280 proposamen jaso dira Zumaian partaidetzazko aurrekontuen prozesuaren lehen fasean
Proposamenak lehenesteko hiru saio izango dira datozen asteotan: maiatzaren 25ean, ekainaren 1ean eta ekainaren 8an. Zumaiarrek aukeratutako 60 proposamen pasako dira hurrengo fasera.
Zumaiarrek martxoan zehar Partaidetzazko Aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten, 281 guztira. Errepikatuta zeudenak, eta arrazoi desberdinengatik baztertu direnak (udal eskumenekoak ez direlako, aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako...) kenduta, 156 dira herritarren bigarren fase honetan aztertu beharko dituztenak. Dokumentu honetan kontsultatu daitezke horiek guztiak.
Orain, proposamen horiek guztiak lehenestea izango da hurrengo zeregina. Horretarako, leheneste saioak izango dira maiatzak 25, ekainak 1 eta ekainak 8an. Proposamen horiek guztietatik 60 pasako dira hurrengo fasera.
Udal teknikariek proposamenak banan banan aztertu eta egingarriak direnak iragazi ondotik, azken aukeraketa egiteko momentua iritsiko da 2022ko irailean. Herritarrek boto bidez aukeratuko dituzte 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko diren proiektu eta ekimenak.
Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie partaidetzazko aurrekontuen lehenengo fasean parte hartu duten herritar eta eragile guztiei. Modu berean, horiek guztiak eta oraindik parte hartzera animatu ez direnak prozesuaren bigarren faseko saioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu.
Zumaiako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren helburu nagusia da, hurrengo bi urteetara begira, udal aurrekontuetan herritarren inplikazioa lortzea. Zumaiarren parte-hartze eta erabakimena sustatzeko, Udalak haien esku utzi ditu 2023 eta 2024ko aurrekontuetako 500.000 euro (250.000 euro urte bakoitzerako). Herritarrek proposatu eta erabakiko dute zertara bideratu diru kopuru hori.
Leheneste saioak
Aztiker ikerguneko teknikariek jasotako proposamen guztiak aztertu eta txukundu dituzte. Horrekin batera, errepikatuta zeuden proposamenak, eta udal eskumenekoak ez zirenak zein aurrekontua gainditzen zutenak baztertu dituzte. Edonola ere, Maider Alberdi partaidetza zinegotziaren esanetan, Udalak baztertutako proposamen horiek guztiak ere kontutan izango ditu hurrengo aurrekontuak osatzerako momentuan.
Aurrelan horiek eginda, 156 proposamenetatik leheneste ariketa egin beharko dute herritarrek. 60 proposameneko zerrenda osatzea da helburua, eta, horretarako, hiru saio antolatu dituzte. Saio bakoitzean 50 proposamen inguru baloratuko dituzte: horietatik 20 proposamen lehenetsi, eta beste 30 inguru baztertu beharko dituzte.
Nerea Aramendi Aztiker ikerguneko teknikariak azaldu duenez, leheneste ariketa egiteko zenbait irizpide izango dituzte herritarrek. Berme taldeak (ausaz hautatutako zazpi herritarrek, udalean ordezkaritza politikoa duten hiru alderdi politikoetako ordezkari banak eta teknikari batek osatzen du taldea) adostutakoak dira irizpide horiek. Horrenbestez, leheneste saioetan, irizpide horiek oinarri hartuta proposamenak baloratzeko eta lehenesteko aukera izango dute zumaiarrek.
Hurrengo pausoak
Lan saioak bukatzean, jasotako proposamen horiek aztertu eta baloratu egingo dituzte udal teknikariek. Ondoren, irailean zehar herritarrek udal aurrekontuan txertatuko diren proposamenak hautatuko dituzte bozketa bidez.
Azkenik, proiektu bozkatuenen ordenari jarraiki, Zumaiako Udalak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan proiektuak txertatuko ditu 500.000 euroak agortu arte.
Albiste erlazionatuak
Partaidetzazko aurrekontuak
- 500.000 eurorekin zer egin erabaki dute zumaiarrek 2022/10/27
- Gaur da botoa emateko azken eguna 2022/10/14
- Partaidetzazko aurrekontuen inguruko saio irekia egingo da urriaren 4an 2022/09/29
- Partaidetzazko aurrekontuen prozesua iritsi da bozketa fasera: 20 proiekturen artean hiru aukeratu ditzake zumaiar bakoitzak 2022/09/26
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03