98 neurri eta proiektuen jarraipenerako web orrialdea aurkeztu dizkie Udal Gobernuak herritarrei
Otsailaren 20an aurkeztu dute Gobernuko kideek hurrengo urteetako norabidea zehaztuko duen Gobernu Plana, Alondegian herritarrekin egindako saioan. Iñaki Ostolaza alkateak eta Maider Alberdi zinegotziak gidatu dute saioa, eta 98 neurriez gain, Gobernu Planaren jarraipenerako weba aurkeztu diete herritarrei.
Iñaki Ostolazak abiatu du saioa, eta adierazi du lehen sei hilabeteotan Udal Gobernuaren zeregina “plan konkretu bat” osatzea izan dela, eguneroko lanak eta epe ertain zein luzeko perspektibak albo batean utzi gabe: “hurrengo urteetarako asmo eta helburuak Gobernu Planean bildu ditugu, 98 neurri zehatzetan irudikatuz”.
98 proiektu eta ekimen konkretuk osatzen dute 2019-2023 urteetarako Gobernu Plana. Zumaia “bizitzeko moduko herria” izatea da Udal Gobernuaren helburua, eta zumaiarrekiko duten “konpromisoa” azaldu die herritarrei pasa den ostegunean egindako saioan. Bete asmo dituzten neurrien nondik norakoak azaltzeaz gain, proiektuen jarraipenerako sortutako bizitzekoda.zumaia.eus web orrialdea aurkeztu dute. Ostolazak adierazi duenez, “kontratu moduko bat” sinatu dute herritarrekin, eta garrantzitsutzat jo du herritarrek proiektuak ezagutu ez ezik, hauen gaineko kontrola izatea ere.
“Zumaia bizitzeko da”
Gobernu Plana norabide orokor baten baitan kokatu dutela azaldu du Maider Alberdi zinegotziak. Norabide orokor hori “gobernantza marka batean laburbildu eta irudikatu” dute: “bizitzeko moduko Zumaia nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da neurri eta politika sozialak oinarrian jartzea, Z-ren oinarrian eta kolore gorrian laburbildu dugu hori; horretaz gain, ordea, Zumaia herri bizi eta hezitzailea izateko egingo dugu lan, eta hala irudikatu nahi izan dugu Z letraren goiko aldearekin”.
Alberdiren arabera bi lerro horiek izango dira hurrengo urteetako lanaren bi zutabe nagusia. Gainera, guzti hori “herritarrekin batera, gertutik, parte hartzeari garrantzia emanez eta feminismoa moduko politika transbertsalak aplikatuz egingo dugu; lerro morean jaso dugu ideia hori, irudian guztia zeharkatzen duen lerroan”.
Gobernu Plana herritarren eskura
2019-2023 urteetarako Gobernu Plana herritarren eskura jarri dute web orri honetan. Bertan, Udala gardentasunaren alde egiten ari den lanari jarraiki, datozen urteetako lana gidatuko duten proiektuez gain, horien betetze-maila ikus daiteke.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak 2026/02/19
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29
Parte hartzea
- Udalaren esker mezua Gabonetako ekitaldietan lagundu duten herritar guztiei 2026/01/08
- Bigarren eskuko azoka eta konponketa lantegiak, ostiral honetan Zumaian 2025/10/08
- Udalaren izenean, zorionak eta eskerrik asko Flysch Trail mendi lasterketako kide guztiei 2025/10/07
- [ARGAZKI GALERIA] Komentua bizitzaz bete da urte askoren ondoren 2025/09/18




