Urriaren 5ean izango da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa

2025/03/03

Bi proba antolatuko dira aurten ere: 24 km-koa eta 14-km-koa. Ez da aldaketarik aurreikusten ibilbideetan. Izena emateko epea maiatzaren 17an irekiko da.

Zumaiako Udalak hirugarren aldiz antolatuko du aurten Flysch Trail mendi lasterketa, 2022ra arte lasterketa antolatu zuen elkarteak utzi eta gero. Herriko korrikalari, boluntario eta beste hainbat eragilerekin batera jarraituko du ariketa hori egiten. Urriaren 5ean izango da, igandean. 16. edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko bi urteetan bezala, bi proba izango dira: 24 km-koa, eta 14 km-koa.

Izena emateko epea maiatzaren 17an irekiko da (larunbata), 10:00etan. 650 korrikalarik izango dute aukera ibilbide ikusgarrian korrika egiteko: 400 proba luzean, eta 250 motzean.

> zumaiaflyschtrail.eus

Aurten ere entrenamenduak antolatuko ditu Inda Mendi elkarteko Korrikako taldeak, eta aurrenekoa ekainaren 15an izango da. Ohi bezala, hainbat dortsal zozkatuko dira entrenamenduetan parte hartzen duten emakumezkoen artean, baina aurtengo berrikuntza bat da zozketako irabazleek izena eman eta ordaindu egin beharko dutela lasterketan aritzeko. Zozketa azken-aurreko entrenamenduaren ondoren egingo da. Bosgarren saioa izango da hori, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da bostetik hiru saiotan, gutxienez, parte hartzea.

Berdintasunak aparteko garrantzia dauka, eta bide onetik doa lasterketa. Izan ere, iaz duela bi urte baino emakume gehiago aritu ziren lasterketan. Gero eta gertuago dago benetako berdintasun parekidea lortzea kopuruetan.

Beste pare bat berrikuntza ere badira, eta biak ingurumenaren babesarekin lotutakoak: edalontzirik ez da emango anoaguneetan, eta horregatik ere, korrikalariei eskatuko zaie korrikarako edalontzi bereziak ekartzeko, behin eta berriz erabili daitezkeen horietakoak.

Aldaketa horiek bat egiten dute duela lasterketaren filosofian txertatuta dagoen arlo honekin: ingurumena zaintzea. Beste hirurak ondorengo hauek dira: korrikalaria da protagonista, eta erdigunean haien jarduna jartzen da; kirola egitea sustatu nahi da; eta azkenik, sarietan eta zozketetan, herriko ekoizle eta merkatariak bidelagun izatea lehenesten da.

Boluntarioen beharra

Lasterketa hau aurrera eramateko ezinbestekoak dira boluntarioak. Asko behar izaten dira urtero, eta herritarren erantzuna txalogarria izaten ari da aurreneko ediziotik. Aurten ere beharko dira boluntarioak, eta nola sekula ez diren sobera izaten, herrigintza ariketa honetan parte hartu dutenei deia egiten zaie laguntzeko.

Boluntarioekin batera, ezinbestekoak dira lur jabeak eta baserritarrak ere, Zumaiakoak, Itziarkoak eta Debakoak. Haien lurretatik urtero lasterketa igarotzeko ematen duten laguntza eta egiten duten lana ikusgarria izaten da.