Abuztuaren 9an ospatuko da Euskal Jai eguna

2019/08/06
Egitarau zabala prestatu du Zumaiako Udalak abuztuaren bigarren ostiralerako. Prebentzio Mahaiak hasitako lanari jarraituz, gazteen alkohol kontsumoan jarriko du fokua aurten. Berrikuntza moduan, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira sagardo dastaketan.

Baserriko produktuen azokak emango dio hasiera egunari, goizeko 10:00tan. Dultzainak eta trikitilariak arduratuko dira eguna girotzeaz.  12:00tan Kofradian eta 12:30ean Udaletxean, Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendik hartuko dute lekukoa, balkoitik balkoirako bertso saioari ekiteko. Ondoren herri bazkaria izango da Eusebio Gurrutxaga plazan.

Kontsumo arduratsua

Sagardo dastatzea egingo da Beheko plazan 19:00etatik aurrera. Odieta aldean nahiz plazaren hasieran egongo dira sagardoa dastatzeko postuak. Hamar sagardotegik eskainiko dute sagardoa. Edalontzi berriak erabiliko dira aurten. Gipuzkoako Sagardo ekoizleekin lankidetzan erabakitako diseinua dute, eta sagardo edateko aproposak dira. 2 eurotan egongo dira salgai, baina edalontzia itzuli ezkero, euro bat itzuliko zaio erabiltzaileari. Era honetan, azken urteetan plastikoaren inguruan Udalak zuen kezkari helduko zaio, erabilera bakarreko plastikozko edalontziak erabili baitira orain arte.

Prebentzio Mahaia azken hilabeteetan egiten ari den lana baliatuta,  alkoholaren kontsumo arduratsua egiteko deia ere zabaldu nahi du Udalak. Sagardo dastaketa ekoizle ezberdinek egindako produktua ezagutzeko bide da, eta arduraz jokatzea eskatu zaie gazteei nahiz helduei.  “Jokabide egokiak bultzatzea” herritar ororen ardura dela azpimarratu baitu Prebentzio Mahaiak.  

Hona egitarau osoa:

-          10:00etan Baserriko gaien azoka. 3 taila txapalartarien saioa

-          10:30ean Hala Gera taldearen dultzaina doinuak eta Bilboko albokariak.

-          11:00etan Zutrik elkartearen trikiti doinuak

-          12:00etan Kofradian eta 12:30ean udaletxean balkoitik balkoirako bertso saioa: Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendi

-          14:30ean Eusebio Gurrutxaga plazan herri bazkaria. Bazkal ostean, euskal kantak Joxe Mendizabalekin.

-          18:00etan Plaza bertan erromeria: Jagoba eta Maddalen. Horrez gain, Erkibe Kultur elkartearen taloak.

-          18:30ean Amaiako plazan dantzaldia Joxe Mendizabalekin.

-          18:30ean Ustekabe txarangaren kalejira

-          19:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan sagardo dastaketa

-          23:00etan Kofradian erromeria Ezten Giro taldearekin.