Antzerki tailerra eskainiko dute asteartean Olatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perezek

2023/06/24

Antzerki obra bat sortzeko prozesuaren barruan, "Kontakizunekin jolasean" antzerki tailerra izango da astearte honetan (ekainak 27). Tailerra Torreberrin izango da, 18:00etatik 20:00etara.

Tailerra.kontakizun (4).pngOlatz Beobide, Nerea Arriola eta Maitane Perez aktore eta sortzaileak "euskalduntasunaren, erruaren, euskal identitatearen, eta euskal irriaren inguruko" antzezlan obra sortzen ari dira, Udalbiltzak bultzatutako Geuretik Sortuak proiektuaren barruan. Askotariko zumaiarren kontakizunak biltzen ari dira, eta, banakako elkarrizketez gain, taldekako saioak egiten ari dira. Emakumeon* Etxean egin zuten lehenengo saioa, eta Mari kalean bildu ziren beste hainbat herritarrekin joan den astean. Orain, astearte honetan, hilaren 27an, antzerki tailer formatuan egingo dute saioa, 18:00etatik 20:00etara Torreberrin.

Hiru sortzaileek esperientzia handia dute antzerki tailerrak ematen, eta tailer horietan erabiltzen diren jolasak eta dinamikak konfiantzazko espazio eroso bat sortzera zuzenduak egongo dira astearteko saioan. "Dibertitzea eta  elkarrekin  tarte atsegin bat pasatzea" izango da helburua, "kontuak gora eta behera, istorioetan murgilduz eta haiekin gozatuz". 

Sormen egonaldia Zumaian, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan

Hiru sortzaileak Zumaian daude egunotan, sormen egonaldian, eta zumaiarrekin eta bertako elkarteekin biltzen ari dira, haien kontakizunak oinarri hartuta, antzezlan bat sortzeko. Udalbiltzak bultzatutako ekimena da Geuretik Sortuak, eta, beste askoren artean, Zumaiako Udalak ere bultzatzen du dinamika hori, Euskal Herri mailan sormen prozesuak eta lanak sustatzeko.

Prozesu honetan "euskalduntasunari eta erruari buruz" hausnartu nahi dute, "euskal identitatearen eraikuntzan hartzen ditugun edo egokitzen zaizkigun motxila ezberdin guzti horiei buruz". Aldi berean euskal irria ere ezagutu nahi dugu, "geureaz eta gure artean umoreak laguntzen baikaitu korapiloak askatzen". Herrian dauden bitartean "jendearekin elkartu, kontakizunak eta istorioak entzun, sentsazioak bildu, eta herria eta bere pluraltasuna ezagutu" nahi dute.