Ostiralean estreinatuko dute 'Olagarrua' antzezlana
Geuretik Sortuak programaren barruan sortutako 'Olagarrua' antzezlana Aita Mari zineman taularatuko dute lehen aldiz Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola aktore eta sortzaileek. Programa beraren barruan beste bi ekimen ere izango dira aurrerago: komiki erakusketa eta film laburren proiekzioa.
Udalbiltzak sustatuko Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioa emankorra izan da; 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte, tartean Zumaiak. Programaren barruan sortutakoaren uzta ostiralena iritsiko da herrira; Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola aktore eta sortzaileek ondutako Olagarrua antzezlana Zumaian taularatuko dute lehen aldiz, 20:00etan Aita Mari zineman. Sarrerak salgai daude dagoneko, online eta turismo bulegoan; egunean bertan ere erosi ahal izango dira, Aita Mariko leihatilan.
Hiru sortzaileak Zumaian egon ziren ekainean eta uztailean, sormen egonaldian, eta zumaiarrekin eta bertako elkarteekin bildu ziren, haien kontakizunak oinarri hartuta, antzezlana sortzeko. Prozesu honetan "euskalduntasunari eta erruari buruz" hausnartu dute, "euskal identitatearen eraikuntzan hartzen ditugun edo egokitzen zaizkigun motxila ezberdin guzti horiei buruz". Aldi berean euskal irria ere ezagutu nahi dugu, "geureaz eta gure artean umoreak laguntzen baikaitu korapiloak askatzen".
Sinopsia
Errudunak gara? Errugabeak? Zerk egiten gaitu errudun? Edo nork?
Oholtza bat. Olagarro bat. Hiru emakume.
Hiru bihotz erruarekin jolasean, olagarroaren eta gizakien munduak nahastuz, erroak eta erruak korapilatuz, itsas azpian eta lur azpian biziraun nahian. Hiru aktore erruak astindu nahian, olagarroak haren zortzi erroak astintzen dituen moduan.
Obra posible asko obra bakar batean, poetika ezberdinetan mimetizatuko direnak, zuloetan sartuko direnak, barrenaren bidez arnasa ekarriko dutenak eta behar izanez gero, tinta beltza jaurtiko dutenak, bizirauteko.
Oholtza bat. Olagarro bat. Hiru emakume. Eta askoz gehiago.
-
Sortzaileak: Olatz Beobide, Maitane Perez, Nerea Arriola
-
Aktoreak: Olatz Beobide, Maitane Perez, Nerea Arriola
-
Kanpo-begirada: Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga
-
Dramaturgia: Maialen Diaz Urriza
-
Musika: Pascal Gaigne
-
Argi diseinua: Arantza Heredia
-
Espazio eszenikoa: Eva Fernandez
-
Jantzitegia: Natiz Ortiz de Zarate
-
Irudia eta deinua: Iurre Aranburu
-
Teknikariak: Arkaitz Garralda, Anartz Beobide
-
Ekoizpena: Antzerki Aroak eta Ttipia
-
Babesleak: Udalbiltza, Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritza
Komiki erakusketa eta film laburren proiekzioa
Geuretik Sortuak programa barruan beste bi ekimen ere izango dira aurrerago. Martxoaren 27tik apirilaren 8ra Hona Bostekoa! komiki bilduman jasotako lanekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai Zumaiako Oxford aretoan. Mattin, Unai Gaztelumendi Arandia, Enaut Aiartzaguena Bravo, Kote Camacho eta Aritz Ibarra Agirrezabalek egindako lanak ikusi ahal izango dira bertan.
Aurrerago, maiatzaren 16an, film laburren proiekzioa ikusi ahal izango da Aita Mari zineman. Sarreren inguruko xehetasunak eta ordutegiaren berri aurrerago emango du Udalak.
Albiste erlazionatuak
Geuretik Sortuak
Kultura
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27