurreikuspenak betetzen badira, ekainaren amaieran “nolabaiteko normaltasunera” itzuliko da zerbitzua.
Azken asteotan Udal Liburutegia modu seguruan nola ireki irudikatzen eta planifikatzen aritu dira Zumaiako liburuzainak. Adierazi dutenez, COVID-19ak “sorpresaz eta ezjakintasunez beteta atzeman gaitu liburuzainen kolektiboa ere”, eta halako egoerak aurreikusten dituen protokoloen faltan, liburutegiak berriz martxan jartzeko irizpideak zehazten aritu dira.
Eusko Jaurlaritzak liburutegiak berriz irekitzen direnerako protokolo proposamena helarazi berri du, eta datorren astean zehar liburutegia irekitzeko baimena edukitzea aurreikusten dute Zumaiako liburuzainek; “baimena dugun bezain pronto, eta protokoloa jarraituz” liburutegiko zerbitzuak pausoka ematen hasiko direla aurreratu dute, betiere langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuz.
Eusko Jaurlaritzak helarazitako protokoloa eta gomendioak aurrez osatutako planera egokitzen direnez, Zumaiako Udal Liburutegia lau pauso edo fasetan irekitzeko asmoa dutela azaldu dute. Fase bakoitzak 10 eguneko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta aldi bakoitzeko xehetasunak datak gerturatu ahala argituko dituzte (data, ordutegia, desinfekzio neurriak, maskarillen erabilera...).
Fase horietan, erabiltzaileek ezin izango dute fotokopiagailuen edo ordenagailuen erabilerarik egin. Bestalde, prentsa irakurtzeko espazioa ez da erabilgarri egongo egoera normaldu bitartean. Gainera, Haur Liburutegiko erabiltzaileei katalogoa etxean kontsultatzea gomendatu dute liburuzainek, liburutegira mailegua jasotzera bakarrik joateko; haurrek pertsona heldu batekin joan beharko dute liburutegira.
Aurreikuspenak betetzen badira, ekainaren amaieran “nolabaiteko normaltasunera” itzuliko da zerbitzua. Bitarte honetan eLiburutegia plataforma martxan dagoela gogorarazi dute.
Hona hemen Zumaiako Udal Liburutegian aurreikusi dituzten faseak:
1. fasea: Mailegu zerbitzu murriztua
Baimena duten momentutik, eraikinaren desinfekzio lanak egin ostean, mailegu zerbitzu murriztua jarriko dute martxan. Eskaerak telefonoz eta email bidez jasoko dituzte, eta erabiltzaileek hurrengo egunean Alondegiko harrera-lekuan jasoko dituzte liburuak. Liburuak sarreran dagoen buzoian edo horretarako prestatutako kaxetan utzita itzuliko dituzte erabiltzaileek, eta jarraian, liburuak berrogeialdian jarriko dituzte. Lehen fase honetan erabiltzaileen eta langileen arteko kontaktua saihestu nahi dute.
2. fasea: Mailegu zerbitzua, haur eta helduen liburutegiko harrera-mahaietan
Hurrengo fasean, mailegu zerbitzua soilik eskainiko dute, baina eskaerak telefonoz eta emailez ez ezik, liburutegiko harrera-mahaietan ere egin ahal izango dira. Erabiltzaileek ezingo dituzte apalategiak erabili, eta materialaren itzultzeak buzoien eta kaxen bidez egin beharko dira, 1. fasean bezala.
3. fasea: Apalategiak erabiltzeko aukera
Mailegu zerbitzua 2. faseko irizpideen arabera egingo da, baina erabiltzaileek apalategietara joan ahal izango dute, betiere aforo murriztuarekin, eskuak desinfektatuta eta maskarillarekin.
4. fasea: Liburutegiko goiko solairua erabiltzeko aukera
Liburutegiko goiko solairua irekita egongo da, eta erabiltzaileek bertan egon ahal izango dute. Aforoa murriztuko dute, eta erabiltzaileak sakabanatuta egoteko neurriak egongo dira.
Albiste erlazionatuak
Liburutegia
- Liburu aurkezpenak eta ipuin kontaketa, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan 2023/04/21
- Eider Rodriguez eta Alex Gurrutxagaren arteko solasaldia, eta ipuin kontaketa musikatua antolatu dituzte Liburuaren Egunaren bueltan 2022/04/01
- ‘Irakurri matte’ irakurle taldean parte hartzeko izena eman beharko da aurten 2020/09/16
- ‘Normaltasunera’ itzultzen ari da liburutegia, prebentzio neurriak hartuta eta edukiera kontrolatuta 2020/07/02
Covid19
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06
- Aurtengo udan ere betetze maila neurtuko da Zumaiako hondartzetan 2021/06/11